Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Bakardadea

Ez ditu ezarritako arauak bete, eta ez diot azken boladan horren modan jarri diren zelatari eta salatari gisara, bere jarrerak zer pentsatu eman didalako baizik. Bakarrik bizi da eta ez berak hala aukeratu dutelako; bizitzak eta, batez ere, heriotzak egoera horretan jarri dutelako baizik. Adinean aurrera egindako emakume gogor eta gogortua da, kexua ahulezia seinale dela uste duen horietakoa. Hizketaldi luzeak izateko gogotsu beti, baikortasuna transmititu nahi izaten du, baina sumatu dut egunetik egunera bere ezpain ondoari gehiago kostatzen zaiola irri egitea.

Urte mordoxka pilatuak ditu eta teorian behintzat arrisku taldean dago. Bereziki zaindu beharreko horretan. Desobedientzia izan da, ordea, berak zaintzeko hartu duen estrategia eta kalera irten da, horixe zuelako ez gaixotzeko bide bakarra. Bitan da arrisku taldeko, birusaren aurrean eta gero eta zabalduago dagoen bakardade sentimenduaren aurrean ere bai. Etxe ondotik urrundu gabe, bakarrik eta inorekin hitz asko egin gabe ibili beste erremediorik ez du izan, baina tamalez ohitua dago. Etxeratzea barrura eta ingurura begira jartzeko aukera gisa irudikatu duten proposamen asko zabaldu dira egunotan, baina zer egin begirada horrek egoera samurtzen ez badu? Berekoikeriaz aritu da askoren begietara, baina berekoikeria eskala batean jarri beharko banu, hau muga-mugan legoke.

Bera ikusi eta amona etorri zait burura, bizitzako azken urteetan bere burua etxeratu zuen, ez kalera ateratzeko gaitasunik ez zuelako, gogo faltaz ahalmen hura agortu nahi izan zuelako baizik. Baina etxean, nahi zukeen beste ez, baina egunerokoak zituen joan-etorriak eta haien bidez lortzen zuen kalearekin zuzeneko konexioa, eta nolakoa gainera!

Desberdina da itxita egotea eta itxita sentitzea; bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea ere ezin dira parekatu. Kalea asko bota dugu faltan ia guztiok, askatzeko eta bizitza egiteko bitartekorik gabe sentitu garelako; gure inguruan, ordea, badira horretarako eta bederen egunean behin inorekin hitz egiteko beste biderik ez duten pertsonak, kalea bizitza egiteko baino kalea bizitzeko behar dutenak.