EDITORIALA
EDITORIALA

Oligopolio elektrikoari amaiera eman behar zaio

Herenegun, Estatuan egiten den elektrizitatearen enkatean, argindarrak inoiz izan duen bigarren prezio handiena izan zuen: 94,99 euro/megawatt-ordu (MWh). Ohi denez, hotz handiak iristean argindarraren prezioak gora egiten du, bero handiekin egiten duen bezalaxe: berotzeko eta hozteko elektrizitatea beharrezkoa baita. Baina prezioen hazkunde horien atzean ez daude eguraldiaren gorabeherak, giza erabakiak baizik.

Igoera horiek justifikatzeko beti topatzen da aitzakia. Oraingo honetan, gasaren prezioaren igoera izan da. Nonbait, Asiako ekialdean ere hotz handiak egiten ari da eta gas-ontziak hara eramaten ari dira euren karga preziatua, eta horrek gasaren salneurria igotzea eragin du. Zaila gertatzen da hori sinestea. Munduko burtsa guztietan milioika etorkizun-kontratu negoziatzen dira, gasarenak barne; hain zuzen ere, erosketen prezioa kontrolpean izateko eta azken orduko gorabeherek eraginik ez izateko. Kasu gehienetan, gainera, enpresa handiek epe luzeko hitzarmenak sinatzen dituzte, hornikuntza prezio jakin batzuetan ziurtatzeko. Beraz, funtzionamendu orokorrean merkatuaren prezioak oso bazterreko eragina du, baina aitzakia moduan ondo datorkie.

Horretaz gain, egun, antolatuta dagoen sistemari «elektrizitatearen merkatua» esaten diote baina, berez, «argindarraren oligopolioa» da. Lauzpabost enpresa erraldoik kontrolatzen dituzte eragiketa gehienak eta prezioak baldintzatzeko gai dira. Testuinguru horretan ez dago merkaturik, ezta lehiarik ere. Eta ezohiko egoeretan –hotz-boladetan adibidez– oso nabarmena da konpainia erraldoi horien nagusitasuna: herritarrak bahituta gelditzen dira.

Badira esparruak non merkatuak ez duen justifikaziorik, ez prezio aldetik, ez eskaintzen den zerbitzuen aldetik, ezta eraginkortasunaren ikuspuntutik ere. Logikoena eta eraginkorrena Estatuak antolatu eta kontrolatzea litzateke. Eta sistema elektrikoa da horietako bat.