Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Mikel Linacisorok «Obaba»-renbeste errepikapen bat egin du

20 urteko eskalatzaile bergararrak joan den igandean egin zuen jarduera hori. Bere ustez, Baltzolako bide horrek 9a maila du.

Kirolari guztientzat bezala, Mikel Linacisororentzat ere aurtengo denboraldia berezia izaten ari da. Pandemiaren erruz, 2o urteko eskalatzaile bergararrak ezin izan du bere jarduna ohiko eran gauzatu. Beraz, eskalada lehien eta arrokaren arteko orekarik ia ez da egon.

Eskuarki, denak emanda ibiltzen da bi arlo horietan. Lehiei dagokienez, apenas izan duen hitzordurik. Berez, ingurumari honetan zein nazioartean proba oso garrantzitsuak jokatu behar zituen. Nazioartekoek, gainera, bazuten balizko plus bat. Eta hori argitu behar dugu. Aurten Olinpiar Jokoek Japonian zuten hitzordua baina, irakurleak jakingo duenez, bertan behera utzi zituzten. Eta txartel batzuk oraindik jokoan ziren. Beste proba garrantzitsu bat ere, Europako Txapelketa, ez da jokatuko.

Horren guztiak alde on bakarra du, Linacisorok arrokan gehiago eskalatzeko aukera izan duela. Eta bere irteera guztietatik lasai asko esan dezakegu uzta oparoa atera duela. Baina lortutako emaitzen artean, bada bide bat izartzat hartu behar duguna. “Obaba” du izena. Bada, joan den igandean gazte honek Baltzolan dagoen 9a mailako marra hori kateatu zuen.

Modu batera edo bestera aurreratu dezakegu bergararrak “Obaba”-ren bertsio “berriaren” lehen errepikapena egin duela. Bai, jatorrizko bertsioan 8c+ zailtasuna hartu zuen, baina duela hiru urte Iñaki Arantzamendik goiko bloke gogorrean dagoen helduleku bat puskatu zuen. Hala ere, ondorengo ekinaldietan, ondarroarra gai izan zen erorikorik gabe katera heltzeko. Helduleku hori gabe gogorragoa iruditu zitzaion, eta 9a proposatu zuen. Arantzamendiren lekukoa Linacisorok hartu eta, kateatu ondoren, adierazi du ados dagoela bizkaitarrak eginiko proposamenarekin. “Obaba”-rekin gazte honek 9a mailako hiru marra erdietsi ditu.

Baltzolako bide horren katera heldu baino lehen, eskalatzaile honek prozesu bitxia igaro behar izan du. Arestian esan dugun bezala, lehia eta arroka zituen helburu: «Itxialdia, azterketak... Denok bezala, egoera berezia bizi izan dut. Azterketak ekainaren 12an amaitu nituen, eta arrokan eskalatzen hasi nintzen. Onartu behar dizut rokodromoa ez dudala ia zapaldu; besteak beste, makina bat lehia bertan behera geratu zirelako. Esan behar dizut ere denbora ondo aprobetxatu dudala; izan ere, Baltzolan, Asturiasen eta beste eskalada eskola batzuetan egon naiz. Abuztura arte egon nintzen horrela. Uztailaren 31n, berriz, senitartekoekin hamar egunez Ceusera joan nintzen. Leku ikaragarri ona da, eta udan eskalatzeko primerako alternatiba. Ondoren, Italian eta Innsbruck-en (Austria) entrenamenduak egin nituen. Hilabete horren 23an, berriz, Munduko Kopako proba bakarra jokatu zen. Eta handik bueltan, hilabete honetan Moskun jokatu behar zen Europako Txapelketarako entrenatzen topera jardun nuen. Azken txartel olinpikoak, berez, han banatu behar ziren. Lehiarik ez nuenez, berriro arrokara itzuli nintzen, eta ‘Obaba’ izan dut helburu».

Nahiko azkar

Horrebestez, Moskuko hitzordurako entrenamenduak ondo baino hobeto kudeatu ditu harkaitzean gogor jarduteko. Fisikoki, bederen, sasoi bikaina zuen, eta, bergararrak aitortu digun bezala, Baltzolako bide hori nahiko azkar kateatu du: «Uda hasieran behin probatu nuen. Berez gustatu zitzaidan. Gainera, denbora neraman Baltzolan bertan eskalatzen. Besteak beste, ‘Tas-tas’ (8c+/9a) eta ‘Chambao’ (8c+) kateatu nituen. Beste pare bat ekinaldi egin, eta orain dela gutxi benetako saioak egiten hasi nintzen. Baina ‘Obaba’ busti egin zen, eta ekinaldiak atzeratu egin behar izan nituen. Ia hilabetez. Urriarekin batera marra hori lehortu zen, eta joan den igandean katera erorikorik gabe iritsi nintzen».

Prozesu horretan, beraz, urria izan da benetako saioak egin dituen hilabetea. Lasai esan daiteke “Obaba” nahiko azkar egin duela: «Hala izan da. Alabaina, ez nau gehiegi harritu, entrenamendu horiek nire sasoia sendotu baitzuten. Fisikoki primeran nengoen; entrenamendu horiek maila polita eman zidaten».

Bergararrak gehitu nahi izan du “Obaba” kateatzeko prozesu horretan ez duela buruhausterik izan: «Jakin banekien goialdean dagoen blokeko sekzio hori gogorrena dela. Lehen saioetan soilik beheko sekzioa probatzen nuen, bigarrena bustita zegoelako. Eta kateatu arte goiko tarte hori ez nuen probatu. Zati gogorra da, eta kateatu nuen egunean, lehen ekinaldian, han erori nintzen. Urduritasun puntu bat eragin zidan. Bigarren saioan, berriz, sekzio hori gainditu eta ‘Obaba’ biribiltzea lortu nuen».

Bestalde, Linacisorok aitortu digu Baltzolako bide hori gustatu zaiola. Batez ere, kobazulo horretan ondoan dituen beste batzuekin alderatuta, ezberdina delako: «Ez du ohiko estiloa. Heldulekuei dagokienez, honek pintza eta erregeleta gehiago ditu. Eta horietan guztietan ondo moldatu naiz».

20 urterekin, gazte honek 9a mailako hiru marra eskalatu ditu. “Obaba”-ri dagokionez, ados dago Arantzamendik eginiko proposamenarekin: «Iñaki probatzen ari zela, blokeko sekzioan helduleku bat puskatu eta 9a proposatu zuen. Nik bat egiten dut proposamen horrekin. Ez da munduko 9a mailako marra zailena, baina uste dut zailtasun hori duela. Gainera, kontuan hartu behar da azken hilabeteotan beste bide gogor batzuk igo ditudala. Baltzolan, arestian aipatu ditudan ‘Tas-Tas’ eta ‘Chambao’. Eta Ceusen, 8c kateatu nuen. Oso sasoiko egon naiz, eta ‘Obaba’-n nabaritu dut».

Amaitzeko, Linacisorok aipatu du oso motibatua dagoela beste proiekturen batean buru-belarri jarduteko: «Lehiarik izango ez dudanez, arrokan topera ibiltzen ahaleginduko naiz. Egunez egun joan beharko dut, aurrez aurre dugun egoera oso larria delako. Hurrengo urtea nolakoa izango den ez dakigunez, bada denbora asko arrokan eskalatuz aprobetxatuko dut. Besterik ez dago».