Oihane Zabaleta
Tokiko garapeneko teknikaria
JOPUNTUA

Plateruena, bide berri on

Ruper Ordorika, Ama Say, Micah P. Hinson, Txuma Murugarren, The Hot dogs!, Petti, Piztiak, Rafa Rueda... Zerrenda intimoa luzea da eta musikalegia, agian. Zabalagoa eta anitzagoa, aldiz, azken hamasei urteetan zenbatu daitezkeen kultur ekintzen zerrenda: 2.139. Plateruenaren itxieraren berri bat-batean jaso badugu ere, erabakia hartzea ez zen erraza izango bertan lanean ari ziren zortzi langileentzat, hasierako sorkuntza prozesu hartan, ausardiaz, apustua egindako kooperatibako bazkide-laguntzaile eta boluntario guztientzat. Durangarrentzat ez ezik, albistea txarra izan da lurraldean errotutako eta euskal komunitatearekin inplikatutako kultur nahiz kudeaketa eredu mistoan sinisten duen edonorentzat. Plateruenak argi adierazi du: kulturalki duela hamasei urte baino egoera hobean dagoela azpiegituragatik, esperientziagatik eta kulturgileen arteko sareagatik. Ixteko arrazoiak ekonomikoak izan dira, beraz. Kultura sektorean, historian lehenengo aldiz jo du pandemiaren krisiak bere balio-katean oso-osorik, eta horrek, bete-betean eragin du lehenagotik prekaritatean zeuden sortzaileengan eta kultur profesionalengan. Pandemia garaian kultur industria funtsezko ondasuna dela aldarrikatu da, baina sakoneko arazoa estrukturalagoa da. Instituzioek horren nozioa izateko, ezin dute aisialdirako sektore marjinal gisa tratatu; ezta ere, tradizio modernoak hala irakatsita, egungo errealitatea konpartimentu estankoetan zatikatzeko pentsamendua izan: ekonomikoa, soziala, ingurumenekoa eta kulturala. Jakin badakigu, partaidetzarik eta inplikaziorik gabe, jabekuntza kolektiborik edo komunitariorik gabe, gizarte-prozesuek porrot egiten dutela. Herriak eta hiriak, eta bertako kultur espazioak dira benetako «kultur etxeak», kultura zaindu, transmititu eta sustatzeko eremu nagusiak. Sortzaile, interprete, publiko eta komunitate osoaren arteko zuzeneko harremanak sortzen diren guneak. Baliabide gehiago behar dute udalek zein kulturgileek, lan hori egiten jarraitzeko, administrazioen arteko lan partekatuaren horizontea zabaltzeko.

Bide berri on Plateruena.