Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Nilo Urdin iluna

Kixotekeria izango da “munduan” dagoen hizpide bakarraren alboan bestelako ezer mahaira ekarri nahi izatea. Baina nahiago dut esanda utzi, eta lasaixeago lo egin. Izan ere, mundu zentzudun batean albiste ez ezik lehen mailako hausnarketa-gai izan behar luketenak, “informazioaren aro” honetan, baztertu ez, ezabatu egiten direla ikusteak erretxina sortzen dit barrenean. “Inori axola ez zaizkion” parajeetan gertatzen direlako halakoak, antza.

Begira: uztailaz geroztik, baina amaitu berria dugun irail osoan bereziki, uholde biblikoak (adiera ia etimologikoan, Meroeko piramideak lekuko) pairatu ditu Sudanek. Aurrekaririk gabeko euriteek ubideetatik aterarazi egin dituzte ibaiak, batez ere Nilo Urdina. Hildakoak ez dira “horrenbeste” izan (ehundik gora, nolanahi ere); baina kalte materialak, etxe eta laborantza-lurretan, egundokoak dira. Larrialdi-egoeran dago herrialde osoa eta 16 estatu dira biziki kaltetuak. Sudanek azken hilabeteetan bizi duen krisi politiko-sozial eta ekonomiko larriaren gainera dator hondamendi hori guztia. Atera kontuak.

Baina ez da hor agortzen katramila. Nilo Urdin horren ibilguan Etiopiak eraiki duen Etiopiar Berpizkundearen Urtegi Handia behin betiko betetzen hastearekin batera suertatu da berealdiko eurite hori. Oraindik ez da argitaratu urtegiaren betetzean euriteek izan duten efektua, baina handia izango zen seguruenera. Eta itxuraz albiste ona ere izan zitekeen hori (uholdearen zati bati bederen eutsiko zionez) beste korapilo bat izango da.

Urtegi erraldoi horren eraikuntza eta kudeaketa Afrikako arazo geopolitiko nagusietakoa bihurtu baita, bertako herrialde nagusietako bi, Egipto eta Etiopia, aurrez aurre ipini dituen heinean. Lehenak uste duelako bigarrenaren esku geratzen dela bere biziraupenerako hil ala bizikoa den ur geza. Amaituta dagoen urtegia bete ez dadin sekulako kanpaina egiten ari da Egipto, eta alde batera edo bestera egitera behartuta aurkitzen ari dira herrialde asko. Eta Sudan bien erdian dago.

Estatu Batuak, nola ez, Al Sisiren alde ari dira. Gogotik gainera.