Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Bodyboard

Turistek opor amaieran botatzen dituzten paipoak ingurumen arazo dira

Denda txinatarretan prezio oso apaletan erosten diren paipoak oso hauskorrak eta kutsakorrak dira. Ingalaterran hondartza bakar batean 480 paipo bildu dira.

Ingalaterrako hego-mendebaldean, Croyde hondartzan, 480 paipo bildu zituen iaz Plastic Free North Devon gobernuz kanpoko erakundeak. Urtean zehar hainbat hondartza garbiketa egiten dituzte Devon eskualdean eta, haien kalkuluen arabera, orotara 14.500 paipo botatzen dira urtero Devoneko kostaldean.

Hautsita dagoen plastikozko paipo batek poliestirenozko milaka mikrobola askatzen ditu eta birziklatzeko oso zailak dira. Aipatu elkarteak kuxinak, diru-zorroak eta beste zenbait gauza egiten birziklatzen ditu plastikozko bolatxoak, baina arazoaren tamaina ikusita birziklatzen dena ezer gutxi dela onartzen du elkarteak.

Paipo txinatarrak

Oso merke eros daitezke denda txinatarretan eta saltoki handietan. Hamar euro baino gutxiago balio dute eta turistek opor denboran erabiltzeko soilik erosten dituzte. Kalitate eskaseko xafla hauek poliestirenoko taula bat dute oinarrian eta herrialde asiarretan ekoizten den nylon geruza mehe batekin estaliak daude. Ondorioz, oso hauskorrak dira.

Sarri, Walt Disneyren marrazki bizidunen irudiak edo marrazki koloretsuak izaten dituzte, baina irudi horien atzean, zein arriskutsuak diren ezkutatzen da; ozeanoan kalte handiak eragiten ari dira, milaka baitira mundu osoko hondartzetan botata uzten diren paipoak. Gainera, horiek egiteko erabiltzen diren material batzuk ez dira laborategietan probatu eta osagaien artean pintura eta substantzia toxikoak izan ditzakete.

Alternatiba, kalitatea

Erabilera bakarreko paipoek eragiten duten kalteari irtenbide bat bilatzeko, kalitatezko bodyboardak erabiltzeko deia egiten diete turistei Ingalaterrako hondartzak garbitzeko biltzen diren elkarteek. Hau da, opor sasoi bakoitzerako paipo bat erosi eta bota beharrean, urtero erabili ahalko duten paipo bakar bat erosteko eskatzen diete.

Material zurrunekin egindako kalitatezko bodyboardak surf dendetan aurki daitezke. Batez beste, 50 euro balio duen bodyboard batek bizi iraupen luzea izan dezake eta ez dira puskatzeko errazak.

Bodyboard bat itsasoan sarri ibiltzen ez den edonorentzat baliagarria da, olatuak etzanda hartzeko modu erraza eskaintzen baitu eta, surf taula batek duen material gogorra eta lemak ez dituenez, erorketetan ez da minik hartzen.

Surf taulen kasuan bezala, kalitatezko bodyboardak egiteko produktu kimikoak erabiltzen dira; beraz, itsasoarentzat kaltegarriak dira, baina gatzari eta eguzkiari aurre egiteko prestatzen dituztenez, milaka mikropilota askatzen dituzten paipo ahulek baino askoz ere kalte gutxiago eragiten dute. Edonola ere, egun material biodegradagarriekin ere egiten dira taulak.

Hala ere, gutxien kutsatzen duen materiala egurra da oraindik ere. Ez dago 80ko hamarkadan Euskal Herriko hondartzetan erabiltzen zen zurezko txanperoa bezalakorik. Olatuak etzanda hartzeko balio du, ez du kutsatzen, oso merkea da eta dozenaka urteko iraupena izan dezake.