Maddi TXINTXURRETA
GASTEIZ

EH Bildu klima larrialdiari aurre egiteko boz eraginkor bakarra dela dio Oterok

Lakuako Gobernuaren bultzadaz fracking-a izateko arriskuan dagoen Subilla Gasteiz aukeratu zuen Mikel Otero EH Bilduren Arabako zerrendaburuak, ingurumen arloko gaiez hitz egiteko. Adierazi zuenez, «larrialdi klimatikoa datozen urteetako erronkarik nagusienetarikoa» da, eta aldarrikatu zuen bera kide den koalizioa dela erronkari heltzeko «boto jasangarri eraginkor bakarra».

«Hona ekarri gaituzten politika axolagabeak baztertu eta norabidea aldatzeko aukera bakarra ingurumen, klima, energia, lurralde plangintza, azpiegitura, garraio, etxebizitza, industria eta elikadura politiketan eraldaketa handiak egitea delako, betiere justizia soziala eta guztiontzako oinarrizko baliabideak bermatuz. Ezin dugu hutsik egin, ez dago B planetarik eta», esan zuen Arabako zerrendaburuak.

Zentzu horretan, EH Bilduk klima larrialdiaren erronkari aurre egiteko dituen konpromiso nagusiak ezagutarazi zituen, hala nola Klima eta Energia Legea eta “Euskadi Zero Karbono 2040” plana onartzea, 2030. urterako CO2 isuriak erdira murrizteko eta 2040rako karbono neutraltasuna lortzeko; 800 milioi euroko funts publikoa sortzea energia berriztagarriak sustatzeko eta baliabide fosilen desinbertsio plan bat egitea, gas fosila ustiatzeko proiektuak baztertzeko konpromisoa hartuta; Energiaren Euskal Erakundea Energia Berriztagarrien Erakunde bihurtzea, eta bere baitan argindarra komertzializatzeko elkarte publiko bat eratzea; enplegu berdearen aldeko akordioa sustatzea, legealdian gutxienez 10.000 lanpostu zuzen sortzeko; etxebizitzen birgaitze jasangarrirako plan integrala; abiadura handiko trena (AHT) eta hegoaldeko tren-saihesbidea gelditzea eta azpiegitura erraldoien politika berraztertzea; hondakinen lurralde arloko plana egitea eta zabortegi guztiak publifikatzeko prozesua abiatzea; eta fiskalitate iraunkorra bultzatzea, CO2 isuriak zergapetzeko.

Maria Garde eta Unai Fernandez de Betoñorekin batera egindako agerraldian, Oterok esan zuen neurri horiek premiazkoak direla, egungo egoera «benetan kezkagarria» dela nabarmenduta.