Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surf

Derek Kaleiki Ho: Munduko titulua Hawaiira eraman zuen surflaria

Munduko txapela irabazi zuen lehen hawaiiarra uztailaren 17an hil zen. Azken unera arte jarraitu zuen Pipelineko olatuan surf egiten.

Uztailaren 17an hil zen bihotzekoak jota Derek Ho, munduko titulua eskuratu zuen lehen hawaiiarra. Ho anaien artean gazteena zen Derek, eta, bere anaia Michaelekin batera, 80ko hamarkadako surflari esanguratsuenetako bat izan zen. Egun bere bi iloba, Coco eta Maison Ho, mundu mailako surflari ezagunenen artean dira. Gauzak horrela, Ho familiak kide oso maitatu bat galdu du, eta, aldi berean, surflarien komunitateak ere surfaren historian arrastoa utzi zuen surflariari adio esan dio.

Batez ere Pipelineko olatuetan erakutsi zuen trebetasunagatik egin zen famatu Derek Ho, baina lehiakide aparta ere izan zen, edozein motatako olatuak mendean hartu eta edozein baldintzetara egokitzeko gai baitzen. Alde batetik, 1,65eko altuera eta 56 kilo eskas izan arren, olatu handietan itzelezko maisutasuna zuen. Bestetik, bikain baliatzen zuen olatu txikietarako arina izatea osagai lagungarria dela. Beraz, mota guztietako olatuetan bikain moldatzen zen.

Pasa den astean hil zen Ho, 55 urterekin, eta azken unera arte gozatu zuen surfaz. Iragan den neguan Pipelinen hartu zituen olatuen irudiek erakusten dute oraindik sasoi betean zela. Munduko urautsi arriskutsuenetako bat dena inork gutxik ezagutzen zuen Hok bezala.

Ho anaien artean gazteena zen Derek eta bere anaia Michaelen bidea jarraitzeko erabakia hartu ondoren sartu zen munduko lehiakide hoberenen multzoan. Horrela, 80ko hamarkada amaierako surflari handienen arerio nagusi bilakatu zen. Tom Curren, Tom Carroll, Martin Potter, Mark Occhilupo eta Gary Elkertonekin aritu zen lehia bizian.

Hawaiiko Koroa Hirukoitza lau bider irabazi zuen, 1984an, 1986an, 1988an eta 1990an. Pipeline Masters lehiaketa famatua, berriz, bi bider irabazi zuen, 1986an eta 1993an. Azken horretan, gainera, Pipe Masters txapelketa irabaztearekin batera munduko titulua ere irabazi zuen.

Surfa hawaiiarren kirola izan zen. Hawaiiarrak surfaren oinordeko izan arren, urte asko pasa behar izan ziren hawaiiar batek munduko surf zirkuituko txapela irabazteko. Hawaiiarrek lehiatzen zuten, baina australiarrak, hegoafrikarrak eta estatubatuarrak ziren nagusi munduko surf zirkuituan. Horregatik esaten da Derek Ho izan zela 1993an munduko txapela irabazi eta hawaiiarrei surf munduan zegokien lekua eskaini ziena.

Hondartzan hazitako familia

Derek Kaleiki Ho Hawaiiko Oahu uhartean jaio zen 1964ko irailaren 26an, Kailua hirian. Chico eta Joeine Ho aita-amek oso gaztetatik eramaten zuten Waikiki hondartzara. Hiru urterekin hasi zen surf egiten, Sandy Beach hondartzan, eta nerabezaroan uhartearen hegoaldean ziren urautsi guztiak ezagutu zituen. Eskola baino, nahiago zuen surf egitea. Talentua zuela bistakoa zen, baina arazoak ere izan zituen: eskolako lagun taldeen arteko liskarrengatik eta lapurreta txikiak egiteagatik birritan atxilotu zuen poliziak. Horregatik, 18 urte egindakoan, espetxean amaitzeko arriskuaren aurrean, beste bide bat hautatzea erabaki zuen.

Brian Suratt aitajaunak lagundu zion. Japoniara eraman zuen Marui Open lehiaketan parte hartzeko eta finalerdietara iritsi zen. Horrek indar handia eman zion hautatutako bidean jarraitzeko, eta misio bat ezarri zion bere buruari: «Munduko titulua Hawaiira eramatea».

Top 16an sartzen lehen anaiak

Lehen aldiz munduko itzulia osorik egin zuenean ranking orokorreko lehen 30 lehiakideen artean amaitu zuen eta munduko txapelketa bat ere irabazi zuen gainera. Baldintza guztietan surf egiteko gai zela erakutsi zuen: metro erdiko olatu ahuletan zein lau metroko olatu borobiletan bikain aritu zen Ho.

1985ean rankingeko lehen hamasei lehiakideen artean sartu zen Derek, anaia Michaelekin batera, ondorioz Top 16an sartu ziren lehen anaiak izan ziren. 1989an Martin Potterrekin berebiziko lehia izan zuen eta, azkenean, britainiarra nagusitu zen denboraldi hartan. Ordea, urte horretan Zarautzen izan zen munduko txapelketan kontrakoa gertatu zen. Potter eta Ho buruz buru izan ziren finalean eta hawaiiarra gailendu zen.

Bi urtez jarraian laugarren postuan amaitu zuen ASP munduko zirkuitua eta azkenean, 29 urterekin, munduko txapela irabazi zuen 1993an. ASP zirkuituko azken txapelketan erabaki zen 1993ko titulua nork eskuratuko zuen eta hautagaien artean zazpi surflari ziren: Derek Ho, Kelly Slater gaztea, Damien Hardman, Dave Macaulay, Rob Machado eta Gary Elkerton. Hiru metroko olatu bihurriak izan ziren eta aukerak zituzten lehiakideetatik soilik Derek Ho eta Gary Elkertonek lortu zuten finalerdietara iristea.

Larry Rios hawaiiarrak kanporatu zuen Elkerton eta Ho munduko lehen txapeldun hawaiiarra bilakatu zen. Beste bost urtez aritu zen ASP zirkuituan lehiaketa utzi aitzin. Ordutik ez zion inoiz surf egiteari utzi eta tarteka txapelketaren batean ere lehiatzen zen. Baina, zalantzarik gabe, Pipelinen nabarmentzen zen: olatu handiak zirenean bertan zen. Ia hil arte aritu zen Pipelineko urautsian.