Leire Etxanizek ez du jokatuko Master Cup txapelketaren finalerdia
EPEk, Emakume Pilotarien Elkarteak, jakinarazi duenez, elkarteko kide den Leire Etxaniz pilotari etxebarritarrak ez du parte hartuko Emakume Master Cup txapelketaren binakako finalerdietan. Etxanizek Irantzu Etxebesterekin jokatu behar zuen Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendiren kontra. Finalerdiak martxoaren 14an ziren jokatzekoak berez, baina atzeratu egin behar izan ziren. Orain, antolatzaileek ekainaren amaieran jokatzea proposatu dute, baina EPEren oharrean azaltzen denez, pilotariaren ustez «goizegi da oraindik, pilotariek denbora asko daramate ganoraz entrenatu gabe, eta Master Cupen arabera, bata bestearen atzetik jokatu beharko lirateke semifinala eta finala (ekainaren 26an eta 28an, hurrenez hurren)».
Gaineratzen denez, Etxaniz «familian gertutik bizitzen» ari da covid-19aren eragina, eta horregatik «bere lehentasunak beste batzuk dira, eta koherentziaz jokatzea lehenetsi du».
Oharrean nahiko kritiko ageri da Emakume Pilotarien Elkartea Master Cup lehiaketaren antolatzaileekin. Dioenez, antolatzaileek «ordezkoak bilatu» dituzte, baina kontuan izan behar omen da Etxanizek «data horietan ez zuela jokatuko» esan ziola antolakuntzari, «larrialdia eta horrek ekarri dituen entrenamendu falta kontuan hartuta, baina ez dio txapelketari uko egin».
EPEk «desadostasuna» agertzen du Master Cup txapelketa «pilotarien behar eta nahiei begiratu beharrean bere probetxu eta interes propioak lehenesten ari delako». Oharra oso-osorik NAIZen irakur daiteke.