Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Mila laguneko giza katea Baionan murgiltze ereduaren defentsan

Giza eskubideen aldarrikapen unibertsala idatzi zuen Rene Cassin juristaren etxea eta Baionako suprefetura giza kate batekin lotu zituzten mila lagunek. «Euskarak murgiltze eredua behar du» goiburua zuen mobilizazioan, euskara ikastea eta irakastea eskubide bat dela aldarrikatu zuten eta mobilizazio gehiago izango direla iragarri.

Nahikoa lan izan zuten murgiltze ereduaren defentsan Baionan bildu ziren 1.000 manifestariek osasun neurriek eskatzen dituzten distantziei eusteko. Izan ere, erantzun zabala izan zuen Euskal Konfederazioa, Biga Bai, Erakasleak, Euskal Haziak, Euskara Geroan, Ikas-bi eta Seaska elkarteek antolatutako giza katean parte hartzeko deialdiak.

Egun murgiltze ereduan diren Ipar Euskal Herriko 37 ikastola, 19 eskola pribatu eta 19 eskola publikoetako ikastetxeen izenak izkiriatuak zituzten afixekin ilaran ezarri ziren manifestariak, baina bazen afixa bat berezia, bitan banatua zena, Hiriburuko Baste-Quieta eskola publikokoa alegia. Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak Hiriburuko haur eskolan murgiltze eredua debekatu izanak dakarren «haustura» irudikatu zuten horrela, baina giza katearen bitartez, alde bakoitzean ziren Baste-Quietako txartelaren bi zatiak batzea lortu zuten.

«Haustura bat eman da, euskal herritarren nahia da euskaraz ikastea eta horregatik orain artean aitzina pausuak egin dira, baina orain bidea moztu dute eta hori salatu behar da», adierazi zuen Alain Iriart Hiriburuko auzapezak.

Ordea, Hiriburuko haur eskolan murgiltze eredua ezartzeko debekua, manifestariek salatu zutenez, ez da izan «euskaraz ikasteko eskubidearen kontrako eraso» bakarra. Antolatzaileek oroitarazi zutenez, «euskaraz irakasteko konkurtsoa pasatua zuten 11 irakasle gazte frantsesez irakasteko postuetan izan dira izendatuak».

Baionako mobilizazioak Estatu frantses osoan hizkuntza gutxituen alde antolatu ziren mobilizazioekin bat egin zuen. Pour Que Vivent Nos Langues (Gure hizkuntzak bizi daitezen) mugimendua osatzen duten eragileek deituta, 30 ekimen antolatu ziren Bretainian, Alsazian, Korsikan, Flandrian, Savoian eta Okzitanian.

Ez da nahikoa

Goizeko 11.30ak aldera, herriko etxean zen jendea «Euskal irakaskuntza denentzat» goiburua zuen pankartaren atzean bildu eta suprefeturara abiatu zen, giza katea zeharkatuz eta jendea pilatuz. Horrela, manifestazio burua suprefeturara iritsi zenerako ehunka lagun zituen gibelean «euskarak murgiltze eredua behar du» ozen oihukatzen.

Mobilizazioaren amaieran irakasleen eta gurasoen ordezkariek hitz egin zuten. «Hezkuntza Ministerioaren jarrera ez da justifikatzen, arrazoi bakarra da Estatu frantsesa euskararen garapenaren kontra dagoela», salatu zuen hizlarietako batek. «Ez da bakarrik Hiriburuko kasua, Blanquer ministroak murgiltze eredua debekatu nahi du, eta euskal irakasleak frantsesez irakastera behartu nahi ditu», gaineratu zuen beste ordezkari batek.

Manifestarien artean zen Jean-Rene Etchegaray, Euskal Elkargoko lehendakaria, eta baita hainbat auzapez eta hautetsi ere. Haientzat ere izan zen mezurik: «Eskertzen dugu jaso dugun babesa, baina ez da nahikoa, ez du balio esatea Parisek ez duela nahi eta horretan uztea, egoerak eskatzen duen tamainako erantzuna eman behar da».

Hitzartzeak amaitu aitzin «heldu den egunetan izango diren mobilizazioei adi egoteko» deia luzatu zuten bozgorailuetatik. Txalo zaparrada indartsu batekin eta oihu artean bukatu zen elkarretaratzea.