Inkoherentziaren jomuga
Gure lagun baten esaldi errepikatuena, uda aurrean deskonfinamendua hasi zenetik, hauxe da: «Hain da paranormala dena». Gure lagun taldean, hark betetzen ditu zorrotzen neurri guztiak, gurasoak oso zaharrak eta erabat mendekoak dituenez, haiek zaintzera sarri-sarri joan behar duelako eta haiek kutsatzeko beldurrak airean bizi delako, batez ere. Bere zorroztasun eta seriotasun hori jende askori bost axola zaiola dakusa egunero, ordea, eta sutan jartzen da; are suminduago, halere, gure erakundeen irizpide eta neurri festa zoroa ikusirik, behin eta berriz egiaztaturik nola dabiltzan dantzan etengabe herritarron ongizatearen eta herrialdearen ekonomia-osasunaren arteko ustezko soka fin konplikatu horren gainean. Orain, udarenean bezala Eguberrien atarian, erakundeok goia jo dutela uste du, oraintsu arteko segurtasun neurri ezinbestean bete beharreko hil ala bizikoak bat-batean arinduz, inolako disimulurik gabe, argi eta garbi kontsumismoaren urrezko garaian gaudelako, alegia, urteko erosketa mugimendu masiborik handienean.
Bai, bada, inork zalantzan jartzen al zuen urri eta azaro hutsalen ondoren urte sasoi hau hurbildu ahala bat-batean dena erlaxatuko zela? Nahiz eta jendeari alde guztietatik etengabe errepikatu «erne segitu behar dugu», «norbanakoek arduraz jokatzea hil ala bizikoa da», «ez lasaitu, segi babes eta higiene neurriak zorrozki betetzen, senideekin elkartu arren», «ezingo dugu beti bezala ospatu, baina hobe behin urrun bizitza osoan baino» eta antzeko mezu serio –are alarmista ere askoren ahotan– eta, noski, erantzukizun instituzionalez jantziak betiere, benetan badakitela errealitatea ez dela hori izango, herritarrak ez garela elkartuko etxean maskara jantzita, gau hotz betean leihoak irekita eta gau osoa elkarrengandik metro eta erdira batak bestea ukitu barik? Norbaitek duda al dauka, egiatan, jendearen zorionerako, jendeak bero beharra duelako, jendearentzat gogorregia litzatekeelako, egungo osasun egoerak bide apur bat gehiago ematen duelako, «Gabonak nolabait salbatuko ditugu» horren atzean, pandemietan, osasun arloan eta politikan aditua izan gabe ere sen onak agintzen duenaren gainetik, beste gauza batzuk salbatu nahi direla?
Erroturiko jendarte ereduaren osasuna eta biziraupena, horiek sostengatzen dituzten balioak; pandemia aurreko ekonomia ereduaren jarraitutasuna, dena aldatzen ari dela iruditu arren ezer ez dadin alda. «Paranormaletik ezer ez du horrek», diotsot beti lagunari, paranormala mezuen eta erabakien arteko koherentzia bailitzateke; kalkulu erabat politikotik, ordea, dena, inolako disimulurik gabe.