Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
GAURKOA

Youtuberrak, streamerrak eta lanaren imajinarioak

Z enbait youtuber eta streamer Z eta Alpha belaunaldientzat euren bizitzaren parte dira. Milioika daude, baina gutxiengo batek lortzen du jarraitzaile kopuru handi bat. Euskal herritarra da, jatorriz, Youtube eta Twitch plataformen rankingetan oso goian dagoen 26 urteko youtuber eta streamerra: Ibai Llanos. Streamer izatetik bizi da. Bere lana da, zaharragoak garenontzat lanaren kontzepzioa beste bat izan arren. Eta belaunaldi berrien lanaren imajinarioa ere gurearekiko ezberdina izan daiteke, ziur aski. Baina zer da youtuber bat eta zer da streamer bat? Eta zer gertatzen ari da lanaren, lan-eskubideen defentsaren eta ongizatearen kontzepzioekin?

Youtuberren plataforma Youtube da. Streamerren plataforma nagusia, Twitch. Bien arteko ezberdintasun nagusia publikoaren interesa da. Eta baita negozio-eredua ere. Twitch munduko zuzeneko plataforma handiena da (Amazonek erosi zuen 2014an). Hasieran bideo-jokoetako partiden zuzeneko emisioetara mugatzen zen. Egun, haratago joan da eta publikoa zabaltzea lortu du. Streamerra da zuzeneko emisioak eskaintzen dituena. Youtube, nahiz eta zuzenekoak eskaintzeko aukera ematen duen, eduki iraunkorretara bideratuago dago eta bilatzailea du, gai zehatzen gaineko edukiak aurkitu ahal izateko. Youtuberrak nahiz streamerrak, hortaz, eduki sortzaileak dira, zuzenean edota aurrez grabatutako edukiak zabaltzen dituztenak. Badira, ordea, youtuber eta streamer ez diren eduki sortzaileak ere, blogetako postak, bideoak, argazkiak eta bestelakoak sortzen dituztenak. Hor sartzen dira influencerrak. Denek ala denek, sorkuntza eskatzen dute. Eta berrikuntzari eta sormenari lotutako «sormenezko lan» gisa (creative job) definitu izan dira.

Lanaren kontzepzio tradizionaletik, kosta egiten da lehen entretenimendurako soilik zen espazioa lan espazio bilakatzen dela ulertzea. Baina Z eta Alpha belaunaldietan ohikoa da «handitan youtuber/streamer izan nahi dut» adierazpena. Zer dago horren atzean? Zein da entretenimendua eta lana uztartzearekin sortu den marko kontzeptuala? Nola ulertzen da «sormenezko lana»? Zein da lanaren imajinario hori?

Galdera horiei erantzuten saiatzen da Mercé Oliva Rota, Universitat Pompeu Fabra-ko ikerlari eta irakaslea. Tabakaleran apirilaren 28tik maiatzaren 1era egin zen Bideo-jokoen Nazioarteko Mintegian hartu zuen parte. Mintegiaren helburua bideo-jokoek gizarte garaikidean duten garrantzia soziala aztertzea izan zen, ertz ezberdinetatik. Mintegia osorik gomendatzen dut: https://labur.eus/T-game. Tartean, Olivak hausnarketa interesgarria egin zuen “Arauak jarraitu: lanaren imajinarioak, ludifikazioa eta medioak” izenburupean.

Olivak «sormenezko lana» jokoa (edo entretenimendua) eta lana lotzetik datorrela dio. Tradizionalki lana eta jokoa banatuta egon direla. Bata produktibotzat jo dela, bestea ez: jokoa entretenimendutzat ulertu izan da, irabazi ekonomikorik gabeko bizitzako esparrutzat. Youtuber eta streamerrekin ordea, lana eta jokoaren arteko harremana irauli egin da. Eta Olivak dio, kapitalismoak eta neoliberalismoak lanaren imajinario berriak sortzeko baliatu dutela une hau. Non lan egitea plazera sentitzeko bidea dela sinistarazten zaigun. Non lanak dibertigarria izan behar duen: lana maitatu eta pasioz bizi behar delako; lanorduei ez zaielako begiratu behar. Lanean gustura ez bazaude, lan hori maite ez duzulako dela. Eta lan eskubideak defendatzen badituzu, pasioa falta zaizula. Kexatzen bazara, alegia, arazoa zurea dela. Eta lan hori utz dezakezula. Beste askok desiratzen dutela hor egotea.

Are, lanaren imajinario honetan lanak zu izaten jarraitzea bermatzen dizula sinistarazten dela adierazten du Olivak. Ez dagoela homogenizaziorik, ez uniformerik. Lana beti dela ezberdina. Inoiz ez dela monotonoa bilakatzen. Lan-ordutegia malgua dela. Eta autonomia ematen dizula. Eta guztiaren gainetik norberaren errealizazioa dagoela (baita behar ekonomikoaren gainetik ere). Eta plazera sentituko dugun lan mota horiek desiratzera animatzen zaigula.

Ildo beretik, sormenezko lan hauek duten paper ideologikoaz ere mintzatu zen Oliva. Bere ustez, desiratu behar dugun lana bulegoko lan tradizionalaren aurkakoa dela ulertarazten zaigu. Ordutegien ordez, malgutasuna ematen duena: lan egonkorraren aurrean, ezegonkortasuna dela bizitzeko modu desiratua. Egonkortasuna konfort-gunea dela, eta konfort-gunetik ateratzea desiratu behar dela. Eta lan egitea norberaren errealizaziorako tresnarik indartsuena dela. Hori da sormenezko lan hauen marko kontzeptuala. Zeinaren atzean prekaritatea ezkutatzen den. Lanorduak areagotzen diren. Bizitza pertsonala eta profesionala nahasten diren.

Hori gutxi balitz, youtuberrak eta streamerrak une oro aktibo egotera behartuta daudela dio. Tarte luzeko atsedenaldi batek harpidedunen ihesa eta donazioen galera ekar dezakeelako zuzenean. Eta hortaz, lanaren bukaera. Lotuta daudela, nolabait. Eta hortaz, sormenezko lan hauek badutela kostu emozional bat. Eta emozioez ere hitz egin behar dutela: zuzenekoak egiterakoan, egiten duten lana maite dutela esateko beharra sentitzen dutela. Baina beti produktibo. Beti hor. Non prekaritatearen erromantizazioa ematen den.

Lanaren kontzepzio berri hau, balore horiek guztiak, progresoaren marko kontzeptualean kokatzen dira. Eta, hortaz, lan-eskubideak defendatzea eta ongizate sistema indartzeko eskatzea, kontserbadore izatearekin lotzen da. Konformista izatearekin. Eta, hortaz, egonkortasuna eta babesa eskatzea ez da ezkerreko eta aurrerakoi gisa ulertzen. Alderantziz. Pentsa zein garrantzitsua den youtuber eta streamerrek lanaren imajinarioan duten eraginaz jabetzea.