Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Eta orain zer?

Neka-neka eginda amaitu dut astea. Nik ez, neure buruak. Total, gaur goizean hortxe izan ditut, mahaiaren ezkerreko bazterrean, etxe barrutik kanpoko pinuetara begiratu eta ezkerrean, hortxe, aste osoko egunkari bietako aleak. Eta begiratu arina eman diet di-da batean, kafe katilua hustu bitartean, gaurko zutabe horizontala mamiz betetzeko; nire mamiz, prefosta! Hain arin begiratu, non ez dakidan albisteak behar bezala ulertu ditudan.

Horra! Bi formazio independentista norgehiagoka ari dira gobernu bakar bateko uztarria zelan osatu nor baino nor. Hara! pentsatu dut, katalan hauek... Bada ez, bai zera, kimera! Ozeaniako Kanakyko egoera politikoaz zihoan albistea... lerdoa ni! Total, Katalunian geratuta, betiko galdera gaur ere: Eta orain zer? Galdera horrek berdintzen gaitu Pirinioetako bazter biko herrikideak. Eta erdikoak, eta Groenlandiakoak, eta Swazilandiakoak, eta Bilbo erdikoak eta... Espainiako horiek ere bai, oraindik ez jakin arren! Eta gu hemen, txerto-saltsan, antzeko galdera buruan: eta orain zein? Zerrendaren ordenan ordena omen. Amen!

Gutxi ginen eta ama-arroka haurdun! “Perseverance” ibilgailua Marten da dagoeneko. Kolpea gero! Han bizitzarik balego “Earth attacks” filmatzen hasiko lirateke, «Eta orain zer» galdera egiteaz gain. Ezin dut ulertu lurtar batzuen pertseberantzia hori: Martera joan bizitzaren arrasto fosilik eta urik bilatzeko... oraindik ere Lurrean bertan den bizitzaren arrasto bizi asko ezezagun ditugunean. Ez ote litzateke zentzuzkoagoa ibilgailua Mediterraneora bidaltzea, bertoko uretan lur hartu eta hura zeharkatzen saiatzen diren bizidunen arrastoari jarraitzea? Hori bai, argazkiak etengabe bidaliz... lortu ez dutenen gorpuena batez ere, zuri-beltzean. Mars 2020 dio NASAk. Agenda 2030 dio NBEk. Nago ni ez direla bateragarriak. Eta bigarrena dela lurtarra. Eta orain zer?