Asier ROBLES
DONOSTIA

«Sotoan gordeak» eleberria aurkeztu du Gorrotxategik

Miren Gorrotxategi idazleak bigarren eleberria aurkeztu du, «Sotoan gordeak» izenburupean. «33 ezkil» bezala, nobela beltza da eta familia eta bikote barruko sekretuak ditu hizpide. Iaz irabazi zuen (H)ilbeltza bekari esker kaleratu ahal izan du lana.

“Sotoan gordeak” eleberria aurkeztu berri du Miren Gorrotxategi Azkune idazleak, Donostian. Egile azpeitiarraren bigarren lana da honakoa eta, 2017an “33 ezkil” plazaratu ondoren, oraingoan ere nobela beltzaren bideari jarraitu dio.

Idazleak azaldu zuenez, eleberriak Nora eta Alex ditu protagonista nagusi. Bikotea Bilboko Guggenheim museoan erakusketa bat ikusten ari direla, Norak beste garai bat gogorarazten dion zerbait ikusten du. Alexek zer gertatzen den galdetzen badio ere, Norak ez dio erantzuten. Egun berean izango du Norak aitaren heriotzaren berri, eta horrek eramanen du bikotea Noraren sorterrira, Vianara. Han, Alex Noraren iragana ikertzen hasiko da, bere sekretuak zeintzuk diren jakin nahian. «Hor egiten du istorioak eztanda», aurreratu zuen Gorrotxategik.

Noraz eta Alexez gain, eleberrian Noraren familiak ere protagonismo handia du; batez ere, bere amak. Izan ere, nobela hiru alditan gertatzen da: 1989. urtean, 2009an eta 2019an. Honek Noraren iragana hurbilagotik ezagutzen laguntzen dio irakurleari.

Esan bezala, Bilbon eta Vianan kokatzen da istorioa. Guggenheim museoan hasten da; izan ere, protagonistak ikusten ari diren erakusketan egon zen Gorrotxategi bera. «Erakusketa koloretsua izan arren, eleberri beltz bat hasteko eta kontraste hori aprobetxatzeko balio zidala pentsatu nuen», azaldu zuen idazleak. Vianari dagokionez, Gorrotxategik esan zuen udak Errioxan igarotzen dituela eta paisaia hori kokagune duen istorio bat sortzeko gogoa zuela.

Eleberriaren izenburuak iradokitzen duen bezala, ezkutuko kontuak dira istorioaren oinarria. «Guztiok ditugu sotoan gordetzen ditugun ezkutuko hainbat gauza, bakoitzak barruan daramatzagun alde ilunak, lotsatzen gaituztenak edo ahaztu nahi ditugunak. Eta inor ez dugu horra gonbidatzen», esan zuen. «Odolezko familian eta hautatutako familian isildutakoak, hitz erdiak eta estalitakoak zurrustan aterako dira», dio Txalaparta argitaletxeak plazaratu duen liburuaren sinopsiak.

Nobela beltzaren barruan kokaturik, «intriga eta misteriozkoa» dela nabarmendu zuen. Idatzi dituen bi liburuak genero horretakoak dira; izan ere, Gorrotxategik azaldu zuenez, “Sotoan gordeak” eleberriak “33 ezkil” liburuarekin ezaugarri komunak ditu: «Biek dituzte jauziak denboran, eta sekretuek eta familiako kontuek garrantzi handia dute. Hala ere, eleberri berrian kontatzeko modua egituratuago dago», zehaztu zuen. 14 kapitulutan banaturiko 224 orrialde ditu “Sotoan gordeak”, lanak eta bertan hiru garaiak bereizten dira.

Nobela beltzak idazten jarraituko ote duen galdetuta, duela gutxi Imanol Rayoren film “Hil kanpaiak” bihurtutako “33 ezkil” eleberria idatzi ostean, genero beltzak «harrapatu» egin zuela onartu zuen. «Eroso sentitzen naiz genero honetan; hala ere, ate guztiak irekita utziko ditut, denbora pixka bat itxarongo dut eta gero gerokoak...».

(H)ilbeltza beka

Iaz irabazitako (H)ilbeltza bekari esker kaleratu du Gorrotxategik lan berria. Baztanen egiten den nobela beltzaren inguruko jaialdiaren baitakoa da, eta Baztango Udalaren eta Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin sustatzen da deialdia. Irabazteak ekarri zion aukeraz «proiektu bat hasi eta amaitzeko bultzada» izan zela aitortu zuen egileak.