Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Gorri

Ezin uka pertsonon sormena –eta marketina etengabe elikatzeko misioa– mugagabea dela. Milioika adibide jar genitzake horren erakusgarri, baina ekar dezagun gaurkotasun beteko hau, festa nazional horretako arma erakustaldia ahaztu eta egunari kolore apur bat ematearren: Pantone enpresak, kolorimetriaren arloan erreferente handia omen, Period (hilekoa, ingelesez) izeneko kolorea plazaratu berri du emakume guzti-guztiok –biologikoki hala sortuok, zehaztu beharko litzateke– gure bizitzako bolada oso luzean bizi dugun egitate fisiologiko odoltsu horrekiko izen beltzari, ospe txarrari, higuinari, gutxiespenari, isekari... estigmatizazioari, alegia, aurre egiteko.

Gorria da, noski, baina ez burura etorriko litzaizukeen bizitza osoko gorri soila (tomate helduena, adibidez); edo, beharbada, zure iruditerian sustraituriko gorri ezkertiar-iraultzailea; edo, klasikoa, pasioa, amodioa eta gure bihotza irudikatzen dituena; edo, unibertsala, odolarena, oro har, nork eta nondik isurtzen duen pentsatzen hasi barik.

Ez, Period jaioberria harago doa, garai berriekin erabat bat eginda, non feminismoa, berdintasuna, emakumeon mundu mailako borroka(k), emakumeon harrotasuna(k), emakumeen presentzia... dagoeneko ez dauden, hain zuzen, duela ez hainbeste bezain estigmatizatuta. Beraz, jabetu gaitezen berandu baino lehen kapitalismoa bizirik irauteko zabaltzen ari den estrategia horretaz, non mundu osoko enpresek lehen baino askoz samurragoa duten horiek guztiak negozio iturri huts bilakatzea, andreon eskubideen alde daudelako itxuraz.

Baina ez nadin nahas, eta txalotu dezadan Pantonek bere harri koskorra ekarri nahi izan duela emakumeon autoestimua indartzeko ekintzara; onar ditzadan haren hitzak pertsona hilekodunok seinalatuta, mespretxatuta, zikin, gaizki... sentitzeari utz diezaiogun (Gu geu horrela sentitzen al gara? Nork sentiarazten gaitu horrela?) eta, alderantziz, gure hankarteko odolak bizitza honako ezaugarri hauekin blaitu diezagun: «Tonu gorri aktibo eta abenturazale honen xedea da adorea eragitea hilekoa duten pertsonengan, diren horretaz harro egon daitezen. Zein sexu dugun alde batera utzita, denok sentitu beharko genuke eroso gorputz funtzio garbi eta natural horretaz modu espontaneoan eta librean mintzatzeko». No, poesia!

Bada, preseski gorri dakusat nik, are beltz ere, etorkizuna, emakumeok jasaten ditugun estigmatizazioak suntsitzeko eta suntsitzen diguten autoestimua babesteko erantzukizunaren zama emakumeongan eta ez besterengan paratzen jarraituz gero.