Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Hodeia

Hodei handi bat ikusi dut zeruan eta apropos ahaztu dut aterkia. Aspaldi nintzen hodei horren zain, zeruak zeru izateari utzi zionetik. Ni bezala beste asko poztuko zirela uste nuen, baina keinu desatseginak antzeman ditut maskaren atzean.

Gogoan dut zenbat haserretu ginen udaberriari konfinamenduarekin batera etortzea otu zitzaionean. Guk gurean jarraitu genuen, haserretzen. Akaso, hura ez zen eguraldi onaren seinale eta gu ere norekin haserretu hautatzean okertu ginen. Garai haietan, zeru beltz bezain pisutsua etorri zitzaien gainera milaka laguni. Ez zen ekaitza iragartzen duen zeru ilun bizi hori. Bertatik ez zen ortzadarrik jaio, hodeiei arnasa hartzea ere uzten ez zien zerua zelako. Geratzeko asmoa zuela zirudien zeru beldurgarria zabaldu zen milaka langile, familia, lagunen gainean, eta, orduan, zin egin genuen ez ginela haiekin haserretuko.

Dena ahaztu zaigula dirudi eta berriz ere kexuka gabiltza, euria ari duelako, euri eske ari garelako. Milaka lagun horien lurrak bustiko dituen euria behar dugu eta euria dakarten hodeiak ongi etorriak izan beharko lirateke garaiotan.

Hodei batek esan dit gauzak ez daudela apurtuta, zoratuta baizik eta denak bere onera etorri beharko duela. Erabaki dezagun guk, zein ote den denon onera itzultzeko egin beharko dugun bestelako bidea.