Andoni ARABAOLAZA
Protagonista

Filip Babiczek «cum laude» nota atera du udan Alpeetan

Alpinista italiar-poloniarrak, besteak beste, Peutereyko «Integralissima» mitikoa bakarka eskalatu du 17 orduko jardun ikusgarrian.

Koronabirusak sortutako pandemiak txute berezia eman zion Filip Babicz alpinistari. Itxialdia atzean utzita, alpinista italiar-poloniarra oso motibatuta irten zen etxetik. Motibazioarekin batera, oso denbora laburrean sasoia hartu eta Mont Blanceko mendigunean jarduera bikainak egin ditu. Oso azkarrak, gainera.

Babiczek uda berezia izan du; inoiz ahantziko ez duen horietakoa. Mendigune horretan lortutako uztari begiratzen badiogu, lasai asko aitor genezake cum laude nota atera duela. Honako zerrendak dena dio: Peutereyko “Integralissima” 17 orduan bakarka eskalatu zuen; Denis Trentorekin Val Veny, Freneyko Zutoin Nagusia, Mont Blanceko gailurra eta Val Veny 22 orduan sinatu zituen; eta Peuteryko Aiguille Noire 90 minutuan igo zuen bakarka integralean.

Ahoa bete hortz uzten duen trilogia baten aurrean gaude. Oso alpinista gutxiren esku dauden goi mailako hiru eskalada uda baten buruan sinatu ditu Babiczek.

Hiru aktibitate horien artean, zalantzarik gabe, azpimarra Peutereyko “Integralissima” ertzean egin zuen jarduerari jarri behar diogu. Sona eta errepikapen ugari izan duen “Integrale” entzutetsuaren ahizpa nagusiaren aurrean gaude. Denera, zortzi kilometro eta 4.000 metroko goranzko desnibela.

“Integrale” ezagunaren aldaera luze hori lehen aldiz Gottlieb Braun-Elwert eta R. Kirmeier alemanek eskalatu zuten. 1973. urtean izan zen. Lehen errepikapena Babiczek lortu du, eta harrigarriena da soilik 17 orduko jarduna behar izan duela.

Mistoko eskaladetan zein drytooling-ean espezialista handia den Babiczek, gainera, ez zuen inolako laguntzarik jaso, eta aldez aurretik ez zuen biltegirik utzi. Bakar-bakarrik, arin eta azkar Alpeetako ertz luzeenean. Jakina, protagonistak bakarkako lehen igoera egin du.

Uztailaren azken egunean ekin zion goi mailako eskaladari: «Ingurumari horretan ibili nintzen, baina Aiguille Noiretik Courmayeurretik barna Mont Blancera doan bidea ez nuen ezagutzen. Hitz gutxitan esanda, honako ibilbidea egin nuen: Peuterey ertza, bidean Mont Rouge, Tete des Chasseures, Aiguille Noire, Dames Anglaises, Aiguille Blanche, Grand Pilier d’Angle, Mont Blanc di Courmayeur eta Mont Blanceko gailurra lotuz. 8000 metro luze den ertz horretan 4.000 metroko desnibel positiboa pilatu nuen. 900 metro rappelatzen egin nituen».

Poloniarrak adierazi du bakarkako lan horretan eginiko lanarekin pozarren dagoela: «Alde guztietatik begiratuta, uste dut goi mailako jarduera bat dela. ‘Integralissima’-ren eta ‘Integrale’-ren artean dauden ezberdintasunen inguruan galdetu didate. Eta argi dut antz handirik ez dutela. Bai, ingurumari berdinean ari zara lanean, baina ‘Integralissima’, askoz ere luzeagoa izateaz gain, teknikoki gogorragoa da. Ertzera sartu aurretik Aiguille Noireko hegoaldeko ertza bi aldiz eskalatzea bezalakoa da. Mont Rougeko ertzek denbora asko eskatzen dizute. Ez da eskalada erraza».

Errekor historikoa

Jarduera hori egin eta gero, Babiczek sokakide bat lortu nahi zuen Freneyko Zutoin Nagusia eskalatzeko. Denis Trentok bat egin zuen xede horrekin, eta soilik 22 orduko jarduna behar izan zuten Val Veny, aipatu dugun zutoina, Mont Blanceko gailurra eta Val Veny lotzeko.

Jarduera horren inguruan, Trentok adierazi du estiloa izan dela gehien bete duena: «Eskalatzeko estiloa perfektua izan da: Freneyko zutoina haranetik bertatik hasita igo genuen. Filipek kronometroari garrantzia handia ematen dio, eta argi genuen oso arin eta azkar eskalatu behar genuela. Gaueko hamaiketan irten ginen. Monzinoko aterpean gosaldu eta gero, goizaldeko hiruretan Ecclesko lehen bibaketik igaro ginen. Baldintza oso egokiak zeudenez, ordubete geroago zutoinaren oinarrian ginen. Akats batzuk egin genituen; izan ere, bidetik aldendu ginen. Denbora galdu genuen, baina bidea berriro aurkitu, hura eskalatu eta eguerdiko ordu batak inguruan Mont Blanceko gailurra ikusten hasi ginen. Tontorra erdietsi ondoren, jaitsierari ekin genion; luzeegia egin zitzaigun».

Trentok onartu du, bere sokakidearentzat ez bezala, azkartasuna berarentzat ez dela hain garrantzitsua: «Jarduera honen ostean, neure buruari galdetu nion Filipek eta biok egin genuena maila handikoa ote zen. Ueli Steckentzat, adibidez, abiadura bitarteko bat zen. Hasiera batean, etxe ondoko mendietan praktikan jarri zuen, eta, ondoren, zortzimilakoetan ere estilo hori indarrean jarri zuen. Niretzat abiadura ez da helburu baten eiterik garrantzitsuena. Nire eboluzio naturalaren parte bat da soilik, duela 18 urte hasi nuen bidearen parte».

Babiczen hirugarren eta azken proiektua Peutereyko Aiguille Noirek duen hegoaldeko ertza izan zen. Babiczek berriro ere azkartasuneko alpinismoan indarra jarri eta errekor historikoa ezarri zuen. Kronometroa gelditu zuenean, honako denbora markatzen zuen: ordu bat, 30 minutu eta 14 segundo. Eskuarki, sokada eraginkor batek 12-14 ordu behar ditu.

Alpinista italiar-poloniarrak aurreratu du ekainean bertan xede horri ekitea erabaki zuela: «Harrigarria bada ere, denbora onena bi ordu eta 45 minutukoa zen. Renato Casarottok egin zuen. Saio asko egon dira, baina inork ezin izan du denbora hori hobetu. Ertza 1.400 mero luze da, eta hainbat sekziotan kontuz ibili beharra duzu. Hots, eremu hori ez da inolaz ere trail running-a gustuko duten espezialistentzat egokia».

Babiczek onartu du eginiko markak ezustean harrapatu zuela: «Berez, bi ordu eta laurden eta bi ordu eta 55 minutu artean egitea espero nuen. Gailurrean kronoa gelditu eta denbora ikustean ez zuen sinisten. Baina hala izan zen; aurreko errekorra ordu bat eta hamabost minutuan ondu nuen! Imajinatzen ez nuen errekor bat ezarri berri nuen. Arratsaldeko lauretan irten nintzen, eta argi eta garbi nuen ez nuela laguntzarik jaso nahi. Horregatik, jarduera osoa era autonomoan egin nuen. Horrek asko betetzen nau. Ezarritako helburua lortu dut».