Amaia EREÑAGA
bilbo

GARAko «Mugalari»-k utzitako lorratza, Alondegian aztergai

Bilboko Alondegiak eta Bulegoa z/b ekimenak elkarlanean landutako «Erakusketaren saioa» proiektuaren laugarren edizioaren aurretik egingo diren lantegietan GARAko «Mugalari» kultura gehigarriaren garrantziaz mintzatuko dira.

2011ko martxoan argitaratu zen, azkenekoz, egunkaria sortu zenetik larunbatero GARAk kaleratu ohi zuen “Mugalari” kultura gehigarria. Berau desagertzeko arrazoia, egunkariak berak aitortuta, prentsa idatziak pairatutako krisi estrukturalak behartutako murrizketak izan ziren. Hala ere, Mariasun Monzonen gidaritzapean kaleratutako “Mugalari” hark lorratz sakona utzi zuen, bere orrialdeetatik gure «kultura unibertsoko» luma asko pasatu baitziren. Diziplina ugari –literatura, musika...– lantzeaz gain, arteak berebiziko garrantzia zuen, hilabetean behin prentsa bera artearen euskarri bihurtzeraino.

Hilaren 21 eta 22an Alondegian egingo den arte-komisariotzari buruzko “Erakusketaren saioa” laugarren sinposioaren aurretiko tailerretako protagonista bihurtu da GARA. Alondegiak eta Bulegoa z/b ekimenak landutako sinposio horretan 1977. eta 2017. urteen artean izandako erakusketa zehatz batzuk aztertuko dituzte. Horretarako, nazioarteko topaketa batzuk izaten ari dira, bakoitza hamarkada batean ardaztuta. Aurretik lantegiak izango dira (6, 7, 12 eta 14an) eta, horien barnean, asteazkenean, Peio Aguirre arte-kritikari, komisario eta editoreak, 2000 eta 2004. urteen artean “Mugalari”-n argitaratutako artikuluen bidez, arte garaikidearen egoera aztertuko du. «Astero argitaratutako artikuluak oso lagungarriak izan ziren arte-kritikariaren identitatea osatzeko, gaur egun ere niretzat erabakigarria dena –adierazi du–. 90eko hamarkadan eta milurtekoaren hasieran erabat berritu ziren arte-praktika garaikideak: komisariotzaren sorrera, “instituzionalizazio berria”, eta ekonomia berriaren edo modaren esparrutik arte-proiektuak sustatzea. Aldaketa horietako batzuek eragina izan zuten erakusketaren forman konbentzio gisa. Aldi berean, “mende-amaierako espiritu” hura kutsatuta zegoen, suhartasun neoliberalarekin, eta instituzioetan eta artearen praktika “tradizionaletan” aldaketa izateko irrikarekin. “Mugalari”-ren orrialdeak arte-komunitate baten topaleku izan ziren, eta eremu publiko bat sustatu zen kultura-gehigarri baten barruan, “euskal kultura” deritzon horretan sendo errotuta». Argibideak, www.azkunazentroa.eus eta Bulegoa.org webguneetan.