Andoni ARABAOLAZA
Protagonista

Andreas Steindlazkar eta arin etxeko xedeerakargarrietan

Alpinista honek Maggiore aintzira eta Monte Rosako Dufour gailurra zortzi orduan lotu ditu. Hots, Suitzako puntu baxuena (193 m) eta garaiena (4.634 m).

Andreas Steindl 31 urteko mendizale osoa da, adar tekniko ezberdinak ondo menderatzen dituen mendizale suitzarra: alpinista, mendi eskiatzailea, mendi gidaria... Azken urteotan, Steindl-en izenak indar handia hartu du hedabideetan. “Fast and light” lema aldarrikatzen du bere jardueretan, eta horietako batzuek harri eta zur utzi gaituzte.

Joan den astean, adibidez, Suitzako puntu baxuena eta garaiena zortzi ordu eta hamaika minutuan lotu zituen; Maggiore aintzira (193 m) eta Monte Rosako Dufour gailurra (4.634 m), hain zuzen. Hitz gutxitan esanda, azkar eta arin.

Jarduera honen eite batzuk argitu ahal izateko, lehenik eta behin esan beharra dago Suitzako aintzira hori eta mendiaren oinarria lotzeko bizikleta erabili zuela; hain zuzen ere, 86,5 kilometroko ibilbidea. Dufour gailurra, berriz, Alpeetako hirugarren garaiena da.

Egin berri duen jardueraren inguruan, alpinista suitzarrak lortutako denborari baino gehiago izandako esperientziari ematen dio garrantzia: «Kronoari begiratzen badiogu, jakin badakit oso denbora ona egin dudala. Pozarren nago errekor berria ezarri dudalako. Baina niretzat inportanteena jarduera horretan bizitako esperientzia izan da. Egun ederra izan zen, eta jarduera ikaragarria. Zalantzarik gabe, asko gozatu nuen, eta, gainera, egunsentiak tontorrean harrapatu ninduen».

Errekorra

Steindlek aipatu duen bezala, xede horretan marka berria ezarri du. Eta lasai asko baiezta dezakegu marka birrindu duela; izan ere, lau ordu eta 46 minutuan hobetu du.

Protagonista suitzarra ez da luze eta zabal aritu egin berri duen jarduera horren inguruan. Datu gutxi batzuk soilik eman ditu: «98 kilometroko eta 4.800 metroko goranzko desnibela dituen ibilbidea egin eta gero, goizeko 7.24an gailurra jo nuen. Oso luzea izan zen gaua, baina burua sendo mantendu nuen. Bero pixka bat egin zuen. Bai, 3.400 metroko mailaraino elurra bigun aurkitu nuen. Ondoren, baldintzak asko hobetu ziren, eta erosoago sentitu nintzen».

Alpinista honen azken jarduera horrek ez du zailtasun tekniko berezirik izan. Baina gogoratu behar dugu egin dituen horietako batzuetan eite horrek baduela indarrik. Iaz, adibidez, François Cazzanelli kidearekin ahoa bete hortz uzten duen beste eskalada arin eta azkar bat sinatu zuen: Mont Blanc-eko Peuterey-ko ertz integrala. Italiako Val Venni-tik irten ziren, ertz luze hori gainditu, Mont Blanc-eko tontorra zapaldu eta irteera puntura heldu ziren. Denera, 15 ordu eta 55 minutu behar izan zituzten.

Modu batera edo bestera esanda, Steindlek Ueli Steck-en lekukoa hartu du. Azkar eta arin mugitzen asko irakatsi ziola aitortu du: «Uelirekin zein Simon Anthamatten-ekin asko ikasi nuen. Ondoren, Kilian Jornet eroak erakutsi zuen azkar eta arin jarduteak ‘mugarik’ ez duela».

Estilo horri buruz honako hau adierazi du: «Arin bazoaz, azkarrago joateko aukera duzu. Eta azkar mugitzen baldin bazara, egun luze batean distantzia handiak egin ditzakezu. Estilo horrek mendiari kirol ikuspuntu bat eskaintzen dio. Alpinismo tradizionalarekin, berriz, paisaia eta askatasuna askoz ere gehiago gozatzen dituzu. Azkar eta arin zoazenean, asko sufritzen duzu. Baina niretzat oso egokia da, besteak besteak, erabat kontzentratuta joan behar duzulako. Ahalegina ere handiagoa da, eta horrekin guztiarekin inguruan duzun guztia ahantzi egiten duzu. Eta emaitza askotan bikaina izaten da».