GARA
erroma

Renzi berriro ere liskarbide, Italian gobernu berria osatzeko negoziazioetan

Mateo Renzi Italia Bizirik alderdiaren burua eta Gobernuaren erorketaren erantzule nagusia, berriro liskarbide bihurtu da koalizioa berrosatzeko negoziazioetan.

Sergio Mattarela Italiako presidenteak Roberto Fico Diputatuen Ganberako presidenteari gobernu berria babesteko koalizio sendo bat osatzeko bitartekari lana agindu zion.

Aurreko koalizioa osatzen zuten alderdi guztiekin elkartu da eta bihar presidenteari aukera bat aurkeztu beharko dio.

Ordezkaritza txikiena duten alderdiak prest agertu ziren atzo Giuseppe Conte buru duen gobernu berri bat babesteko, betiere osasungintzan eta hezkuntzan inbertsio programa sendoa baldin badu. Larunbatean M5S-k eta Alderdi Demokratak (PD) nabarmendu zuten Conte lehen ministro izan behar dela, «inolako eztabaidarik gabe», eta gobernu programa bat proposatu zuten.

Renziren baldintzak

Renzik, bere alderdiak ordezkaritza txikia badu ere, aurreko gobernua erortzea eragin zuen, europar funtsen kontrol falta argudiatuz babesa kendu ondoren. Orain, prest dago Contek jarraitzeko, baina horren truke Roberto Gualtieri Finantza ministroak ez jarraitzea exijitu du. «Eztabaida ditzagun ideiak, gero izenak», adierazi zuen atzo.

Haren jarrerak desadostasuna piztu du beste alderdietan ere. M5S, aurreko hauteskundeetan boto gehien jaso zuen indarra (%32), banatuta dago Renziren eskaerei amore ematean noraino joan behar den.

«Botoen %2 duen gizon bat bezala tratatu behar dugu. Oso ahula da», adierazi zuen Pinco Cabras M5S-ko diputatuak, eta Renziren eskaerei nola erantzun eztabaidatzearen kontra agertu da.