Amaia U. LASAGABASTER
DERBIA IPURUAN

Nahi eta ezinean berdinduz, puntu banarekin konformatu behar

Topikoei eutsi eta borroka handiko derbia izan zuten Eibarrek eta Osasunak. Gorritxoak hobe zelairatu ziren, baina lehen zatia amaitu aurretik etxekoek erreakzionatu eta markagailuak amaieran islatuko zuen oreka ezarri zuten zelaian. Callerik belaunean min hartuta alde egin zuen eta Pozok eta Bryan Gilek armaginekin debutatu zuten.

EIBAR 0

OSASUNA 0

 

Topikoei eutsi die Ipuruak denboraldi hasiera honetan hartu duen bigarren derbiak. Eibarrek eta Osasunak borroka handiko norgehiagoka jokatu zuten, lehia handikoa, berdindua, atera erremate gutxi eginez eta, bai, irabazlerik gabekoa. Bide batez, estatistikak gizendu zituzten: armaginek oraindik ez dute talde nafarra gainditzeko bidea aurkitu, biak Lehen mailako lehian daudenetik.

Pozik amaitu zuten, hala ere, Jose Luis Mendilibarrek eta bere futbolariek. Emaitzan izan ez bazen ere, gutxienez jokoan euren helburua lortu zuten, Valladoliden denboraldiko lehen garaipena –eta momentuz bakarra– eskaini zien partidari jarraitutasuna emanez. Dezente sufritu zuten lehen hogei minutuetan baina, entrenatzaile zaldibartarrak berak neurketaren ostean azpimarratu zuen bezala, egoerari aurre egiteko gai izan ziren, markagailuak amaieran islatuko zuen oreka zelaian ezarriz. Berdinketak, gainera, jaitsiera postuetatik kanpo mantentzen ditu.

Albiste on gehiago ere jaso zituzten, debutarien eskutik. Alex Pozok partida osoa jokatu zuen, eskuin hegaleko postu biak okupatuz. Apala izan zen lehen zatian aurrean egin zuen lana; hobea, bigarrenean atzean gauzatu zuena. 90 minutuak bete zituen Miguel Angel Atienzak ere, partida hasi eta 14 segundora txartel horia ikusi zuen arren. Talde bien erdi-lerroak izan zuen protagonismo txikiena, baina Mendilibarrek Sergio laguntzeko aukeratu zuen filialeko jokalariak –Roberto Olabe aulkian utziz– hobera jo zuen denborak aurrera egin ahala. Bryan Gilek, bere aldetik, azkeneko hogei minutuak besterik ez zituen jokatu; nahikoa, taldearen jokoa nola piztu dezakeen ikusteko, denbora horretan baloi bat zutoinera bota baitzuen eta beste jaurtiketa batekin Sergio Herreraren geldiketa estua behartu baitzuen.

Berdinketak ikusitakoa nahiko ondo laburbildu bazuen ere, Osasuna ez zen hain pozik itzuli etxera, Jagoba Arrasatek lana «ontzat» eman zuen arren. Aldea ez zen handiegia izan, baina aukera gehiago eta garbiagoak izan zituzten gorritxoek, eta garaipenetik gertuago egon ziren sentsazioa utzi zuten. Emaitza baino kolpe gogorragoa ere jaso zuten, zoritxarrez, Jonathan Callerik zelaia ordu erdia beteta utzi behar izan baitzuen, belaunean min hartuta. Itxura ez zen ona eta medikuek Ipuruan bertan egindako lehen azterketak susmoa sendotu zuen, barrualdeko alboko lotailua minduta egon litekeela erakutsi baitzuen.

Erasotzailea lesionatu zenerako, jokoa orekatuta zegoen. Aurreko minutuetan Osasuna nagusi izan zen. Min egin zion bere aurkariari; batez ere, eskuin hegaletik sartuz eta Calleriren berarekin protagonismo handiarekin. Eibar nokeatuta zegoen. Mendilibarrek hamaikakoan sartutako berritasunak –Arbilla, Pozo debutaria, Atienza eta Kike, Correa, Soares, Diop eta Eñauten ordez– ez ziren nabaritu, onerako behintzat: Dmitrovicen area defendatzeko sufritu eta Herrerarena urrutitik begiratu zuen talde gorri-urdinak partidaren lehen laurden horretan.

Normalean poltsikotik gatza eta piperra ateratzea kostatzen zaion Inuik piztu zituen armaginak. Mutok ondo borrokatutako baloia jaurti zuen lehenbizi, Sergio Herreraren geldiketa behartu zuena, eta jarraian Moncayolarengandik eta Callerigandik ihes egin eta atezain gorritxoa estutu zuen berriro, jaurtiketa gurutzatu batekin. Suspertuta, eibartarrei arrisku une gehiago sortzea kostatu zitzaien, baina gutxienez Osasuna beren atetik urrun mantentzea lortu zuten.

Bigarren zatia halatsu hasi zen. Oreka apurtzen zuen bakarra etxeko taldea zen, Inuiren protagonismoarekin berriz. Baina minutuak aurrera joan ahala alderantzizko mugimendua gauzatu eta Osasuna jokoa parekatzen joan zen, azken txanpan partida berriro bere alde jartzeraino. Zerikusi hadia izan zuen Jonyren lanak. Calleri ordezkatuz zelairatu zen eta lekua hartzea kostatu bazitzaion ere, partida apurtzetik gertuen ibili zen jokalaria izan zen.

Mendilibarrek bere piezak mugitu zituen –Pozo atzeratu, Arbilla ezkerrera pasatu eta Kevin Pozoren aurretik kokatu–, baina emaitza ez zen Valladolidekoa izan. Izan ere, zelai gaineko aldaketak baino, Bryan Gilen sarrera nabaritu zuten armaginek. Zelairatu eta ukitu zuen lehen baloiak zutoinean amaitu zuen eta norgehiagokako azken jokaldian ere –Osasuna jada hamarrekin zegoen Moncayolak gorria ikusi ondoren– larri ibili zen Sergio Herrera Bryanen bolea gol marraren gainean harrapatzeko.

Talde bien nahiek, baina, ezinean amaitu zuten, Ipuruako markagailuak ez baitzuen mugitzeko gogo bera erakutsi.