Amaia EREÑAGA
BERROGEIALDIRAKO BIDAIAK

Faroe uharteak, hain gertu eta hain urruti

Munduko mapa baten aurrean ipar Atlantikoari begira jarri eta, itsasoaren erdian, Ingalaterra, Islandia eta Norvegiaren artean, Faroe uharteekin egingo duzue topo –«bildotsen uharteak» danieraz, Danimarkakoak baitira uharte hauek–. 18 dira guztira, eta batean salbu, guztietan gizakiak bizi dira. Hegazkinez eta itsasontziz soilik gerturatu daiteke eremu eder eta gogor horietaraino... edo, bestela, berrogeialdia indarrean dagoen bitartean, Faroe uharteetako turismo arloko web orrialdean sartuta.

Ekimen arrakastatsu eta ikusgarria jarri dute martxan; “Urruneko turismoa” izenpean, astero bisitaldi interaktiboak antolatzen dituzte. Hau da, edonork web orrialdean sartuta Faroeko biztanle batek buruan, kasko bati itsatsirik, daraman kamerak grabatutako irudiak ikus ditzake. Ez da bideo-joko bat, baina antz handia du. Izan ere, interaktiboa izanik, erabiltzaileak pantailan agertzen den kurtsore bati esker faroetarra “gidatu” dezake nahieran, aurrera, atzera...

Hasieran, egunean bi bisitaldi eskaintzen zituzten, bata 15.00etan eta bestea 19.00etan (penintsulako ordua). Sekulako arrakasta lortu zuen eta, hamar egunetarako aurreikusitako ekimena luzatu eta astean behin egitea pentsatu zuten. Irteera eta aukera desberdinak dituzte; oinez, txalupan, zaldi gainean edota helikopteroan.