GARA
yangon

Myanmarreko batzorde militarrak gerra-legea ezarri du

Egun Myanmar gobernatzen duen batzorde militarrak gerra-legea ezarri zuen atzo herrialdeko hiri nagusietan. Gainera, estatu-kolpea salatzeko kalera atera diren manifestarien aurka «legezko» neurriak hartuko dituztela mehatxu egin zuten militarrek eta «herrialdearen egonkortasuna eta segurtasuna kaltetzea» leporatuko dietela. Kolpearen aurkako mobilizazioen hirugarren eguna izan zuten atzo eta greba orokorra deitu zuten hainbat sindikatuk.

Myanmarko Armadak gerra-legea ezarri zuen atzo hainbat hiritan, hirugarren egunez herrialdeko kaleak hartu zituzten manifestazioei erantzuteko; duela astebete emandako estatu-kolpearen aurkako protestak dira horiek.

Greba orokor baten eta protesta masiboen ondorioz herrialdea ia geldirik geratu ostean, iragarri zuen batzorde militarrak neurria. Bost udalerritan deklaratu dute gerra-legea, eta, etxeratze-agindua ezartzeaz gain, bost pertsona baino gehiagoko bilkurak eta hitzaldi publikoak debekatu dituzte.

Manifestarien aurka «legezko» neurriak hartuko dituztela iragarri zuten militarrek MRTV telebista katearen bidez, eta «herrialdearen egonkortasuna eta segurtasuna kaltetzea» leporatuko dietela.

Preso Politikoen Laguntzarako Elkarteak emandako datuen arabera, kolpearen ostean, gutxienez 163 pertsona atxilotu dituzte, eta horietako bik bi urteko kartzela-zigorra jaso dute.

Atzoko greba orokorrak jarraipen handia izan zuen Yangonen, herrialdeko hiririk handienean, eta ia geldiarazi egin zuen hiriburu zaharra, milaka pertsona hirigune historikoan bilduta zeuden bitartean.

Ministerio batzuetan ere nabaritu zen greba, Kanpo Arazoetarako Ministerioan kasu, non funtzionarioak eta erdi-mailako kargudunak desobedientzia zibileko mugimenduarekin bat egiten hasi diren.

Manifestazioetan, batez ere gazteak izan ziren protagonista asteburuan, eta atzo honetan sektore guztietako langileek parte hartu zuten; suhiltzaileek, uniformedun maisuek, osasun-langileek... eta LGTBI kolektiboaren eta herrialdeko gutxiengo etnikoen pankartak eta banderak ere ikusi ziren.

1962tik 2011ra bitartean herrialdea gobernatu zuten militarrek joan den astelehenean hartu zuten boterea, azaroko hauteskundeetan iruzur masiboa egon zela salatu ostean (inolako frogarik eman gabe); Suu Kyiren alderdiak eserlekuen %83 bereganatu zituen.

Demokraziarako Liga Nazionalak (LND), Suu Kyi buru duen alderdiak, gobernu hautetsia soilik zilegitzat jotzeko eskatu dio nazioarteko komunitateari.