Rebeka Ubera eta Karlos Ibarguren
EH Bilduko legebiltzarkidea eta EH Bilduko Osasun idazkaria
GAURKOA

Urtebeteko irakaspenak

Nork esango zuen 2021eko martxoan osasun larrialdian murgilduta egongo ginenik, SARS-CoV-2 birusaren atzaparretan harrapatuta, biztanleria osoaren osasun egoera baldintzatuta, eskubide zibil eta sozialak murriztuta, ekonomia hankaz gora eta urteetan eraikitako Mendebaldeko gizarte «hegemonikoa» kuestionatuta.

Osasun larrialdiaren ondorioz alarma egoera ezarri zenetik urtebete pasatu den arren, gogoan dugu EAEko autogobernua nola joan zen ahultzen eskuduntza ezaren ondorioz. Eskuduntzak dituen alorretan, aldiz, Jaurlaritzak egoerak eskaturiko erabaki ausart eta gogorrak hartzeari uko egin zion. Onartu behar da igeri egin eta arropa gordetzeko duten abilezia. Eskuduntza ezak eta ausardia ezak euskal osasunean azken urte hauetan sortutako zuloak agerian utzi ditu covid-19 pandemiak. Euskal oasiaren mitoa txikitu du.

Egoera sozioekonomikoan dagoen arrakala agerian geratu da. Herritarren arteko ezberdintasun sozialak sekula baino handiagoak dira. Adinekoen zaintza esku pribatuetan eta azpikontratatuetan uzteak duen eragina ikusi dugu. Desgaitasuna duten pertsonen ahuleziaren testigu izan gara. Bakardadea pairatzen duena birus txiki batek nola birrindu dezakeen ikusi dugu. Emakumeengan edozein egoerak zenbateraino eragin dezakeen ikasi dugu. Etorkinentzat edozein aldagai hilgarri bihur daitekeela egiaztatu dugu. Denontzat muga eta debeku berberak ezarriz, gehien behar duenari gehiago eman ez zaionez, arrakala areagotu egin da. Laburbilduz, herritarron osasuna urritu egin da, bereziki osasun gutxien zuten herritarrena.

Osasun Sailean eta Osakidetzan susmatzen genituen ezinak ere agerian geratu dira. Egoera soziosanitarioari eta honen baldintzatzaileei aurre egin ezin zien eta osasunaren sustapena egin ezin zuen Osasun Publikoko zuzendaritza ahul batek ezer gutxi egin ahal izan du horrelako pandemia baten aurrean. Berandu eta gaizki indartutako zuzendaritza ikusi ahal izan dugu.

Osakidetza, antzera. Koordinatuko zituen zuzendaritzarik eta lidergorik gabe, bururik gabeko oiloak bezala, birusari aurrea hartu ezinean ibili dira eta dabiltza ESIak. Egoerak behar zuen estrategia argirik gabe eta berandu iritsi diren protokolo kontraesankorrez blai. Zer esanik ez, azpikontratazio bidez pribatizatutako zerbitzuak. Osakidetzak albo batera utzi ditu erabat eta bertako langileek pairatu dute arduragabekeria. Azken adibide nabarmena anbulantzietako pertsonen txertaketa izan da.

Urtebete honetan zientzia ezberdinek aukera paregabeak eskaini dizkiguten arren, zalantzak ditugu eraginkortasunez baliatzen ari ote garen. Osasun Saila, Osakidetza eta, zergatik ez, gure gizartea berrasmatu beharko genituzke. Hirurak lerrokatu beharko genituzke osasun baldintzatzaileetan eraginez, denon osasuna sustatu eta arrakalak murrizteko. Ezberdinkeria murriztu nahi badu, Osakidetzak Lehen Arretaren egoera zuzendu behar du. Egungo egoeran asistentzia nekez egiten duen Lehen Arretari ezinezko zaio osasunaren sustapenik egitea. Bere burua berrasmatu behar badu, Osakidetzak urte luze honetan %200 eman duten osasun langileen kontratazio eredua berraztertu behar du behin-behinekotasuna murrizteko.

Geuk ere, Gobernuaren ardura maila bera ez izan arren, badugu zer hausnartu eta akaso berrasmatzeko premia. Maiz entzun da urte honetan zehar, denok lerrokaturik arraun egin ordez, gehiegi ibili ote garen elkarri mokoka. Gobernuarekin batera lan eginez pandemiari aurrea hartzeko balioko zuten proposamenak egitea izan da gure asmo zintzoa. Beste eragile askok bezala, guk ere sentitu dugu Gobernuak ez duela gurekin lan egin nahi izan, eta hortik etorri dira egin ditugun kontrol ekimenak eta kritikak. Zentzu horretan egin genituen lehenengo proposamenak lehen kasu positiboa ezagutu aurretik: osasun arloko langileen babes neurriak hobetzeko, arnasgailu gehiago erosteko, baheketak areagotzeko, 2021eko aurrekontuan iaz baino 55 milioi euro gutxiago bideratzeko Jaurlaritzaren asmoa atzera botatzeko, Gabonetan tentuz aritzeko, txertaketaren abiadura areagotzeko… eta beste dozenaka proposamen. Halere, norbaitek ika-mikan gehiegi aritu garela uste badu, horren inguruan ere hausnartzeko prest gaude.

Berriz ere, kutsatze kasuak nabarmen gutxitzen ari diren fase batean sartzen ari gara. Osasun Publikoan eta Osakidetzan kontratuak bat-batean eten ordez, aukera dugu pertsona hauei egin duten lan guztia eskertuz kontratuak luzatzekoa. Zertarako? Kutsatzeak zehazki non gertatzen ari diren aztertzeko (mugak eta itxiera neurriak datuetan oinarrituz gero, kontrako sententziak ekidingo lirateke) edota arrakala gutxituko duen osasunaren sustapena egiteko. Ziur gaude bide hori hartuz gero, epe ertain-luzean dirua aurrezteaz gain, bizitza asko salbatuko direla. Osasun Sailari eta Osakidetzari berriz ere eskatzen diegu, kudeaketa osoa beren bizkar gainean hartu beharrean, EAEko eragileekin, erakundeekin eta, zergatik ez, ahaldundutako herritarrekin partekatzeko. Naftalina usaina duten bulegoetan idatzitako hainbeste Bizi Berri planen ordez, adostasunaren eta elkarlanaren arnasaz biziberritu dezatela gure gizartea.

Bizitza asko eraman eta beldur eta neke handia utzi du covid-19ak. Pandemiak aurrera egin ahala, zenbakien preso bilakatu gara, zenbakiak transformatu eta desegiteko gaitasun gutxirekin. Aukera bat beste baten atzetik galtzen utzi dugu. Irailean, ikasturte hasieran, geure buruari zerbait ikasi ote dugun galdetzen genion. Zer diozue?