Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Alessandro Zenik muturreko plakei astindua eman die

Eskalatzaile italiarrak, Sain Loup-en (Suitza), «Cryptography» kateatu eta 9b mailako proposamena egin du.

“The slab king” deitzen diote Alesandro Zeniri; hots, plaken erregea. Eta, hein handi batean, egia da. Eskalatzaile italiarrak ibilbide luzea du eskalada estilo horretan, eta bere azken jarduerak hala erakutsi du. Agian, motz geratzen gara, eta gehitu behar dugu estilo horri plus oso garrantzitsua eman diola. Izan ere, duela hiru hilabete Suitzako Saint Loup-en “Crytography” bidea kateatu, eta harentzat 9b maila proposatu du. Zailtasun hori egin ondoren, lasai asko aitor dezakegu plaken munduan zailenetarikoa dela. Edo zailena. Maila horretan soilik plaketako beste bide bat dago: “Diesbelief”. Duela pare bat urte Adam Ondrak sinatutakoa da.

Hitz gutxitan esanda, muturreko proposamen hori (orain aurkeztu du) bi bideren lotura da: “Bain du sang” (8c+/9a) eta “Bimbaluna” (9a+). “Crytography” da, berez, Zenik igo duen marra gogorrena. Aurretik, “Energia cosmica” zuen: 9a+.

Baina italiarraren azken jardun hau kokatu ahal izateko, aipatu behar dugu Sain Loup-ekin oso harreman estua izan duela: «Duela bost urte egin nuen lehen bisita. Nire kide Riccardo Scarianekin joan nintzen; izan ere, ‘Bimbaluna’ probatzen ari zen. Aukera izan nuen ospe handia duen ‘Baing du sang’-en saio batzuk egiteko. Eguraldi txarra izan genuen, eta ezer gutxi egiteko aukera izan nuen. Halere, marra horrek dituen mugimendu bikainek liluratu ninduten. Bi urte beranduago itzuli nintzen».

Joan-etorri horietan bizitako esperientziei esker, Scarian Zeniren maisu berezia bihurtu zen. Eta horrela onartzen du italiarrak berak: «Helduleku oso txikiak dituzten pareta bertikal eta leunetan asko irakatsi dit. Batez ere, mugimendu teknikoetan nola mugitu. Pazientzia izaten ere erakutsi zidan. Eta, jakina, ardurarekin eta sakrifizioarekin nire helburu guztiak betetzeko gai nintzela».

Bi italiar hauek, beraz, Suitzako eskalada eremu horretan xede bana zuten, eta etxetik oso urruti (600 kilometro) bazegoen ere, ez zuten etsi. Adibidez, 2017. urtean hamar bidaia baino gehiago egin zituzten elkarrekin: «Saint Loupera joaten ginen bakoitzean bost egun bide horiek probatzen igarotzen genituen. Nahiz eta hara joatea esfortzu handia zen, uste dut ez genuela inoiz motibazioa galdu. Onartu behar dut ere eskalada eskola hori alderdi oso eder batean kokatuta dagoela; hain zuzen, baso baten erdi-erdian. Eskuarki, goizeko hamarretan hasten ginen eskalatzen. Oso goiz ez; izan ere, ihintza saihestu nahi genuen. Su txiki bat prestatu ondoren, eskalatzen hasten ginen. Tenperatura ez zen 6 gradura heltzen».

Jakina, bidaia horien uzta ederra izan zen oso. 2017. urteko otsailean “Bain du sang” sinatu zuen, eta urte hori amaitzen ari zela, abenduan, “Bimbaluna” patrikara sartu zuen. Azken bide horri dagokionez, esan behar dugu ia hamarraldi bat zeramala igoerarik jaso gabe. Urte bikaina izan zuen italiarrak, plaka teknikoen estilo horretan bi bide sinatu zituelako. Nolabait esatearren, bi jarduera horiek motibatu zuten urte honen hasieran kateatu zuen “Crytography”-ri forma ematera. Hots, helburu gisa hartu zuen.

Mugimenduak

“Bain du sang” eta “Bimbaluna” lotzeko asmo hori martxan jarri zuen: «Azken bide hori kateatu bezain pronto, xedearen nondik norakoak prestatu nituen. Berez, bi marra horien lotura ‘errazago’ bat Fred Nicolek asmatu zuen. 1988. urtea zen, eta ‘Anais et le cannabis’ (8c) deitu zion. Fred-ekin hitz egin eta gero, honako galdera hau egin nion neure buruari: Lotura ‘xume’ hori 8c bada, lotura zailena nolakoa izango ote da? Zirkulu hori ixteko asmoa gustatu zitzaidan».

Une zehatz horretan hasi zen “lasterketa”. Eta, aipatu bezala, emaitza “Crytography” izan da. Muturreko xede horrek, jakina, asko eskatu dio, eta protagonistak berak ere ez daki zenbat ekinaldi egin dituen. Eta berriro diogu: 600 kilometrora zuen.

Bide berriak, goialdean, “Bain du sang”-i sekzio oso gogorra lotzen dio. Lehen zatia 8c izan daiteke; blokeko eskalan: 7c+/8a. Eta “Bimbaluna”-ri, berriz, beste hamar mugimendu gehitzen dizkio, bidearen goialdean daudenak eta marra berriaren giltza direnak. Zeniren ustetan, plaka leun batean 8b zailtasuna izan dezake.

“Crytography”-ri begirako entrenamendu oso espezifikoa egin behar izan du eskalatzaile italiarrak. Hala onartu du: «Taula asko egin nuen, nire hatzak indartu behar bainituen! Horrez gain, Gullich-ek asmatutako plafoian ordu asko sartu nituen. Baina entrenamendu hori eraginkorra izan zedin, nire etxeko paretan bidearen giltzak eskatzen dituen mugimenduak sortu nituen. Bestalde, onartu behar dut malgua naizela. Baina benetan lagundu didana nire aldakaren mugikortasun itzela izan da. Aukera dut pelbisa paretan itsatsita edukitzeko, eta eskalada estilo honetan hori ondo menderatzea oso garrantzitsua da».

Jakin badakigu, izaera horretako muturreko bide bat egiteko baldintza perfektuak ezinbestekoak direla. Zenik dio 0° eta 5° artean neguan jardun zuela eta, hegora begira dagoenez, mendebaldeko haizea egokiena dela.

D egunari dagokionez, italiarrak adierazi du berezia izan zela oso: «Banekien oso eskura nuela, baina ezustean harrapatu ninduen. Gainera, hatz batean min hartuta denbora asko igaro nuen. Osatu ondoren, berriro ekin, eta oso azkar kateatu nuen ‘Cryptography’. Hedabide batzuek diote estilo horretako munduko biderik zailena dela. Nik, behinik behin, ez dut hala aurkezten. Muturreko proposamen bat egiten duzunean, nire kasuan oso zuhurra naiz. Eite guztiak begiratu eta aztertu ondoren, 9b zailtasunekoa dela iruditu zait. Kosta egin zitzaidan proposamen hori egitea, baina ‘Bain du sang’ eta ‘Bimbaluna’ eskalatu ondoren, ez dut uste oker nabilenik. Ea inor ausartzen den probatzera. Eta ez dut esaten eman diodan mailagatik, baizik eta mugimendu bikainak dituelako. Gainera, Fred eta Nicole anaien historian oinarritzen da».