Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Bafleko ekonomia zirkularra

Ni banaiz hemengoa». Seguruenik horrela ari da orain idazten poeta, sorterrira itzuli eta plaza batean behingoz atseden hartuta. Baina hainbeste urte uharte hartan eginda «ni hangoa ere banaiz» esaterik izango du, seguruenik, gogoetak gogoeta. Urruneko uhartetik hurreko penintsulara berrogeialdia eginda, urtetan neurtua gero! Eta hau kolpea, Euskal Herritik atera gabe kanpora joan behar! Izan ere, komunitate baten kide izatearen sentimendua beti aldean daroazu, erradiografietan ikusten ez badute ere.

Sasiko iluntzetik jaioterriko plazaren argira. Gau iluneko ziegatik egun argiko unibertsitate gelara, beti irakasle, euskara beti bidaide; behelaino artean ere lagun izoztuak biziberritzen. Kultura gutxikoak gara, orokorrean, beste euskal poetak kantatu legez «ez gara hain onak benetan»; hortaz, ditxosozko berrikuntza garai ilunotan kosta egiten zaigu, barnealdean ere kosta, euskaldun menderakaitzek ekonomia zirkularrari egin dizkioten era askotako ekarpenak. Rotaflexa gogoan, herri biziak urperatuko zituen hormatzar haren kableak behinola askatu zituena.

Edota bafle bati emandako bestelako erabilera eta gozamena, baflea azkenean izan dadin hasieratik behar zuena, bozgorailua! Huraxe bafle haren doinu goxoa, are goxoago hezur eta mamiez beteta atera zutela jakinda. Bestelako etika lapurren bandaren musikakoa. Halako bafle gehiago behar dira, hormatzar askok zutunik baitiraute. Ziegagabetu behar espetxeak, patioak hango aire zabalean huts utzita!

Ez dakit klima aldaketaren ubera ote den baina Itzulera Operazioa udaberrira aurreratu da. Irteera Operazioa ere holaxe behar. Itzulia den honetan zenbat gauza berri topatuko sorterrian: eguraldi mapa, on lineko azoka, txerto borroka, Zaldibarren hondamena... Ari gara, ari, eta unea helduta kolosala izango da! Ondo etorria inoiz joan ez zarena!