Entrevue
ENERITZ ZABALETA
ZUZENBIDE PUBLIKOAN DOKTOREA

«Epaileen bidez irabazi nahi dute politikoki galdu dutena»

Ostegunean, hizkuntza gutxituak babestea xede duen «Molac legea»-ren kontra helegitea aurkeztu zuten Kontseilu Konstituzionalaren aurrean 60 diputatuk. Eneritz Zabaleta irakasleak «maniobra bitxi horren» nondik norakoak eta balizko ibilbidea jorratu ditu elkarrizketa honetan.

Gehiengo zabal batek onarturiko legeari helegitea ezarri diote egun esanguratsu batean.

Apirilaren 8an bozkatu zen legea. Hamabost eguneko epea zegoen legea aldarrikatzeko. Epea atzo bukatzen zen eta bezperan sartu zuten helegitea.

Hilabeteko epea zabaltzen da orain. Hots, eskualde eta departamendu hauteskundeen atarian hel daiteke deliberoa.

Ekainean hauteskundeak dira eta hori sentitu da helegitea ezartzeko moldean ere. Normalean presidentea, lehen ministroa eta bi ganberetako presidenteen izenean ematen dira helegiteak. Kasu honetan, berriz, Gobernuak ez du helegiterik eman, bere izena auzian ez agertzeko hauteskunde garaian. Errepublika Martxan alderdiko legebiltzarkideek, eta Modem-eko eledun batzuek ere, burutu dute maniobra. Parisko prentsaren arabera aski gatazkatsua izan da erabakia.

Edonola ere, Gobernua lege horren kontra azaldu da, nahiz eta Legebiltzarrean bozketa galdu eta egitasmoa aurrera atera zen.

Gobernua eta Hezkuntza ministro Michel Blanquer bera argiki azaldu dira lege horren kontra. Baina legea bozkatua izan zen. Egia esan, hasieratik oso ezohiko egoera baten aurrean izan gara. Hau da, Martxan alderdiak gehiengoa izan arren, bere diputatu batzuek ez zioten gobernuaren posizioari jarraitu eta legearen alde bozkatu zuten. Orain, bigarren elementu bitxia: gehiengoa duen, Gobernuan dagoen, alderdiko kide batzuek helegitea ezartzen dute, nahiz eta Kontseilu Konstituzionalera jotzeko aukera hori ez zen pentsatua izan hori egiteko, baizik eta oposizioari giltza bat emateko. Hain zuzen, gehiengoaren aurka jo ahal izateko aukera ukan zezan.

Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak uste du asko jota denbora batez gibelatuko dela legearen ezartzea. Lasaitasun mezua zabaldu du legearen sustatzaileak berak ere. Zuk zer diozu?

Kontseilu Konstituzionalak hizkuntzen gainean harturiko ebazpenek zentzu aski zorrotz edo murriztailea izan dute. Bide beretik jo dezake. Aldiz, ahal du, erreserba batzuk adierazita ere, Legebiltzarrean babes handia izan duen legea ontzat eman. Murgiltze ereduaren kapitulua da gatazkatsuena. Ezjakintasun handia dago. Kontseilu Konstituzionalak interpretazio eraikitzailea egiten badu, tartea izanen da.

Judizializazio arriskua ezin da, beraz, baztertu.

Legea indarrean sartu ondoren ezin zen gehiago, bederen judizialki, zalantzan eman. Helegitea ezarrita, atzera joan da. Finean politikoki galdu duten borroka bat orain epaileen bidez nahi dute berriz irabazi. Termino demokratikoetan zalantzak sortzen ditu, berriz diot, gobernuan dagoenak helegitea sartzeak.