Xabier Ormazabal Bekak eskalada tradizionala saritu du
Urretxuko Udalak antolatutako egitasmoak bigarren ekitaldia izan du. Denera, lau proiektu aurkeztu dira, eta irabazlea Ander Zabalzak aurkeztutakoa izan da. Eskalatzaile nafarraren helburua: Antartikatik gertu dauden hormatzarretan bide berriak zabaltzea da.
Xabier Ormazabal zenak, dagoen lekuan dagoela, garrasi egingo luke: «Ondo da nire oroimenez beka bat antolatzea, baina nik ere gustura parte hartuko nukeen». Ormazabal ezagututa, ziur gaude izaera bereko beste egitasmo batean bere proiektua aurkeztuko lukeela. Erabat ziur. “Terremoto” samarra zen, eta hori argi eta garbi utzi zigun, besteak beste, “Elurretako lehoinabarra” xedea biribildu zuenean. Euskal mendizaletasunaren historian pasarte bat idazteko aukera izan zuen. 2002. eta 2004. urteen artean, hiru espediziotan, urretxuarrak aipatu dugun helburua osatu zuen. Hots, Sobietar Batasuna izandakoan dauden bost zazpimilakoak. Hori egin zuen lehen euskal mendizalea izan zen, gainera.
Baina Ormazabalen ibilbidea bat-batean eten zen. Etorkizun handiko alpinista genuen, baina patuak (hala izendatu badezakegu) urretxuarraren ibilbide labur bezain oparoan eragin zuzena izan zuen. Alabaina, lasai asko aitor dezakegu Ormazabalek arrastoa utzi duela. 2004. urtean, urriaren 13an tontorra egin eta gero Cho Oyutik jaisten ari zela zendu zen gazte urretxuarra. 23 urte zituen. Bere bigarren zortzimilakoa zen; lehena, bi aste lehenago sinatua, Shisha Pangma izan zen.
Gazte honek utzitako arrastoak txalotzeko moduko egitasmo batean isla izan du. Ormazabalen jaioterriko udalak haren oroitzapena bizirik mantentzeko eta mendian bere ibilbidea eredutzat bultzatzeko beka bat antolatu zuen. Bigarren ekitaldia izan du, eta irizpideak zein helburuak oso erakargarriak dira: “Mendizaletasunarekin lotuta dauden maila handiko eta originaltasunezko proiektuak bultzatzea. Eta adar ezberdinak jaso ditzakete: eskalada, alpinismoa, liburuak edo gida edizioak, ikus-entzunezko edizioak, materialen hobetzea...”.
Bide batez, aipatu behar dugu Ormazabal gazte hil zela, eta beka hori gazteei zuzenduta dagoela; hain zuzen ere, 1993. urtetik aurrera jaiotakoak dira onuradunak. Eta aurtengo edizioan, denera lau proiektu aurkeztu dira. Horietako hiru ia-ia “adar” berekoak dira; laugarrenak, aldiz, bestelako izaera du.
Kalitatezkoak
Lau egitasmo horien inguruan eta, oro har, bigarren ekitaldi honek eman duen emaitzari buruz hitz egiteko, bekaren antolatzaile zein bultzatzaile Andoni Ormazabalekin hitzordua egin dugu. Lehenik eta behin, balorazio bat eskatu diogu: «Beldur pixka bat bagenuen; izan ere, aurreko deialdian zortzi proiektu aurkeztu ziren, eta bigarren honetan soilik lau. Uste dut gazteengana iristeko arazo bat dagoela. Komunikazio arazo bat izan daiteke. Horrek kezka sortu digu, baina ziur nago hurrengo egitasmora gazte gehiago batuko direla. Bide batez, azpimarratu nahiko nuke lau xede horiek kalitate handia dutela. Mikel eta Jon Inoriza eta Ander Zabalza goi mailako alpinista eta eskalatzaileak dira. Oro har, proiektu horiek alpinismoarekin lotuta daude, baina gogoratu behar dut bekaren oinarriak ez direla itxiak. Horrekin esan nahi dut ikus-entzunezkoak, liburuak edo kirol eskaladaren inguruko asmoak jasotzen ditugula».
Debagoieneko Eskalatzaileak Taldeak, adibidez, ukitu ezberdina eman dio. Gogoratu behar dugu talde horren helburua kirol eskalada bultzatu eta ezagutaraztea dela. Eta, jakina, irizpide zehatz batzuetan oinarrituta: kideen arteko errespetua, talde lana, naturarekiko errespetua… Eta beka honen bitartez, honakoa hau eskuratu nahi zuten: «Teknifikazio taldekoek lehiaketetan parte hartzen dutenez, bai Euskal Herrian, baita Espainiako Estatuan ere, hauentzat jantzien ekipamendua lortzea da».
Ormazabalek adierazi digu proiektu ederra dela, eta hasieran lekuz kanpo utzi zituela: «Ohartu gara izaera honetako proiektuak kontuan hartu behar ditugula. Ez dira izan behar espedizio batentzat: soilik gazteentzako arropa eskatzen zuten! Gainera, kontuan hartu behar dugu eskalada talde hori Euskal Herrian erreferentea dela».
Jon Inorizak, berriz, eski-alpinismoa eta eskalada uztartzen dituen “paketea” aurkeztu du: «Ordesan, Marbore Dorrean eta Vignemalen bide bana lau egunean eskalatzea. Xedearen bigarren zatian Arriel mendiaren hego aurpegia eskiekin jaistea. Eta biribiltzeko, Cochamon (Txile) marra batzuk eskalatu eta, zergatik ez, bide bat zabaldu». Ormazabalek aipatzen duen bezala, adar ezberdinak nahasten ditu, eta horregatik da berezia.
Haren anaia Mikelek, berriz, “Ertzetik ertzera” izeneko helburua aurkeztu du. Hitz gutxitan, Pirinioetako, Alpeetako eta Himalaiako hiru ertz igotzea zuen xede. Hots, Tendeñerako ertza, Peuterey-ko Supernintegrala eta Chobutseko mendebaldeko ertza. Bekaren antolatzaileak hau dio: «Asmo handiko proiektua da, eta hain gaztea izanik konpromiso horren aldeko apustua egitea uste dut azpimarratzekoa dela. Mikelek erakutsi nahi du bere ibilbidean progresatzeko gai dela, eta guk hori ez dugu zalantzan jartzen».
Laugarren eta azken proiektua Ander Zabalzak aurkeztu du. Eta Oscar Gogorzak, Unai Mendiak eta Mikel Zabalzak osatutako epaimahaiak berau saritzea erabaki du. Ondoko elkarrizketan era zabalean aztertuko dugu “Antartikatik gertu dauden paretetan bide berriak zabaldu” izenburua duen xede hori. Ormazabalen ustetan, azken proiektu honek beste plus bat ere badu: «Eskalada tradizionala bultzatu nahi du, eta bultzatzen du. Eta jarrera hori gazteen artean oso-oso gutxi ikusten da. Horregatik baloratzen da. Originala, estiloa, berria… dena du».