Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

K6 izeneko mendilerroan emaitza bikainak erdietsi dituzte

Joan den urrian, Jeff eta Priti Wright estatubatuarrek K6 mendiaren erdiko tontorraren lehen igoera egiteaz gain, mendebaldekogailurraren hirugarrena sinatu zuten. Jarduera guztia biribildu ahal izateko, bederatzi eguneko lan eskerga behar izan zuten egin.

Pandemiaren erruz, Karakorumera joatea zaila izan da oso. Ohiko denboraldiari dagokionez, alpinista gutxik lortu dute Pakistanera bidaiatzea. Oso-oso motibatuta zeudenek “zirrikituak” aurkitu dituzte; alabaina, ez dute batere samurra izan ohiko baimenak lortu eta espedizioak era egoki batean antolatzeko.

Horietako bi Jeff eta Priti Wright senar-emazteak izan dira. Esku artean nortasun handiko xede gogor bat zuten: K6 mendiaren (7.282 m) lehen igoera. Zalantzarik gabe, espedizio hori Himalaian zein Karakorumen iragarri ziren proiektuen artean garrantzitsuena zen. Batetik, K6 mendilerroak bisita gutxi jasotzen dituelako. Eta bestetik, jardun behar zuten mendi hori zailtasun handikoa delako. Azkenean, asmo handiko proiektu hau ezin izan zuten biribildu. Baina ez ziren esku hutsik itzuli; izan ere, K6 mendiaren erdiko gailurraren (7.155 m) lehen igoera erdiesteaz gain, mendebaldeko tontorraren (7.100 m) hirugarrena egin zuten.

Bi alpinista horiek ez dira, berez, mediatikoki oso ezagunak. Aurreratu behar dugu espedizioak hirugarren alpinista bat zuela: Colin Haley. Horrek, bai, izen handia du, baina, bere sokakideek ez bezala, ezin izan du aipatu dugun emaitza patrikara eraman.

Haley berak azalpen guztiak eman dizkigu: «Pakistango iparraldean hilabete bat egin nuen, baina nire asmoak ezerezean geratu ziren. Herrialde horretara abiatu aurretik, martxoan, covid-19ak harrapatu ninduen. Ondoren, Pakistanera bidaiatzeko ‘garbi’ egon behar nuen, hau da, PCR proban emaitza negatiboa eman behar nuen. Eta handik irteteko, beste hainbeste. Girora egokitzeko fasea hiru astekoa izan zen. Baina bat-batean, urdailean bakterio batzuk nituela-eta egundoko beherakoa izan nuen, astebetekoa! Ondorioak, jakina, oso txarrak izan ziren, besteak beste, oso ahul geratu nintzelako. Den-dena, kanpaleku aurreratu batean (5.200 m) hasi zen. Ondoezik aurkitu nintzen, eta onartu behar dut, sekzio oso erraza bazen ere, zorigaiztoko jaitsiera egin nuela. Kanpaleku nagusian nire onera itzuli nintzen. Hala ere, ez nuen neure burua xede horretarako ikusten, eta espedizioa bertan behera uzteko erabakia hartu nuen».

Wright senar-emazteek, berriz, aurrera jarraitu zuten. Haiei buruz esan behar dugu gazteak direla. Jeffek 33 urte ditu, eta Pritik 32. Arestian aipatu dugu ez direla oso ezagunak. Alpeetan zein Patagonian eskalada garrantzitsuak egin dituzte, baina Karakorumen edo garaiera handiko mendietan lehen eskarmentua zuten.

Horren guztiaren inguruan, protagonistok adierazi dute duela urte eta erdi K6 mendira joateko helburua aztertzen hasi zirela: «Nahiz eta pandemia heldu zen, itxaropenari eutsi genion. Frantziatik irten baino hilabete bat lehenago, Colin Haley taldera batu zen. Bidaia eta espedizioaren logistika elkarrekin egitea erabaki genuen, baina Colinek beste asmo batzuk zituen. Hain zuzen ere, mendilerro horretan bakarkako hainbat igoera egitea. Plazer hutsa izan zen kanpaleku nagusia Colinekin partekatzea. Heroia da guretzat; izan ere, duela sei urte eskalada alpinoak egiten hasi ginenean, bera guretzat inspirazio iturria izan zen. Gainera, elkarrekin egon garen tarte horretan asko ikasi dugu eta makina bat aholku eman dizkigu».

Bederatzi egun

Espedizioa egiteko, planifikatzeko eta beharrezko guztia egiteko, estatubatuar bikoteak urte sabatikoa hartu zuten. Pakistanera joan aurretik, mundu zabalean hainbat eskalada alpino egin zituzten. Patagonian, adibidez, Cerro Torre eskalatzea lortu zuten. Eta Alpeetan, berriz, oso ezaguna den “Sei ipar pareta handiak” deituriko erronka erdietsi zuten.

Baina lehen urratsak egin baino lehen, estatubatuarrek nolabaiteko onespena jaso nahi zuten. Gogoratu behar dugu, duela bost urte, Graham Zimmerman, Steve Swenson eta Scott Benett K6 mendiaren gailur Nagusia eskalatzen saiatu zirela. Gailurrerian zirela, ekaitz bortitz batek harrapatu eta jaistea erabaki zuten. Senar-emazteak haiekin hartu-emanetan jarri ziren, eta adierazi zieten proiektuarekin aurrera jarraitzeko: «Erantzun ziguten ez zutela asmorik proiektu hori biribiltzeko, eta animatu gintuzten hasitako lanak guk bukatzera. Guk lasaitu ederra hartu genuen. Zazpimilakoen artean, K6 mendia xede handia da. Geure gaitasun teknikoak aztertu ondoren, aukeratutako bidea ez zitzaigun hain gogorra iruditzen. Erronkarik handiena garaiera izango zen».

Urriaren 5erako, bikotea, elur sakona zuen murru bat gainditu eta gero, 6.600 metrora heldu zen: «Bidearen lehenbiziko 600 metroak mendiaren hego-mendebaldeko aurpegian eskalatu genituen. Ondoren, hego-mendebaldeko ertzera heltzeko, elurrezko zein izotzezko sekzio bati (60 gradu) aurre egin behar izan genion. Bennet eta Zimmermanek ertz horretatik eta mistoko tarte tekniko (300 m) batetik jarraitu zuten mendebaldeko aurpegira iristeko. Gu, berriz, bi alpinistok jaisteko aukeratu zuten mendebaldeko murrutik igo ginen. Hego-mendebaldeko ertzean bibaka egin genuen. Hamabi orduko eskalada izan zen, alegia, egun gogorra izan zen. 900 metroko eskalada horrek aldats pikoak (70 gradu) izateaz gain, izotzaren gainean milimetro gutxiko elur estalkia zuen. Goiko aldatsetan, bestalde, elur sakonarekin egin genuen topo. Eguraldi adituek aurreratu ziguten garaiera horretan 45 kilometro orduko boladak izango genituela».

K6 mendiaren mendebaldeko eta erdiko gailurrak zapaldu eta gero, bikoteak ikusi zuen tontor nagusira heltzeko aukera oso gutxi izango zituztela: «Igo gabe zegoen sekzio batean sartu ginen, eta geure helburua mendebaldeko gailurra eta tontor nagusia lotzea zen, baina geure urratsak erdiko gailurrean eten genituen. K6 mendiaren erdiko tontorraren mendebaldeko isuriak izotzezko eta elurrezko aldats pikoak (80 gradu) zituen. Hiru bibak gehiago egin behar izan genituen hego-mendebaldeko ertzean zegoen bibaketik (6.600 m) K6 mendiaren mendebaldeko tontorrera heltzeko».

Nahiz eta helburu nagusia zintzilik utzi zuten, bi estatubatuar alpinistek goi mailako emaitza erdietsi zuten. Bestalde, horri gehitu behar diogu jarduera osoa estilo alpinoan egin zutela, eta, oro har, mendiaren zein eguraldiaren baldintzak ez zirela batere samurrak izan: «Guk uste dugu negua nahiko aurreratua zegoela, besteak beste, -21ºC-ko tenperaturak izan genituelako. Gauak oso luzeak ziren; egunak, aldiz, oso motzak. Horretaz gain, haizete indartsuak jasan genituen eta hainbat egunetan elur sakonari aurre egin behar izan genion. Guk igotako bideari dagokionez, aurreratu behar dugu mistoko sekzioak saihesten dituela. Eta zailtasun handienak aldats tente (80 gradu) batzuetan aurkitu genituen. 2.000 metroko ibilbidea izan zen. Kanpaleku nagusi aurreratutik hasita, bederatzi eguneko (zortzi bibak) jarduera izan zen; hau da, joan-etorriak denbora hori eskatu zigun».