Haritz LARRAÑAGA
Surfa

Wayne Lynch: Surflari bat esploratu gabeko uretan

Surfaren historian eragin handia izan duen surflari australiarra munduari surf egiteko modu berri bat erakutsi ostean desagertuegin zen Australia hegoaldeko labarrek gordetzen dituzten «esploratu gabeko uretan». Wayne Lynch, kondairazko surflaria.

Ez da lurrean izango, hainbeste denboran «mundutik aparte» bizi eta hala ere munduko surf komunitatean hainbesteko eragina izan duen beste surflaririk. 2013. urtean aurkeztu zuen Patagonia markak “Uncharted Waters” (esploratu gabeko urak), Wayne Lynchen bizia kontatzen duen filma, eta horri esker, belaunaldi berriek surfaren industriak etengabe zabaltzen dituen ohiko mezuez harago, surfaren beste ikuspegi bat ezagutzeko aukera izan zuten.

Inor gutxik espero zuen 70eko hamarkadan munduko surflari esanguratsuena izan zena dokumental batean agertuko zenik, Lynch ez baita publikoan agertzearen zale, baina surflari australiarrak bere esperientzien berri ematea onartu bazuen, «ekarpen positibo bat» egin zezakeela iritzi ziolako izan zen. Bere esanetan, «norbaiti balio izan badio, orduan merezi du».

Oso gazte hasi zen, oso gazte gailendu zen eta oso gazte desagertu zen agertoki publikotik. Ordea, mundu osoko milaka surflarirentzat erreferente bat izan zen surflari australiarrak utzitako aztarnak gaurdaino dirau eta egun oraindik sona handia dute bere inguruko albisteek eta argitaratzen diren elkarrizketek.

Surfa erradikalagoa bilakatu zuten hiru surflari australiarren artean kokatzen Wayne Lynch. Nat Young ohikoa baino taula laburragoekin surf egiten hasi zen 60ko hamarkadan, Simon Andersonek hiru lemako taulak ezagutzera eman zituen 1980. urtean, eta bien artean, belaunaldi bereko beste surflari batek olatu gainean irauli zuen surf egiteko eta olatua irakurtzeko modua 70eko hamarkadan. Hori, Wayne Lynch izan zen.

Lehiaketen presioa

Australia hegoaldean jaio zen Wayne Lynch 1952. urtean, Victoriako eskualdean, eta Lorne hirian hazi zen, Bells Beach eskuin olatu famatutik 30 kilometrora. Hamaika urterekin surf egiten hasi eta hamabi urterekin izen eman zuen lehen aldiz helduentzako txapelketa batean. Itzelezko ikuskizuna eman zuen arren epaileek ez zioten garaipena eman, baina «txapelketako olaturik onena» egin zuela onartzen zuen saria eskaini zioten.

Aitzitik, hurrengo urtean berriz ere helduekin parte hartzea debekatu zioten surflari gazteari eta honek sekulako haserrea eragin zion. Hala ere, junior kategoriako txapelketetan lehiatu ahal izan zen eta 1965ean Victoriako eskualdean egin ziren txapelketa guztiak irabazi zituen.

Wayne Lynch famatu bilakatu zuena, ordea, 1969an argitaratu zen “Evolution” filma izan zen. Sasoi hartan 10 oineko taula handiekin egiten zen surf, baina Paul Witzigen zuzendariak gidatutako filmean 7 oineko taula labur batekin agertzen zen Lynch olatuak menden hartzen. Aldaketa nabarmena zen, gora eta behera egiteko modua, zein aparrera itzultzeko egiten zituen bira bortitzak, ariketa berritzaileak ziren. Horregatik, surfaren historialariek «surf bertikalaren asmatzailea» izan zela esaten dute.

Australian eta munduan zehar lehiatu zen 70eko hamarkada arte. Euskal Herrian ere izan zen, Angeluko Barran egin zen munduko txapelketa batean, eta gainera, txapela irabazi zuen. 1968an izan zen, Europan egiten zen munduko lehen surf txapelketan. Sasoi hartan, Aturri ibaiaren bokalean pilatzen zen hondarrari esker, itzelezko kalitatea eta luzera zuen ezker olatu bat altxatzen zen Angeluko Barran, baina 70eko hamarkadaren hasieran, Angeluko hondartzan zehar eraiki zituzten dikeekin eta Barran egin zituzten lanekin, hondoak erabat aldatu ziren eta ezker olatua pixkanaka desagertu egin zen.

Gauza bera gertatu zen Lynchekin. Irabazi beharreko titulu eta txapelketak irabazi zituen, jada ez zuen ezer gehiago frogatu beharrik, eta desagertu egin zen. Isilik erretiratzea erabaki zuen, ez zuen ospea eta dirua nahi, surf egiten jarraitu nahi zuen, baina pertsona gisa ere hazi nahi zuen eta surfaren industriak zentzu horretan lagundu baino gehiago kalte egiten ziola iritzi zion. Lehiaketen mundu horrek sekulako presioa eragiten baitzion, baina lehen erretiro hura ez zen behin betikoa izan, eten bat izan zen.

Surflari intsumitua

Une erabakigarria izan zen Lynchen bizitzan. Australiak bat egin zuen Vietnamgo gerrarekin eta Lynch erabat kontra zegoenez, derrigorrezko soldadutza egiteari uko egin zion. Ondorioz, bi urtez, ezkutuan, ezkutuko olatuak bilatzen aritu zen, Australia hegoaldeko eremu galduetan, eta Vietnamgo gerra amaitu zenean, berriz jendartean agertu zen.

Bells Beachen egin zen txapelketa batean egin zuen jendaurreko lehen agerpen esanguratsua Lynchek. Geroago, Sydney inguruan ere lehiatu zen, eta horrela, mundu mailako zenbait txapelketa ere egin zituen Australian. 1978an, ordea, 26 urte zituela, behin betirako urruntzea erabaki zuen. Furgoneta batekin Australiako bidexka galduetan barrena desagertu zen.

Munduko surf komunitateak ahaztu ez bazuen ere, hogei urte pasatu ziren Lynch berriz ere agertoki publikoan ikusteko. Andrew Kidman zinemagileak 1997an argitaratu zuen “Litmus” filmean agertu zen Wayne Lynch.

Artean Masters kategoriako zenbait txapelketa egin zituen mundu mailan eta Euskal Herrira ere izan zen. Gogoangarria izan zen, esaterako, Jakue Andikoetxea argazkilariak eta Willy Uribe idazleak “3sesenta” aldizkarian argitaratu zuten erreportajea. 1989ko urrian itsaski handi bat izan zen eta Mundakan mundu osoko surflariak bildu ziren. Haien artean zen Wayne Lynch eta surf aldizkarian argitaratutako argazkien artean olaturik handienetako bat berea zen.

Hamar urte geroago, berriz ere Euskal Herrian zen Lynch, Lafiteneko (Lapurdi) eskuin olatuan egin zen Munduko Masters Txapelketan. Sasoi onean zegoela erakutsi zuen eta zenbait elkarrizketa ere egin zizkioten. Ordutik, txapelketez harago, surfa beste modu batera ikusten eta sentitzen dutenentzat erreferentziazko pertsonaia izan da, eta egun, 68 urterekin, etsenplu izaten jarraitzen du.

Ametsak eta aborigenak

Wayne Lynch Australia hegoaldeko kostaldea ongien ezagutzen duen gizon zurietako bat izango da ziur aski, izan ere, Australiako lurrak bertako aborigenek baino hobeto ezagutu eta ulertzea ezinezkoa da. Lynchek harreman estua du aborigen australiarrekin, haien ohitura eta mundu ikuskera errespetatzen ditu, eta bere ahalen arabera, babesten ere saiatu da.

Gauza jakina da aborigenen kulturan ametsek garrantzia handia dutela, eta hain zuzen ere, Lynchen surf egiteko moduan ere eragin berezia izan zuten ametsek. Inork inoiz ikusi ez zituen ariketak egin aitzin, jada ametsetan ikusi baitzituen Lynchek gero uretan antzeztu zituen ariketak.

Ametsetan ikusitakoa egiten saiatu zen eta hein handi batean lortu zuen, surf egiteko modu berri bat erakutsi baitzuen. Ordea Lynch berak onartzen duenez, berak egiten zuena ez zen zehazki bere irudimenean agertzen zena: «Bitxia da, zeren ametsetan surf egiten ikusten nuen pertsona eskuin surflaria zen, baina niretzat azpimarragarriena zera zen, ez zituela ariketak bata bestearen atzetik egiten, olatu osoan egiten zuen ibilbidea bakarra zen, egiten zuen guztia ariketa bakar batean lotzen zuen, olatu osoa ariketa bat zen».

Ametsetan ikusten zuen eskuin surflariak Lynchek zuen surf egiteko moduan ere eragingo zuen, eskuin olatuetan bizkarka surf egin beharrean, sarri, aldez aldatu eta aurpegiz egiten baitzien aurre olatuei, surflari erregular bat balitz bezala. Taularen zutoinari elkarzut jarrita, bi oinak taularen erdialdean zituela pasatzen zituen olatuaren alde azkarrenak, itzelezko estiloarekin. Surf egiteko modu horrek ikusleak liluratzen zituen, eta egun oraindik liluratzen ditu.