Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Unerik latzenetako hura

Zein kuriosoa 2020ko unerik latzenetan (kalea debekatu zitzaigulako, gure jendearekin egon ezin genuelako, sistemaren hainbeste hutsune eta horien ondorio izugarriak bata bestearen atzetik azaleratzen ari zirelako…) «jendarte hobea egingo gaituen urtea», «herritar guztiongan onerako inflexio puntuaren urtea» edota «politiken eta agenden erdigunean zerk egon behar duen garbi utzi digun urtea» izendatu zena zer-nolako euforiaz agurtu dugun, oro har, haren hondarretan.

Azken egunetako mezuak denak izan dira 2020ari mespretxua adierazteko, bizi izandako guztia –gordina eta txarra dena– urtearekin berarekin desagertzera joango balitz bezala, lasaitasuna agertzeko. Azkenean, 2020a amaitzeko unean, badirudi jendeak batez ere ahanztura nahiari helduta eman diola ongietorria urte berriari, eta benetako ezinegona eragiten dit pentsatzeak ahanztura horren barruan urte osoa sartuta, eta, beraz, baita «jendarte hobea, inflexio puntua edota erdigunean zerk egon behar duen» ere, 2021 hau jendarte gisara, mundu gisara, 2020a hasi genuen puntu berean hasi dugula, zabalki eta oro har. Txar horrek guztiak ezer onik, ezein bide desberdinik, inolako irakaspenik erakutsi ez baligu bezala, batetik; 2020an, pandemia honetaz harago eta pandemia betean, hain zuzen, munduan ezer onik, inolako lorpenik, hainbeste borrokaren garaipenik gertatu ez balitz bezala, bestetik. Orduan, hortxe geundela, iaz jazotakoarekiko mespretxu eta ahanzturaren goraipatze euforikoaren erdian, albiste izugarri beharrezkoa, ona, jaso genuen alferrikako urtea inondik ere izan ez dela pentsatzen dugunok: aurrerantzean, abortua legezkoa izango da Argentinan; hango mugimendu feministak lortu du mundu osoan erdi daitekeen ororen funtsezko eskubide izan beharko lukeen hori: abortu seguru eta doakoa. Eta ikusi genuen hango ospakizuna, hango hainbeste emakumeren poza eta lortutakoaren harrotasuna, pertsonok elkar hartuta eta unearen nolakotasuna gorabehera amore ematea ez dela aukera irmo sinetsita lor dezakegunaren berrespena, 2020ko une latzenetan amesten eta aldarrikatzen genuen bezala, ez geure zilborrerako bakarrik, baizik munduaren norabiderako: pertsona guztion aldeko benetako aldaketak. Bata bestearen atzetik.

Zer modu hobea datorren garaiari heltzeko, txar-sufrimendu-gatazka ororen ahanztura nahi antzuari helduta beharrean, horrek guztiak demostratzen digun bidean, eragiten digun bizipen, hausnarketa eta aldaketetarako gogoan sinestea baino. Izan ere, urte aldaketa ez da ezeren amaiera, bideen jarraitutasuna baizik.