Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Begirada

Gozoki bat eskuan hartuta bota dit serio-serio: «Ama, hau mutilentzat da?». Agian, estalkiaren koloreak sortu dio duda, agian marrazkiak; edozein kasutan, erantzuna nahi du. Saiatu naiz zalantza argitzen, baina batzuetan ez da erraza bat-batean egindako galdera horiei zentzuz erantzutea, ezta boteprontoan haren ondotik sortzen direnei, eta, zenbaitetan, hanka sartu gabe egoera gainditu eta taxuzkoa eta, aldi berean, ulerterraza den esplikazio pausatuagoa topatzea da errazena, bai behintzat gai batzuekin.

Kontua da, oraindik ez dakiela handiok zein ezaugarriren arabera bereizten ditugun neskak eta mutilak, baina jabetu da existitzen direla eta badaki bera mutila dela. Jaio denetik behin baino gehiagotan entzun behar izan ditu «ondo mutila da» edota «mutil-mutila atera zaizu» bezalako esaldi esan erraz eta aldrebesak eta handik eta hemendik jaso dituen mezuekin batera iltzatu zaizkio.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean egin berri den ikerketa batek agerian jarri du lau urtetik aurrera barneratuak dituztela jada neska-mutilek genero rolak eta batzuei eta besteei ezaugarri desberdinduak egozten dizkietela. Horrek, noski, zuzenean eragiten du haien identitatearen garapenean eta baita etorkizunean izango dituzten aurreiritzi eta bokazioetan.

Ikerketaren emaitzek aurretik egindako beste batzuek ondorioztatutakoa baino ez dute berretsi tamalez eta agerian utzi arlo horretan egiten den lanak ez duela nahi beste fruiturik eman. Neska-mutilek gizonekin lotzen dituzte prestigio eta soldata handienak dituzten lanbideak eta emakumeekin, berriz, ezaugarri horiek ez dituztenak eta zaintzarekin lotuagoak.

Adituen arabera, behar beharrezkoa da, noski, haurrei bideratzen zaizkien mezuak zaintzea, baina agian hori baino erabilgarriagoa da haurrei mezu sexistak begirada kritikoz aztertzeko baliabideak ematen hastea, azalpen sinpleekin bada ere. Gozokien estalkiak ez direnean, jokoak izango direlako edota testu liburuak, edota marrazki eta telesailak edo kirol ekitaldiak, edo...