Andoni ARABAOLAZA
Protagonista

Ainhize Belar, kirol eskaladaren «Anbotoko Dama» berria

Hamar hilabetean, 14 urteko atxondarra 8a mailatik 8c zailtasunera igaro da. Urriaren 31n, «Gezurraren Erresuma» (8c) kateatu zuen.

Atxondo herriak “haitzaren ondoan” esan nahi omen du. Argi dagoena da Anbotoren babesean dagoela. Euskal Herriko mendirik ezagunenetarikoa izateaz gain, horma ikaragarri ederrak ditu. Batez ere, ekialdeko aurpegian; hots, Mariren edo Anbotoko Damaren bizilekuan. Eta, agian, haren indarrek bultzatuta, Atxondon izar bat sortu berri da: Ainhize Belar.

Ez dakigu jainkotasunarekin harreman zuzenik ote duen, baina argi dugu kirol eskaladan agerraldi sutsua izan duela. Atxondar honek hamalau urte besterik ez ditu, eta ingurumari honetako eskalatzaileen kolektiboa zur eta lur utzi du. Eta hala da; izan ere, hamar hilabetean 8a mailatik 8c zailtasunera igaro da. Bai, “Conan Dax Librarian” (8a, Araotz) joan den urtarrilean kateatu zuen, eta urriaren azken egunean “Gezurraren Erresuma” (8c, Gaubea).

Progresio itzel horrek historia egitera eraman du. Zailtasun hori lortu duen Euskal Herriko hirugarren neska izateaz gain, bai hemen baita Espainiako Estatuan ere 8c bat egin duen neskarik gazteena bihurtu da. Nerabe bizkaitarraren aurretik, Josune Bereziartu eta Irati Anda heldu ziren maila horretara. Bereziartu 1998. urtean: munduko lehen 8c femeninoa (“Honky Tonky”) egin zuen. 26 urte zituen. Andak, berriz, 24 urterekin “White Zombie” sinatu zuen. Jakina, hiru euskal eskalatzaile horien jardunak ezin dira maila berean jarri; besteak beste, garai ezberdinetakoak direlako. Baina, behintzat, Belarri ezin zaio kendu lortu duen “domina” hori; hau da, 8c igo duen neskarik gazteenarena.

Hori guztia aipatu ondoren, ezagutu beharko dugu Atxondon sortu den izar berri hori nor den. Horretarako hitzordua jarri eta hitz bi egiteko tartea zabaldu dugu. Txantxa modura galdetu diogu ea zerk eragin dion urduritasun handiagoa, elkarrizketa honek ala “Gezurraren Erresuma” bidean egin zuen behin betiko ekinaldiak. Erantzuna: «Zalantza izpirik gabe, zure elkarrizketak».

Barrez lehertu ondoren, mamiari heldu diogu. Oso goiz ezagutu zuen eskalada; hain zuzen ere, zortzi urterekin. Gurasoekin eta anaiarekin bizi da, baina aitak soilik darama eskaladaren “pozoia” barruan: «Aita eskalatzailea dut, eta eskolaz kanpoko jarduera batean lehen urratsak egin nituen. Ikasketak Elorrion egiten ditut, eta ikastolan murru txiki bat zegoen. Ondoren, herriko rokodromoan sartu nintzen, eta Bizkaiko lehiaketa batzuetan parte hartu nuen. Hasieran, jolas modura hartu nuen, baina hamabi urterekin Aretxabaletara joaten hasi nintzen. Josean Mulasek zuzentzen duen taldean sartu eta topera entrenatzen hasi nintzen. Nahiz eta hamabi urte nituen, Euskal Herriko Txapelketan hamalau urtez azpiko kategorian lehiatzen hasi nintzen. Txapelketa horrez gain, blokeko beste proba herrikoi batzuetan izan naiz: Boulder Liga, Tolosa... Iaz, berriz, Euskal Mendizale Federazioaren selekzioarekin lehiatzen hasi nintzen, eta podium batzuk lortu nituen. Arrokak, bestalde, erabat harrapatu nau. Aurten lehia hitzordurik egon ez denez, su eta gar ibili naiz harkaitzean eskalatzen. Gaubea, Margalef, Araotz eta beste hainbat eskalada eskolatan egon naiz».

Oso motibatua

Hamalau urteko gazte honek ikasketak, entrenamenduak eta arroka uztartzen ditu. Hortaz, aste osoa bete-betea du. Hala ere, onartu digu hori guztia ez duela zama bat bezala ikusten, eta eskaladarekin oso motibatua dagoela: «Ikasketetan oso ondo nabil. Azterketak ez, baina froga txiki batzuk egin ditut eta den-denak ondo atera dira. Azterketaren bat dudanean eta Aretxabaletara entrenatzera joatean naizenean, bidean eskema batzuk egiten ditut eta bueltan topera ikasten dut. Etxeko lanekin ere gauza bera egiten dut».

Hori guztia entzundakoan, eskalatzailearen ama elkarrizketara gehitu zaigu: «Bai, bai, oso langilea da. Eta ikasketekin oso fin dabil. Arduratsua denez, bere denbora oso ondo antolatzen du».

Belarrek onartu digu entrenatzen oso gustura jarduten duela: «Bai, entrenamenduak gustuko ditut. Rokoan lagunekin elkartzen naiz, eta hor gabiltza ariketak egiten. Joseanek asko laguntzen digu eta aholkuak ematen dizkigu; oso gustura nago berarekin. Rokoan ondo pasatzen dudan arren, nik nahiago dut arrokan eskalatu. Rokoan leku itxi batean eskalatzen duzu; arrokara joatean, aldiz, naturan. Ezberdina da; berezia ere».

Kirol eskaladan izan duen progresioari dagokionez, aurreratu dugu urte hau berezia izan dela. Ezohikoa. Izan ere, hamar hilabetean 8a mailatik 8c-ra heltzea ez da batere normala. Protagonistak onartu digu lortu duen guztiarekin pixka bat «despistatuta» dagoela: «Jakina, oso pozik nago. 8c egitea ez zen neure burutik pasatu ere egiten! Amets handi bat bezalakoa da».

Hori gutxi ez, eta aurten egin duen ibilbide estratosferiko hori pandemia baten erdian lortu du. Itxialdi luze bat tarteko: «Hasieran, bajoi puntu bat izan nuen. Baina hamabost egunerako iragarri zutenez, bada, lasai hartu nuen. Baina gero luzatu zuten, eta uf! Motibazioari eusteko etxean bertan entrenatzen aritu nintzen. Aitak taula bat dauka, eta hainbat ariketa egiten nituen. Eta etxeko balkoian hainbat bloke sortzen jardun nuen [kar-kar]. Itxialdia luze joan zenez, amaieran ez nuen entrenatzeko motibaziorik. Arrokara joan nahi nuen!».

Itxialdia bukatu zen, eta Belarrek esku artean zuen askatasuna ondo baino hobeto aprobetxatu zuen. Gaubean bigarren etxea “eraiki” eta han ia uda osoa igaro zuen: «Oso motibatua nengoen, eta eskalada eskola horretan nire lehen proiektuak egiten hasi nintzen. Gainera, egoera zela eta, ezin ginen urruti joan. Gaubea oso gustuko dut, eta nire ezaugarrientzat hango estiloa oso egokia da. Proiektuak edo bideak nik neuk aukeratu nituen. Marra bat behetik ikusi eta hura probatzen nuen. Ona bazen, jo eta ke jarduten nuen».

Bai, Gaubea izan da atxondar gaztearen progresioaren giltza. Arestian aipatu dugu, urtarrilean, Araotzen, “Conan Dax Librarian” (8a) egin zuela. Azpimarratzekoak diren beste jarduerak, berriz, Arabako murru hauetan: “Poo-Zi” (8a+), “La vida de Pi” (8b), “La noche del mamifero” (8a, bistan), “Olatz” (8a+/b) eta “Gezurraren Erresuma” (8c). Maila bakoitzean bere lehen bideak izan dira: «Zalantzarik gabe, poz gehien eman didan bidea ‘Gezurraren Erresuma’ izan da. 8c zailtasuneko nire lehen marra! ‘Olatz’ ere asko gustatu zitzaidan, eta berezia izan zen 8a mailako nire lehen bidea bistan egitea ere».

“Gezurraren Erresuma”, beraz, izan da zerrenda bikain horretatik zailtasunik handiena duena. Urriaren azken egunean kateatu zuen, baina prozesua uztailean hasi zuen: «Lehen aldiz probatu nuenean, han bertan bide bera egin zuen beste eskalatzaile bat zegoen. Bidearen pauso guztiak esan zizkidan, baina nik era horretan ezer gutxi egin nuen. Nire metodoa aurkitu behar izan nuen; bazirudien beste bide bat egiten ari nintzela! Beheko sekzioan ez nituen arazoak izan; bai, ordea, goiko mugimenduetan. Ni txikia naiz, eta marra horrek pauso luzeak ditu. Hatz biko helduleku batetik beste batera heltzeko buruhausteak izan nituen. Hurrengora oso justu iristen nintzen; hain zuzen ere, hatz-hezurrarekin. Baina hari heldu eta katera erorikorik gabe heltzea lortu nuen. Aitortu behar dizut, katera heldu nintzenean ez nintzela hunkitu. Pozarren nengoen, baina, era berean, sentitu nuen zama bat gainetik kendu nuela».

Urriaren 31n, beraz, Belarrek hemengo eta ingurumari honetako kirol eskaladaren historian urrezko pasarte bat idatzi zuen. Inork ez du zalantzan jartzen, etorkizun handiko eskalatzaile baten aurrean gaudela. Oso gaztea da, eta urratsez urrats joan beharko du. Baina, bederen, aurten izan duen progresioa eta lortu dituen emaitza bikainak kutxa berezi batean gordetzeko ohorea du.

Urtea amaitzen ari da, eta protagonistak adierazi digu momentuz esku artean ez duela proiekturik: «Azaroan gaude eta urtea amaitzear da. 2021. urtea iritsiko da, eta ikusiko dut. Gainera, egoera aldatzen bada eskalada lehiaketetan izango naiz. Horiek ere gustuko ditut».

Hitz-aspertu hau amaieran zegoenean, gaztea, urduritasun guztiak alde batera utzi ondoren, oso aske ikusi dugu eta, agurtu aurretik, honako mezua helarazi nahi izan die gurasoei: «Zuen babesari eta laguntzari esker, bide zail horiek guztiak lortu ditut. Mila esker!».