Garazi Lopez de Aguileta
Wisconsineko Unibertsitateko ikerlaria
KOLABORAZIOA

Biktimen babesleak babestu, genero indarkeria amaitzeko

Zenbat emakumek eskertuko genuke, irakasle batek komentario matxista bat egitean edo taberna batean zerbait hartzean mutil batek deseroso sentiarazten gaituenean, inguruko norbaitek laguntza eskaintzea? Zenbat aldiz geratu gara harrituta inguruko pasibotasunarekin horrelako egoeren aurrean?

Genero-indarkeriaren biktima gehienak horrela sentitu dira jazarpena salatu nahi eta instituzioen eta gizartearen ekintza falta aurkitzean. Zaila da biktimak defendatzea, eta horren arrazoia bigarren mailako sexu-jazarpena da (SOSH, ingeleseko siglengatik). SOSH genero-indarkeriaren biktimak lagundu eta defendatzen dituzten pertsonek jasaten duten jazarpena da. Hau da, biktimak defendatzen dituen edonork erasoak jasoko ditu. Izan ere, erasotzaileek ondo dakite biktimak ez direla ausartuko jazarpena salatzera bakarrik sentitzen badira, ez badaukate inoren laguntza eta babesa. Horregatik, bai erasotzaileak, eta bai haien konplizeak ere, biktimen alde kokatzen den edonoren kontra joko dute haiekin amaitu arte, jazarpenarekin libre jarraitzeko.

Duela bost urte, EHUn ikasketak amaitu eta gero, CREA ikerketa taldean lan egiten hasi nintzen. Han ikasi nuen SOSH zer den, ez bakarrik CREAk errealitate honi buruzko lehen ikerketa egin zuelako, baizik eta SOSH haien azalean bizi dutelako. CREAren sortzailea, Ramon Flecha bilbotarra –mundu mailan genero-indarkeriaren lehenengo ikertzailea Google Scholar-eko ranking-aren arabera–, izan zen Bartzelonako Unibertsitateko sexu-jazarpenetan gehien aritu den katedratikoa salatu zuen lehenengo pertsona. Flechari esker, katedratiko horren biktimak survivor bihurtu ziren, indartu egin ziren eta Unibertsitateetako Genero Indarkeriaren Biktimen Elkartasun Sarea sortu zuten, inor gehiago bakarrik sentitu ez zedin horrelako egoeretan. Horrela lortu zuten, bai pertsonalki eta bai profesionalki ere, arrakasta izatea. Hala ere, Sinc agentziaren artikuluak islatzen duen bezala, kostu profesional eta pertsonal handia izan zuen Flecharentzat eta CREAko beste lankideentzat biktimen alde egiteak, ez baitzegoen, momentura arte, haien ausardia babesten zuen mekanismorik.

Zorionez, jende ausart eta iraultzaileari esker, biktimek eta haien alde egiten dutenek gero eta babes handiagoa izango dute. CREAren lanak SOSHa ekiditeko duen inpaktu politiko eta sozialaren aurrerapausoak ari gara ikusten. Aurreko abenduan Kataluniako Parlamentuak genero-indarkeriaren aurkako legean bigarren mailako sexu-jazarpena gehitzea onartu zuen parlamentari guztien adostasunez. Lege aitzindari honi esker, biktimei laguntza eskaintzea ez da ekintza bakana izango; gero eta instituzio, komunitate eta pertsona gehiago ausartuko dira biktimak defendatzen. Izan ere, ez dira bakarrik egongo, gero eta babes zabalagoa baitute zientziaren, legearen eta gizartearen aldetik. Horrela lortuko dugu genero-indarkeria guztiz gainditzea, SOSHen aurka ez borrokatzea sexu-jazarpenaren aurka ez borrokatzea baita.