Ane URKIRI ANSOLA
Donostia
ITSASOA, ARRANTZA ETA ELIKADURA

BIZKAIKO GOLKOKO ESPEZIEEI «SUKALDEAN LEKUA» ZOR DIEGU

Bizkaiko golkoan arrantzatzen den arraina aski da Euskal Herriko biztanle guztien arrain gosea asetzeko. Datu horrek hainbat irakurketa izan ditzake, baina bada ondorio argi bat: euskal herritarrek gero eta arrain fresko gutxiago kontsumitzen dute.

naiz_0719_eg_arrantza_portuak
naiz_0719_eg_arrantza_portuak

Elikadura-burujabetzari bueltaka gabiltzan honetan −covid-19ak ere bistan utzi du horren garrantzia−, «Bizkaiko Golko osoa euskal herritarren elikagai kontsumoa asetzeko eremu naturala dela ulertuz gero, egun baxuran zein alturan arrantzatutakoa aski da Euskal Herriko arrain kontsumotik eratorritako beharrak asetzeko». Gaindegiaren azterketatik ateratako ondorioa da.

Bizkaiko golkoaren hornidura-gaitasuna handia da hainbat espezietan. Hala gertatzen da berdelarekin, bai eta sardina, antxoa, legatz, txitxarro, lupia eta hegaluzearekin ere. Zapo, txipiroi edo urraburuaren kontsumo ohiturarako, ordea, ez da aski.

«Egungo merkatuko joerak, gizarte kontsumista honetakoak, aldatu egin beharko dira, bertako sektoreak merkatuan bere lekua izatea nahi baldin badugu. Ezin dugu jarraitu kanpotik datorrena lehenesten, bitartean bertakoa akabatzen ari baldin bagara».

Gaindegiako koordinatzaile Imanol Esnaolaren hitzak dira. Bizkaiko golkoa emankorra dela nabarmendu du, baina gure elikadura ohiturak ez datozela bat ur hauek eskaintzen duenarekin. Bere ustez, merkatuan urruneko elikagaiak merkeago izateak baldintzatu egiten du gure jateko modua: «Ez daitezke gaur egun bezain eskuragarriak izan, horrek eramaten gaituelako bertako arraina ahaztu eta urrunekoa arrantzatzera, edo bertako flota gutxietsi eta ur handitako flotak gorestea».

Euskal herritarren elikadura ohiturak aldatzen ari direla ondorioztatu du Gaindegiak. 2008tik 2019ra bitartean biztanle bakoitzak urtean 7,4 kiloan gutxitu du arrain kontsumoa. Kilotan, jaitsiera handiena arrain freskoan gertatu da, hamaika urtean lau kiloan murriztu delako honen kontsumoa. Beheranzko joera hori, baina, 2013tik gertatu da. Urte hartan, azken hamaika urteetako arrain kontsumo handiena erregistratu zen. Biztanleko, urtean, 36 kilo kontsumitu zen –19 kilo arrain fresko–; ordutik 10 kiloko jaitsiera izan da, eta jaitsieraren %60 arrain freskoari dagokio. Hala ere, harrapatutako arrain kantitatea azken hamarkadan ez da txikitu, gaur egun 1973an arrantzatzen zenaren erdia arrantzatzen bada ere –tartean jasangarritasunerako ezarritako kuotak daude–. 

Urruneko itsasoetako produktuak ugariak dira Euskal Herriko saltokietan. 2019an itsasoko produktuetan 26.340 tona iritsi ziren Hego Euskal Herrira Amerikatik: besteak beste, Estatu espainoleko Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko datuen arabera, prozesatutako 5.700 tona arrain iritsi ziren AEBetatik; 990 tona krustazeo, Ekuadorretik, eta arrain lehor zein gazitu kopuru esanguratsua, Groenlandiatik (900 tona) eta Kanadatik (560 tona).

 

Freskoen prezioa, gorantz

Elikagai freskoen prezioek, oro har, goranzko joera hartu dute covid-19ak eragindako pandemia garaiotan. Gaindegiak berak aztertutakoaren arabera, arrain freskoa aurtengo maiatzean iazkoan baino %2,1 eta %4,8 garestiago saldu da Hego Euskal Herrian eta Ipar Euskal Herrian, hurrenez hurren. Saltokietan prezioa igo egin den arren, ez da gauza bera gertatu enkantean, eta antxoa sasoian atera zen argitara alde hori. Kiloa euroaren oso azpitik saldu zen enkantean; saltokietan, aldiz, prezio horren boskoitza izatera ere iritsi zen.

«Horrek Mendebaldeko gizartearen paradoxara garamatza; kalitate txarreko edo proteina eskaseko elikagaiak gero eta merkeagoak dira eta diru baliabide gutxirekin dabiltzanak gero eta osasun okerragoa dute», azaldu du Imanol Esnaolak.

«Bizi izan dugu garai bat hazkunde handikoa −industrializazio garaia−, elikaduraren gaineko debaluazioa ezagutu dugu −ahalik eta langile gehien elikatzeko beharragatik−, ez soilik kalitate eskaseko elikagaiak merkatuan ugaritzeari dagokionez edo enkantean ia-ia esklabotzaren pareko prezioetan saltzeari dagokionez, baita nazioarteko merkataritzan elikagaiak punta batetik bestera mugitzeko beharra ekarri duelako ere», kontatu du eta, bat-batean, etorkizun hurbilera begira jarri da Gaindegiako koordinatzailea.

2021era begiratuta, «gainerako arloetan bezala, ikusten dugu elikadura sistema ez dela jasangarria, bide honetatik agortzera doazelako bizitzari eusten dioten aldagai asko». Gero eta zaharragoak diren landaguneak eta arrantza-ontzietako patroien profilak jarri ditu adibide gisa; «bizimodua ateratzeko aukerarik eskaintzen ez dutelako».

Hain zuzen ere, lehen sektoreak herri baten ekonomian duen garrantziaz ohartaraztea da Gaindegiak osatu duen erreportaje sorta horren helburuetako bat: «Menpekotasunaren alderditik, ikusi dugu covid-19 gaitzarekin lehen sektore hauek estrategikoak direla, nahiz eta ez zaien leku hori aitortzen BPGan». Brexita bazetorrela ere sumatzen zuten, datuak biltzeari ekin ziotenean, eta horren eragina ere aztertu nahi omen zuten. Dena dela, elikadura burujabetzari arreta berezia jarri nahi izan diote, elikadura-sistema baliabide estrategiko gisa garrantzitsutzat jotzen dutelako, «elikadura segurtasunagatik eta gure ekonomiak dibertsifikazioa behar duelako, eta lehen sektorea bada horretarako enplegu aukera ematen duen sektore bat», hala nola «lurraldea biziberritu eta ekosistemaren oreka ere zaintzen duelako».

Alde horretatik, ezinbestekoa da Bizkaiko golkoan daukaguna baloratzea. Berdela gutxietsitako arraina izatetik baxurako ontzien biziraupenerako giltzarri bihurtu da. Bizkaiko golkoan urtean 40.450 tona berdel arrantzatzen dira. Inoizko kopuru handiena arrantzatu da azken bosturtekoan.

Sektore honentzat garrantzitsuak diren espezieek «beren lekua berreskuratu behar dute gure sukaldean. Horra hor, daukagun erronka; horrek jartzen du sektorearen emankortasuna bere balio gorenean», nabarmendu du Imanol Esnaolak.

 

Flota txikitzen

«Flota erdira txikitu da, nahiz eta arrantza gaitasuna bikoiztu egin den; arrantza-ontzi gutxiago, arrantzale gutxiago, daude, baina arrantzatutakoaren kopuruak antzekoa izaten jarraiten du». Izan ere, 90eko hamarkadatik hona, gorabehera txiki batzuk tartean, antzekoa izan da urtearteko arrantza (300.000 tona inguru, 1973. urtean arrantzatu zenaren erdia). Gogoratu behar da 1986an Europako arrantza politika bateratuan sartu zela Hego Euskal Herria eta horren ondotik etorri zirela harrapakinen kuotak; batik bat, espezieen iraunkortasunerako ezarri zirenak.

Nolanahi ere, urtetik urtera ontzi kopurua txikitzen ari dela agerikoa da eta afera horri ere heldu nahi izan dio Gaindegiak. 2004tik hona, 113 ontzian gutxitu da artisau arrantza eta baxurako Euskal Herriko flota. Alturako arrantzari dagokionez, Gaindegiak Ondarroan gertaturikoa nabarmentzen du egoera zein den agertzeko: 2009tik 2012ra bitartean alturako hamar itsasontzi galdu zituen portuak.

1995. urtean 65 ontzik zuten Ondarroan egoitza; egun, alturako 17 daude eta Euskal Herriko portu garrantzitsuenetarikoa izaten jarraitzen du, nahiz eta baxurako ontzi bakarra eta artisau-arrantzako zazpi soilik izan. Alturako arrantza ereduari dagokionez, Baiona (31), Bermeo (25) eta Pasaia (2) dira erreferentziazko portuak. Lehen Ondarroan egoitza zuten batzuk Baionara pasatu direla ere azpimarratzen du Gaindegiak −ezin izan dute zifra zehatzik lortu−.

Era berean, azken urteetan gertatu diren salerosketek Kuota Indibidual Transferigarriak (KIT) galtzea ekarri dute euskal portuetan; hau da, gero eta arrantza baimen gutxiago dauka Euskal Herriak. «KITak ontziei esleitutako iraupen mugagabeko arrantza eskubideak dira, eta arrantza kuota horiek estatu bereko (izan Espainia, izan Frantzia) beste toki batean arrantzan aritzeko transferigarriak dira, lurralde jakin bati atxikitako ondarea izan beharrean», azaltzen du labur Gaindegiak.

Kuota Indibidual Transferigarriak (KIT) «Eusko Jaurlaritzak banatu beharko lituzke bertako arrantza sektorean, eta ez luke besteren eskuetan uzteko aukerarik eman behar. Zoritxarrez, ez da horrela. Jabego publikoko ondarea da», aldarrikatu du irmo Esnaolak.

Alde horretatik, Ondarroako portuko egoera aztertzen badugu, 2017an alturako bi ontzi saldu zizkieten Vigo eta Celeiroko armadoreei, “Ur Ondo” eta “Ur Ertza”, eta 2018an Bizkaiko portuan egoitza zuen Irlandako Errepublikako “Lioran” arraste-ontzia saldu zen. Garai hartan, arrantzan espezializatutako “Europa Azul” aldizkariak hiru salerosketa horiek Ondarroako portuarentzat «kolpe latza» izan zirela esan zuen.

 

Itsasoari tratu ona

«Kostaldeko hainbat herri turismo-ikuskizunera bideratutako herri bihurtu dira, arrantza atrakzio turistiko bihurtu delako. Gure iritziz, kostaldeak eduki behar ditu aisialdiko eremuak, ekonomia dibertsifikatu batean; bere ezaugarri endogenoengatik, arrantza ezin daiteke izan soilik oroigarri bat», azaldu du Esnaolak.

Gaindegiaren esanetan, urteak dira Europako arrantza-politikak Euskal Herriko ontzidia txikitzera behartu zuela. 1986. urteaz geroztik Bruselatik iristen hasi ziren irizpideek ondorio argia izan zuten: Hego Euskal Herriko kostaldeko herrietan ordura arte trakzio-sektorea zena berrantolatu beharra, mendeetan errotutako jarduera eta milaka enplegu arriskuan jarriz.

Belaunaldi ordezkapenik ezak eta merkatuko prezio merkeek utzitako mozkin txikiek eragina izan dute artisau-arrantzaren edo baxurako ontzien desagertzean. Dena den, Gaindegiak nabarmentzen du Ipar Euskal Herrian, nola edo hala, irautea lortzen ari direla artisau teknikak erabiltzen dituzten baporeak −erdiek baino gehiagok bertan dute egoitza−. Esnaolak azaldu duenez, Gobernu frantsesak eginiko politiken emaitza da hori eta, beraz, «hegoaldean badago zer egin», jarduerari eusten dioten baxurako ontziak ere gero eta gutxiago baitira. «Diru asko behar da eta, gainera, lan gogorra da. Gaur egun, ez da erraza baxurako arrantzan belaunaldi ordezkapena egotea. Plan estrategiko bat beharko da horri eusteko». 

Gainera, kolpe latzenak jasotzen ari diren bi teknika hauek itsasoari tratu onena ematen diotenak dira eta enpleguaren sorrera «modu intentsiboagoan» egiten dute, esku-lan gehiago behar baitute. Arrantzak, oro har, 3.000 enplegu sortzen ditu Euskal Herrian eta erdiak baino gehiago gertuko arrantzak sortzen ditu. Beste 600 bat lanpostu atunontzi izoztaileek sortuak dira; hauek gehienbat Bermeon dute portua eta Seychelle inguruan aritzen dira arrantzan.

«Hor dagoen auzi nagusia zera da, zer egin behar den itsasoari tratu ona ematen dioten teknika horiek etorkizunean gu gero eta gehiago hornitzen gaituztenak izan daitezen». Zalantzarik gabe, hausnarketarako bidea ematen du galderak.