Arrakalarik gabeko liderrak
Olaizolak eta txapelketako Rezustarik onenak gauzak zaildu dizkiete, baina sufritzen badakitela erakutsi dute Elezkanok eta Zabaletak

OLAIZOLA-REZUSTA 18
ELEZKANO-ZABALET 22
Garaipen distiratsuagorik izan badute ere, partida itsustu egin zen erditik aurrera, emaitzez –bi puntuko aldea ateratzen diete galtzaileei– eta jokoz –une zailenetan martxa aldatzeko gai direla berretsi zuten– euren lidergoa sendotu zuten Elezkano II.ak eta Zabaletak atzo Logroñon. Euren defentsarekin, senarekin eta aspaldiko Rezustarik freskoenarekin, Aimar Olaizolak eta bergararrak gauzak estu jarri zizkieten oso maldan gora izan zuten partida hamaseina berdinduz, baina sufritzen ere badakitela erakutsi eta garaipen handia lortu zuten, lehen itzuli ia perfektua borobilduz.
Perfekzio horretatik oso hurbil egon ziren atzo Aspekoak, batez ere partida hasiera ikusgarri batean. Lehia askotan ondo hastea kostatzen zaion arren, Zabaletak bikain ekin zion atzokoari eta Elezkanok, aurreko astean bezala, ausart eta eraginkor, bikain lagundu zion, bost tanto lortuz jarraian (0-5). Hasiera horretan ahulgunerik gabeko bikotea zirudien Aspekoak eta Olaizola-Rezusta bezalako bikote handi bat nahieran erabili zuten, baina Baikokoek euren armak atera eta pixkanaka partida orekatuz joan zen.
Gehienean dominaturik izan baziren ere, ofizioz, sufritzen jakin izan zuten, defentsa handia erakutsi eta partida gogortuz joan ziren, euren aukera noiz iritsiko zain. Eta heldu zen, alde batetik urdinak huts batzuk biltzen hasi zirelako eta bestetik Beñat Rezustak ere gora egin zuelako nabarmen, batez ere pilotetako batek bote handi xamarra hartu zuenean. Aimar Olaizolak ere bikain irakurri zuen hori eta luze sakatuz eta sake-errematean asmatuta, partida hamaseina orekatzea lortu zuten Baikokoek.
Zailena egina zutela zirudien, baina aurreko astean Urruti-Imazi gertatu bezala, liderrek gordeta zuten beste martxa hori ipini zioten lehiari, eta Aimarrek –huts batzuk eginda– eta Rezustak ezin izan zioten eutsi.

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Primer paso para garantizar el plurilingüismo en las instituciones

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7
