Aitor AGIRREZABAL
DONOSTIA

Otegik txertaketa masiboa eta «erreskate emozionala» aldarrikatu ditu

«Egoera larri honetatik irteteko inbertsiorik onena txertaketa, txertaketa eta txertaketa da. Hortik has gaitezke egoera honetatik ateratzen. Hori da inbertsiorik onena». Horixe da EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik Donostian atzo egindako agerraldian zabaldu zuen mezua.

Koalizio independentistako buruak pandemiak Hego Euskal Herrian izandako eragina izan zuen hizpide, eta gogora ekarri zuen krisia lehertu zenean EH Bilduk «neurri zorrotzen aldeko apustua» egin zuela, ez «gustuko» zuelako, baizik eta «denbora irabaztea» esan nahi zuelako. Aipatu zuenez, hasieratik proposatu zuten kaltetutako sektore, instituzio, sindikatu, alderdi politiko, unibertsitate eta bestelako eragileekin batera mahai bat osatzea, «egoerari nola aurre egin aztertzeko». Proposamen hura, baina, ez zuten ez Lakuako ez Iruñeko gobernuek onartu. «EAEn zaborretara bota dituzte egin ditugun proposamen guztiak. Nafarroan beste kolaborazio bat egon da Gobernuaren eta oposizioaren artean», nabarmendu zuen Otegik.

Urtebete baino gehiago igarota, ia 5.300 lagun zendu dira Hego Euskal Herrian eta «osasungintzaren egoera oso larria» da Otegik gogoratu zuenez. Egoerari aurre egiteko bidea zein den argi du EH Bilduk: «Txertaketa». Baina esparru horretan ere egoera ez da koalizioak nahiko lukeena, eta, besteren artean, Otegik azpimarratu zuen txertaketari dagokionez Estatuko azken erkidegoa dela EAE adin tarte guztietan. «Espabilatu egin behar da. Ez da posible. Hauek datuak dira, ez kritika politikoak. Datu errealak», adierazi zuen.

«Autokonfiantza nazionala»

Pandemia fase berri batean sartu dela uste du EH Bilduk, erantzunak badauden fase batean, eta, beraz, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez jakin daitekeen unean. Eta egoerari erreparatuta, «erreskate emozional» baten beharra nabarmendu zuen atzo EH Bilduko koordinatzaileak, krisitik irteteko abiapuntu gisa.

«Jendea nekatuta dago, ez du mezu garbirik jasotzen, mezu kontrajarriak baizik», aipatu zuen. Horren aurrean, «autokonfiantza nazionala emango duten hitzak, ekintzak eta proposamenak» behar direla aipatu zuen. Eta, horretarako, «osasunaren erreskatea» funtsezkoa dela uste du koalizioak, «txertaketa masibo» batetik abiatuta. «Ez dira txertoak gorde behar, mundu guztia txertatu behar da. Herri-arduraren erreskatea da. Jendeari gauzak dauden bezala planteatu behar zaizkio, konfiantza eman», esan zuen.

Ildo berean, Otegik adierazi zuen «sakrifizioak eta murrizketak» beharrezkoak izango direla etorkizunean, baina, horiekin batera, «neurri zuzentzaileak» ere hartu beharko direla. Hala, aipatutako txertaketa masibo horrekin batera, egungo egoera iraultzeko eta sektore kaltetuenak salbatzeko neurrien beharra azpimarratu zuen. «Orain familiak, langileak erreskatatu behar dira», nabarmendu zuen.