Adam Ondrak boulderreko bi 8C+ sinatu berri ditu
Sloup izeneko kobazuloan «Brutal Rider» eta «Ledoborec» korapiloen lehen igoerak egin ditu.
Adam Ondra egungo eskalatzaile sasoikoena dela ez du inork zalantzan jartzen. Kirol eskaladan zein hormatzarretan segur aski azken urteotan egin diren jarduera azpimarragarrienek txekiarraren sinadura daramate. Eskaladaren bi adar horietan, beraz, espezialista handia (handiena?) da. Boulderra ere ez du alde batera uzten, baina, oro har, adar horretan ez du denbora gehiegi egiten. Hala ere, argi erakutsi du bloke baten aurrean buru-belarri dagoenean emaitza bikaina lortzen duela.
Eta hori guztia azken asteotan erakutsi du, beste behin. Konfinamendua atzean utzi ondoren, etxe ondoan duen Moravski Kras-en jo eta su jardun du. Oso ondo ezagutzen duen Sloup izeneko kobazuloan, hain zuzen. Bada, joan den maiatzaren amaieran, oso tarte txikian, bi 8c+ sartu ditu patrikan. Lehen igoerak izan direnez, eskalatzaile honek proposamen hauek egin ditu.
Hasteko eta behin, iazko irailean biribildu zuen “Ghost rider”-i mugimendu batzuk gehitu dizkio. Eta horiek guztiak lotu eta askatu ondoren, “Brutal rider” aurkeztu digu. Ondrak hedabideei adierazi dienez, osasun krisi honek boulder gehiago egitera eraman du: «Batez ere, azken urteotan, kirol eskaladan eta lehietan zentratuta egon naiz. Blokean egiten den eskalada, eskuarki, entrenamendu bezala hartzen dut. Egoera berri honekin, etxe ondoan dudan inguru batean jardutea erabaki dut. Hainbat bloke gogor egin eta gero, proiektu bati ekin diot. ‘Brutal rider’ deitu diot, eta 25 mugimendu gogor ditu».
Esan dugun bezala, 8c+ zailtasuneko proposamena egin du, baina Ondrak berak uste du, izaera berezia duenez, beste era bateko maila emateko aukera dagoela: «Muturreko nire azken boulderra duela hamar urte egin nuen. Hots, 8c+ mailakoa. ‘Brutal rider’-ek beste izaera bat du; alegia, oso-oso luzea da. Kirol eskaladako bide baten antza du, baina horizontalean eskalatzen da. Horregatik uste dut marra batekin alderatuta 9b zailtasuna jar daitekeela».
Beste 8c bat
Aipatu dugun bloke horren berri eman eta gero, Ondrak berak beste bat aurkeztu digu. Gainera, egun gutxira. Korapilo luze edo zeharkaldi horiek bere entrenamendurako oso eraginkorrak izaten ari dira. Eta alderdi berean “Ledoborec” sinatu du. Hori ere 8c+ mailakoa.
Azken jardun honen inguruan honakoa adierazi du eskalatzaile txekiarrak: «Aurreko egunetan egin nuen ‘Brutal rider’ bezala, ‘Ledoborec’ ere oso-oso luzea da. Besaurreak txikituta uzten dituen muturreko blokea da. Blokea diot, baina ez nago oso ziur horrela definitu behar dudan. Finean, hainbat korapilo lotu ditut. ‘Blatant’-i (8b) mugimendu batzuk gehitu dizkiot, eta jarraian ‘Iceberg’-en (8c) sarrerara abiatzen zara. Hitz gutxitan esanda, 8b mailako zortzi mugimendu egin behar dira 8c horretara heltzeko. Eta azken horrek beste 18 mugimendu ditu. Kirol eskaladan 9b/+ izan daiteke. Onartu behar dut entrenamendu gisara hartu dudala, eta azpimarratu nahi dut asko gozatu dudala».
Era horretan, Ondrak orain arte egin dituen 8c+ zailtasuneko blokeen “poltsa” handitzen ari da. Boulderreko espezialista batzuek diote ez lukeela arazorik izango maila gorenera (9a) heltzeko. Baina horretarako txipa aldatuko beharko luke. Momentuz, txekiar bloke gogorrenek Ondraren zigilua daramate.