EDITORIALA
EDITORIALA

Galdera gehiegi erantzun zain Zaldibarren

Gaur betetzen da urtebete Eitzagako zabortegia maldan behera amildu zenetik. Lehenengo hilabetean eztabaida publikoaren erdian egon bazen ere auzia, pandemiak aktualitatetik desagerrarazi du gupida handirik gabe. Urteurrenak, ordea, hondamendiaren harira sortutako galderak lehen lerrora ekarri dizkigu. Ez dira gutxi, eta gehienek ez daukate oraindik ez erantzunik, ezta erantzulerik ere.

Horietako batzuk epaitegian argitu beharko dira, oso mantso doan auzi bikoitzean; urtebetean ez dute deklaratzera inor deitu. Ezinbestekoa da auzitegietan behar beste baliabide jartzea horrelako kasu konplexu batek aurrera egin ahal izateko. Badira, edonola, epaitegietatik kanpo erantzuna merezi duten galdera ugari ere. Arantza Tapia sailburuak berak onartu zuen, atzo, «sakontasun handiagoarekin» ikertu behar diren elementuak badaudela. Hitzak, ordea, ez datoz bat Gasteizko Parlamentuan ikerketa batzorde bat sortzearen kontra bozkatzearekin. Ezta hiru adituri enkargatutako txostena ez publikatzearekin ere.

Funtsezko galdera, gainontzeko guztien abiapuntua, bat da: nola saihestu zitekeen hondamendia? Kontrol handiagoarekin, esango du baten batek. Ikuskapenak, ordea, egin egiten ziren. Azkenengoak, luizia baino hiru hilabete lehenago egindakoa, 23 arau-hauste topatu zituen. Zergatik ez zen orduan ezer egin? Lakua inolako dotoreziarik gabe saiatu da hasieratik ardura guztia enpresaren bizkarrean uzten. Saiakera guztiz lotsagarri eta infantila den arren, jo dezagun une batez baliozkotzat eta galdetu dezagun: Zaldibarko hondamendiak hondakinen kudeaketa ingurumenarentzat eta osasunarentzat hain delikatua dela erakutsi badu, kontrolik gabeko enpresa pribatu baten esku uzteak bermatzen al du horrelako hondamendirik berriro ez gertatzea? Joaquin Beltranen gorpua bilatzen jarraitzeaz gain, ezinbestekoa da administrazio publikoek dagokien ardura euren gain hartzea, eta batez ere, hondamendia ahalbidetu zuen eredua guztiz iraultzea.