Peio Jorajuria: «Parisetik agindutakoa egin behar dugu»
Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak asteartean hasiko den ikasturterako neurriak azaldu zituen atzo. Neurriok kontuan izanik ari da prestatzen ikasturtea Seaska, eta lehentasuna «haur guztiak hartzea» izanen da. «Haur guztiak hartuko ditugu», nabarmendu zuen atzo Peio Jorajuria Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko lehendakariak, asteartean Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellituk egindako adierazpenekin bat eginez. Klaseak Parisetik heldutako osasun protokoloen arabera egituratuko dituztela azaldu zuen Seaskako lehendakariak eta irakaskuntza presentziala izanen dela «lehentasun nagusia».
Osasun krisiaren arabera neurriak berregokitzeko aukera badago ere, oinarrian uztailaren 31n Hezkuntza Ministerioak ezarri zuen protokoloa dago indarrean. Horrenbestez, helduek eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek maskara eraman beharko dute jantzita, baina beste neurri berezirik ez da izanen, eskuak garbitzea eta gel desinfektatzailea denen eskura jartzea salbu.
Tellituk asteartean erran zuen bezala, «berandu dabiltza» agintariak, eta, hala, Seaskan maskararen erabilerari buruzko zehaztapenen zain daudela berretsi zuen atzo Jorajuriak: «Protokolo berriak erraten duenari begira gaude, batzuetan prentsaurrekoetan erraten dena eta gero idatzia dena ez baita bera». Uztailaren 31n ezagutzera eman zen agirian, maskara erabilita ere, behin eserita, segurtasun distantzia errespetatuz gero, ken zitekeela azaltzen zen. Horren inguruan publikoki zabaldu diren mezuak kontraesankorrak izan direla argudiatuta, atzo Blanquerrek emandako prentsaurrekoak oinarri duen protokoloa zehatz aztertuko dutela jakinarazi zuen Jorajuriak.
Distantziak errespetatu
Ikasleen artean metro bateko distantzia izatea gomendatzen bada, hori toki gehienetan ezin dela bete azaldu zuen Seaskako presidenteak: «Klase barnean ez da tokirik, distantzia ezin da errespetatu, ahal dugun bezala egingo dugu». Neurriak aldatuz gero, antolaketa birpentsatu beharko luketela gaineratu zuen.
Aurreko ikasturtean, Hego Euskal Herrian ez bezala, ikasleak geletara bueltatu ziren maiatzaren 11tik goiti, eta neurriak oso zorrotzak izan zirela gogora ekarri zuen Seaskako lehendakariak: «Muga handiak izan ziren, espazioa kudeatzeko txandak egin behar izan genituen. Ziburuko kolegioan, esaterako, astean bi egun soilik joaten ziren ikasleak klasera, denak elkarrekin ezin zirelako hartu». Horrek zailtasun ugari ekarri zituela nabarmendu zuen Jorajuriak. Banaketa hori «biziki kaltegarria» izan zela esan zuen.
Maiatzean ezarritako neurrien artean, klase batzuk besteekin ezin zirela elkartu zegoen. Bereziki zaila izan zen egoera Bigarren Hezkuntzan, klaseak ez direlako beti berak. «Sei hilabetez dena hankaz gora izan dugu, horrek kalte handia egin die ikasleei, eta orain garrantzitsuena eskolak presentzialak izatea da. Hala ere, noski, osasunak lehentasuna du, eta, pandemiaren azkartzea ematen bada, neurri berriak bete egingo ditugu». Egoerak okerrera eginez gero, Estatu frantsesean hezkuntza arloan nagusi den zurruntasuna aipatu zuen Jorajuriak: «Hegoaldean malgutasun gehiago dute, guk ez. Parisetik agintzen digutena egin behar dugu, baliabideak direnak direla ere».
Jangeletarako ez da protokolorik ezarri Gobernutik, eta Seaskaren baitan, zentro bakoitzaren arabera egoera aldatu egiten da; toki batzuetan herriko etxea arduratzen da janariaz, beste batzuetan Seaska, eta horren arabera anitz aldatzen da egoera. Hori bai, osasun neurriak errespetatzeko lanean ari direla nabarmendu zuen Jorajuriak.
Aurten, Seaskak ikasturte berriari begira behar zituen hamabost irakasle lanpostu gehigarriak izatea lortu du. Urtero borrokatu behar izaten du ikasleen gorakadari egokitzeko beharrezko lanpostuak lortzeko, eta, iaz, esaterako, Biarritzen 5.000 lagun bildu zituen manifestaldia deitu behar izan zuen beharrezko hamabost lanpostuak lortzeko. Aurten, aldiz, ez da beharrik izan: «Aski fite trinkatu dira negoziazioak. Nire ustez osasun krisiak lagundu gaitu, ez zuten beste krisirik nahi».
Hori bai, behar zituzten lanpostuak «gutxi gorabehera» lortu dituzte. Lehen Hezkuntzan, behar zutena lortu dute: 8,5 postu. Bigarren Hezkuntzan 6,5 postu lortu dituzte, eta egoera «justuagoa» bada ere, «aski ongi gara egoera normal batean». Hori bai, osasun krisiaren ondorioz klaseak banatu beharra izanez gero, baliabiderik ez luketela nabarmendu zuen Jorajuriak.