GARA
DAR ES SALAM (TANZANIA)

Tanzaniako lehendabiziko emakume presidente bilakatu eta historia egin du Samia Suluhu Hassan buruzagiak

Orain arte Tanzaniako presidenteordea zen eta atzo herrialde honen historiako lehendabiziko emakumezko presidente bilakatu zen Samia Suluhu Hassan, aste honetan John Magufuli presidentea ustekabean hil ondotik.

Hassan Zanzibar uhartean jaio zen duela 61 urte eta Tanzaniako seigarren presidentea da. Hogei urte baino gehiago daramatza politikan eta Magufulirekin iritsi zen presidenteorde kargura 2015eko hauteskundeetan. 1961ean herrialdeak independentzia eskuratu zuenetik gobernatu duen CCM alderdiko hautagai gisa irabazi zituzten hauteskunde horiek.

2020an bigarren agintaldi baterako aukeratu zituzten berriro, baina tandema asteazkenean hautsi zen, Hassanek kidearen heriotza iragarri zuenean. 61 urte zituen berak ere eta covidaren existentzia ukatzen zuen. Human Rights Watch (HRW) erakundeak adierazi duenez, bere heriotzak «giza eskubideen atzeraldiari» buelta emateko aukera ireki du. Izan ere, HRW erakundearen arabera, «errepresioa eta giza eskubideen kontrako abusu larriak» dira Magufulik utzitako ondarea.

Samia Suluhu Hassan Afrikako bigarren estatu agintaria da, Etiopiako Sahle-Work Zewderen ondoren. Baina azken horren kargua sinbolikoagoa den bezala, Hassanek egiaz hartuko du Tanzaniako botere exekutiboa.

Herrialdearen ohitura politikoari segituz, estatuburuak, musulmana bera, presidenteorde gisa kristau bat aukeratzea espero da. Erabaki hori CCM alderdiarekin kontsultatu behar du, Konstituzioaren aginduz. Gaurko dago iragarria bilera.