Patxi GAZTELUMENDI

Zerocalcare italiarraren «Kobane Calling» komikia, euskaraz

Arrakasta handiko komikilaria da Zerocalcare. Italian eta nazioartean. Eta aspaldi honetan euskaraz ere badaukagu haren lanak irakurtzeko parada. «Hondamuinean» euskaraz argitaratu zuen Farmazia Beltza argitaletxeak, eta «Kobane Calling» plazaratu berri du, hau ere Koldo Izagirrek euskaratua. Komikia irakurtzen hasi eta David Zapirain argitaletxeko kidea eta Koldo Izagirre itzultzailearekin mintzatu gara, Kurdistango borroken lekukotza honi buruz.

Konfinamendu sasoi betean, Zerocalcare komikilariaren bigarren lan bat argitaratu du Farmazia Beltza argitaletxeak. David Zapirain Ereiten kultur zerbitzuko kidea da, eta argitaletxe berezi honen sustatzaile gisa mintzatu da GARA egunkariarekin. Argitalpen berezi hau nolakoa izan den galdetuta, «bageneki!» bota digu. «Italiako argitaletxeak (BAO publishing) ez zuen ulertzen nolatan ‘Kobane Calling’ ez zegoen euskaratua. Egingo genuela uste zuten. Agian ez ginela ausartuko esan, eta egin behar izan dugu, jakina» aitortu du, harrotasunik gabe.

“Hondamuinean” argitaratu zuten aurretik, eta oihartzun handia erdietsi zuen euskal komikizaleen artean. «Arrakastatzat zer hartuko dugu? Interes handia sortu zuen lehen lana euskaratzeak. Bai. Halere, saltzea baino, arrakasta ‘egitea’-n datza», arrazoitu du Farmazia Beltzeko gure “botikarioak”. «Batetik ‘Hondamuinean’ osatzen zuten bi aleen hizkuntza oso berezia zen, jatorrian berezia. Bestetik, ‘Kobane Calling’ bestseller bat delako, mundu mailan bestsellerra. Hauek egin ahal izateko, BAOren eta Zeroren beraren laguntza eta konfiantza izatea, hori ere arrakasta. Beraz, horrelako berdelak euskaraz izatea da arrakasta. Eta hau egin ahal izateko bidean sortu adiskidetasuna edo ezagututako jendea da arrakasta», adierazi du Zapirainek.

Aurreko lanean bezala, orain ere Koldo Izagirre arduratu da euskaratzeaz. Zer moduz moldatu den galdetu eta zera bota digu: «Ongi, italieraz ez daukat ideiarik ere baina David Zapirain eduki dut ondoan, beti erne, laguntzeko. Azken uneraino zaindu du itzulpena. Bestalde, honetan Zerocalcare pausatuago bat ageri zaigu, deskubrituz doan inguruaz arduratuago bere barruko mintasunaz baino. Samurragoa izan da itzultzeko, bolumen handiagokoa izan arren». Eta Zapirain ere Izagirreren lanari buruz aritu zaigu: «Oraingo honetan lan lasaiagoa izan duela uste dugu. Izan ere, ‘Kobane’-n Zero beldurtuta dago, harro dago, jakin-minez dago, kezkatuta dago... baina ez du ‘Hondamuinean’-en duen orbaina. Beraz, hizkuntza ere lasaiagoa da. Argota egon badago, eta esamolde xelebreak, baina orokorrean erronka zen hizkuntza bizia lortzea, autoreak ematen dituen matiz guztiak jasoz hizkera gaurkotuan». «Azkar irensten da, Koldok abiadura eman dio hizkerari», gaineratu du.

Izagirreren ustez Zerocalcareren kontaera «interesgarria da guztiz». «Atzera eta aurrera egiten du, eta barnetik kanpora bezala kanpotik barnera, bere obsesio aberasgarriekin. Niri maitagarria egiten zait» esanez argi uzten du lan honek sortu dion zirrara. «Zerocalcarek bi hizkera erabiltzen ditu. Bata, eman dezagun, kultua. Bestea, lagunartekoa, kale zakarrekoa. Bata eta bestea behar ditu, baina zein bere testuinguruan. Zerocalcare oso zintzoa da jokabidez, ez du inposturarik egiten: irakurleari estandarra, ezezagunei berdin, lagunekin kalekoa. Ez da zikin plantan ibiltzen».

Berdela

Sare sozialetan bolo-bolo dabil orain “berdela” kontzeptua, Izagirrek Zerocalcareren ahotan jarri duen berba. «Ez da ba atzo asmatutako terminoa, nik beti ezagutu dut adiera eta erabilera anitzekoa. Laster pasatuko da, modak izaten dira», bota du Izagirrek.

Komiki honetan Zerocalcareren Kurdistanerako bidaiak kontatzen dira, lehen pertsonan, PKK, YPG eta bestelakoen borrokak ISISen kontra. Eta bertako kontuak eta gatazkak zertxobait gehiago konprenitzeko balio ote dezakeen galdetu diogu Koldo Izagirre idazleari; «Bai horixe», erantzun du berak. «Komiki honek baditu urte batzuk, eta hala ere, bertan ageri diren solasek ezin zehazkiago iragartzen dute amerikarren abandonoa eta Turkiaren erasoa. Interes handiak, Mendebaldea uzkur, PPK terrorista ISISi buru ematen dion bakarra izanik». Onartu du, hala ere, zailtasunak ere eman dizkiola horrek. «Zailtasunak, egia esan, geopolitikaren egonkortasunik ezak eman zidan. Mendebaldeko jator indokumentatua naiz».

Komikilari arrakastatsua da Zerocalcare, Erromako giro alternatiboetan kartelak eta komikiak egiten hasi, eta nazioartean irakurtzen dira orain bere istorioak. «Komikia denda espezializatuetatik atera du», Zapirainen ustez, «edozeinek, askok, irakurtzen dute haren lana. Belaunaldi baten erretratua dela diote. Nire ustez gehiago da. Gizarte osoaren isla, belaunaldi baten begipean». «Arrakasta lortu du ona delako, freskoa delako, zintzotasunez mintzo delako, zer eta nongoa den ezkutatzen ez duelako, eta istorio onak kontatzen dakielako. Xaloa ematen du, baina trapalla handia darama», bukatu du.