Errudunak? Ardurei heltzeko tenorea!
Sinonimo gisa erabiltzen ditugu ardura eta errua, neuk ere egiten dut, baina esanahi ezberdinak hartzen dituzte hitzok, erabiltzen diren markoen arabera. Esaterako, errua bekatuarekin eta –beraz– Jainkoaren aginduen urraketarekin lotzen da, ikuspegi batzuetatik: norbaiti kalte egitean lege sakratua hausten dugu eta honek “errudun” bilakatzen gaitu.
Moralitate liberalak eredu horretatik edaten du, besterik sinestarazi nahi badigu ere, eta horregatik maite du hainbeste gaitsezpena. Neoliberalismoaren gakoetako bat da moralizazioa, politikaren ordezko gisa hartzen dena. Gure kasuan, ederki dakigunez, indarkeria politikoa baliatu dutenena da “errua”, eta eraikuntza diskurtsibo hori erabiltzen da agintarien “ardura” politikoak ezkutatzeko, gatazka politikoa bera ukatuz. Horrela, jendarte antagonismoak, egiturazko ezberdintasunak, botere harreman injustuak eta zapalkuntza eta menderakuntzak desagertzen dira gaiztoen eta zintzoen errelatoaren azpian.
Oraingo krisian birusa da gaiztoa eta horregatik egiten diote gerla. Eta gerlaren logikan etsaiaren aurreko etsipena larrutik ordaintzen da. Jeneral batek milaka soldadu bidaltzen ahal ditu Herioren eskuetara bere aulki eroso eta segurutik, baina fusilatuko dute gatazkaren erdian beldurtu eta ihes egiten duena. Horregatik, birusaren kontrako gerlaren logika horren arabera, gazteak daude orain jomugan, etsaiari ateak ireki dizkiotelakoan. Etsai batek diziplinatzen badu, are gehiago etsaiaren aitzin behar bezalako tinkotasuna adierazten ez duena zigortzeak. Gazteak errudunak dira, eta, to!, dagoeneko ez dago arduradunik. Ez diegu erreparatzen pandemia horren kudeaketa kaskarrari edo krisiak erakutsi dizkigun ahulezia ekonomikoei. Nola ahaztu murrizketa neoliberalen efektuak osasungintzan? Hori guzia estaltzen du errudunak behatzaz seinalatzeak!
Badago gauzak bestela egitea. Errudunak bilatu beharrean, hobe ardurei heltzea: honatx gure erronka.