Idoia ERASO
SARA

Atzerapenarekin bada ere, Saran bilduko dira idazle eta irakurleak

Apirilean egitekoa zen Sarako Idazleen Biltzarraren 37. edizioa datorren igandean egingo da pandemiaren ondorioz. Usaian izaten diren adina idazle eta argitaletxe izanen dira ia-ia aurten ere, eta, osasun neurrietara egokitzeko, toki gehiago izanen da. Aurten, Koldo Ameztoyk eta Marie Jose Basurcok jasoko dute Biltzar saria. Hitzordu historikoaren biharamunean egitekoa zen profesionalei zuzendutako eguna, berriz, bertan behera gelditu da.

Ohikoa duen pazko astelehenean ez bada ere eta aldaketa batzuk egin behar izan badira ere, 2020an ere egingo da Sarako Idazleen Biltzarra.

Pandemia garai honetan bertan behera gelditu diren ekimen kulturalen kopurua zein handia den ikusirik, literaturari loturiko hitzordu historikoa egin ahal izatearekin arras kontent agertu dira antolatzaileak.

Idazle, marrazkilari eta kantari guztientzat urte zaila izaten ari dela jakinik, hitzordu honen bitartez artistak lagundu, eta publikoarekin harremanetan izateko parada eman nahi dute.

Idazleak, prest

«Autoreak ez dira beldur, eta parte hartu nahi dute» adierazi du Jessica Dordeins Larzabalek. Ehun idazletik gora egonen dira; apirilean izena eman zutenen %90, gutxi gorabehera, data berri honetan parte hartzeko prest agertu direla azaldu du Jean Mixel Garatek, Biltzarreko presidenteak: «Pandemia baino lehen izena eman zutenen eta oraingo honetan parte hartzeko prest direnen kopurua ia-ia berbera da. Garrantzitsua da Biltzarra egitea eta beraiek hor izatea. Liburuak publikatzen jarraitzen direlako, eta horrela irakurleengana ailegatu ahal izateko».

Parte hartzaileen kopurua parekoa izanen da, baina normalean baino toki gehiago beharko da distantzia sanitarioa errespetatu ahal izateko, eta karpa bat gehiago jarriko dute. Azken urtean hitzaldiak eta mahai inguruak eta haurren txokoa hartzeko ezarritako karpaz gain, berri hori izanen da. Haurrei eskainitako espazioan aurten ere Kiribil konpainiak animazioa egingo du, eta “BBAX” disko berria aurkeztuko du.

Azken urteotako joerarekin bat eginez, euskaraz idatzitako gero eta lan gehiago aurkeztuko dira edizio honetan ere. Lan berri anitz aurkeztuko dira bertan, besteren artean Eric Dicharryren “Eros” edo Maddi Ane Txoperenaren “Ene baitan bizi da” lanak aipa daitezke. Euskaltzaindiak Emil Larre euskaltzain emerituaren obrari eskainitako liburua aurkeztuko du.

Aurtengo Biltzar saria Marie Jose Basurco urruñar idazleak eta Koldo Ameztoy arruetar ipuin kontalariak hartuko dituzte.

Profesionalen eguna

Biltzarraren biharamunean profesionalei zuzenduriko eguna bertan behera utzi behar izan dute, izan ere, data aldaketak ez zuen bat egiten parte hartzaileen ahalekin. Euskara hutsez antolatutako ekitaldiak arrakasta handia izatea zegoen aurreikusia.

Aurten lehenengo aldiz antolatu behar zen haur eta gaztetxoentzako literaturari soilik zuzenduriko Ikusi Makusi azoka heldu den urtera arte atzeratu da. Azken urteetan, Kiribil konpainiaren eskutik, Biltzarrean haur eta gaztetxoei zuzenduriko dinamika handitzen ari zela eta, urrats berria egin nahi zen bide horretatik Ikusi Makusi azokaren bidez.

 

Koldo Ameztoy: «Ohartu gabe 37 urte pasa ditut lanean»

Ia lau hamarkadako ibilbideari buruz Koldo Ameztoy ipuin kontalari eta idazleak honakoa dio: «Konturatu gabe pasatu dira 37 urteak, handik eta hemendik deitu nautelarik, beti bai erran dut, gutxitan erran dut ezin nuela. Gero pentsatu izan dut, ‘astoa haiz hi’, baina poliki-poliki istoriotik tiratuta, aurrera, baikortasunarekin ibili naiz beti».

Bakarka ari baldin bada ere, gehienetan proiektu partekatuetan lan egitea maite du artistak: «Beti kontsideratu dut lana dela beste artista batzuekin elkarrizketan aritzea gauzak elkarrekin lotzeko, beste artista bati emateko bere lekua, musikariei, kantariei… Niretzat partekatzea oso inportantea da. Egin dezaket lana, istorioa atxikitzen da, baina bestearekin, topatze horrekin, edertzen da, eta horrek badu bere grazia».

Bidelagunak eta proiektuak orain ere ez ditu eskas, «hainbeste harirekin, uste dut ehule bilakatuko naizela» erran du irribarrearekin. Juan Sebastian Elkanoren munduaren itzuliari loturiko proiektu batean dabil Nerea Alberdi biolin jotzailearekin batera: “Elkano battela, zumea baina gurea”. Maiatzean estreinatu behar zen, baina pandemiaren ondorioz, atzeratu egin da, eta datarik ez dauka oraindik.

Hendaiako Zarpai bandak 50 urte egiten dituela eta, Ameztoyri obra bat egiteko eskatu diote; bertan mutil baten istorioa kontatzen da, tronpeta galdu eta gero musika bandaren parte egiten dena. Azaroaren 28an estreinatzea aurreikusita dago.

Aurten 40 urte egiten ditu Mixel Labeguerie zendu zela, eta Peio bere semeak disko eta ikuskizun bat egin nahi ditu heldu den urterako, hori ere osasun krisiaren ondorioz atzeratu baita. I.E.