Ramon SOLA

Sarrionandia eta Agustin Azkaraterekin, 200dik gora jada, falta diren 40en zain

Azkar esaten da, baina hiru hamarkada eta erdi eman ditu Joseba Sarrionandiak atzerrian iheslari politiko gisa, bere kultura jarduerak eta horrekin hartu duen itzala horren gainean geratu den arren. Egun hauetan ez da Euskal Herrira itzuli den bakarra, Agustin Azkaratek ere bide bera egin duelako. Izan ere, 1998tik aurrera lehenengo bultzada izan zuen prozesuak bigarren olatu are handiagoa izan du azken hamarkadan.

Erabaki pertsonalak apustu politikoarekin uztartu dira, beraz. “Herria dugu arnas”, 2013. urtean Biarritzen Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak erabilitako leloak, biltzen ditu bi aldagaiok. Agerraldi jendetsu eta adierazpen hartan, «bueltatzeko garaia da eta gure eskuetan dauden urratsak egiteko prest gaude», adierazi zuten.

Zenbait idazkitan eta Habanatik 2016an emandako elkarrizketan, konponbideak bilatzen dituen prozesu politikoaren alde egin du nabarmen Iurretako idazleak: «Bake prozesua beharrezkoa zen, eta hogei urte lehenago egin izan balitz, hobe, nire ustez; desgrazia pila bat izango genituen gutxiago», adierazi zuen.

Perspektiban ikusita, Sarrionandiak ordaindu duen zigorrak aurrekari gutxi du, ia 1977. urtean amnistia eman zenetik hona izan baitu Polizia atzean, espetxeratua egon da, edo atzerrian iskin eginez: «Ni ETAko komando batean ibili nintzen 70eko hamarkadaren amaieran, orain kriminalizatzen nauten batzuk bezala. Gero, luzaroan, alde batetik bestera ihesean eta ezkutuan ibili banaiz, ez da izan ETAkoa izateagatik, baizik eta Polizia espainolak harrapatu nahi ninduelako», esana du.

2016an, Euskal Herrira etortzeko oraindik oztopo bat edo beste bazuela aipatu zuen Sarrik. Lainoak aldendu dira ordutik. Eta, batez ere, gogoak eta beharrak bat egin dute azkenik, etxerako bideari ekin ziezaion.

Lizarra-Garaziko lehen olatu horretatik hona 200 bat euskal iheslari eta deportatu itzuli dira, joan den larunbatean ospatutako Preso Politikoen Nazioarteko Egunean jakinarazi zenez. Gauzak hala, Sarrionandia –grafikoki ulertuta, noski, kopuru hori ez baita borobila– 201.a da.

Bat gehiagotzat har dezakegu... edo bat gutxiagotzat. Izan ere, «erroldatuta» diren euskal iheslariak 34 izan dira, bera eta Azkarate itzuli aurretik. Eta zortzi gehiago erantsi behar zaizkio multzo honi: oraindik deportazioa jasaten ari direnak, lege eta arau guztietatik kanpo, munduan galdurik balira bezala.

Horientzako Auzitegi Nazionalaren oztopoak ezagunak dira. Zenbait delituren preskripzio epeak etengabe eta trikimailuak erabiliz luzatzen dira, polizia-txostenak ezkutatu egiten zaizkie abokatuei, eta oraindik ere hamarkada ugari kanpoan eman dituzten lagunak Espainiaratzeko ahalegin bizian dira Estatuko botereak.

Adibide hurbilena Jaione Jauregirena da: 42 urte etxetik kanpo eman ostean Belgikak azaroan entregatu zuen.

Euskal iheslariak Kuban

Eta non ibili da ba Joseba Sarrionandia 35 urte hauetan? Berak erantzun du galdera, bere modura, idatzi dituen liburuak arretaz irakurri dituenak erantzuna eskura duela adieraziz. Azkenekoak behintzat Kuban eman ditu. Euskal iheslariek asko zapaldu duten lurraldean, beraz, iraultzaren gerizpean.

Bere kasuan egonaldia itxuraz lasaiagoa izan bada ere, Iñaki Egaña historialariak azaldu du ez dela beti toki samurra izan, «azpijoko eta intriga ugari» gertatu baita bertan. Euskal ihesari buruz idatzi zuen liburuan kontatzen du, Euskal Memoria fundazioak sustatutako lanean.

Euskal iheslari batzuek, gainera, ez dute etxera itzultzerik izan. Joxe Mari Larretxea 1984an hil zen uhartean, bai eta Luziano Izagirre 2012an ere. Beste zenbait han geratu dira, Burgoseko Auzian epaitu zuten Txutxo Abrisketa kasu.

Azkarate ere etxean

Sarrionandia bizirik eta etxean da azkenik, aurretik beste 200 bezala. Bera bezala, Agustin Azkarate ere bai, 69 urteko errenteriarra; hau ere aski ezaguna.

Besteak beste, 1986. urtean Guardia Zibilak atxilotu eta tortura latzak egin zizkion Agustin Azkarateri. Sortuk gogoratu zuenez, epaileak kartzelako erietxean sartzea agindu zuen, bere egoera tamalgarria ikusita.