Txoli Mateos
Soziologoa
JOPUNTUA

Eskubideak eta zuhurtzia

Tere Maldonado feministari irakurri nion, lehengo batean, eskubidea eta zuhurtzia bereizi beharko liratekeela. Neska gazteek eskubide osoa dutela zioen goizaldeko ordu txikietan eta are mozkortuta heltzeko etxera. Horrek ez du zilegi bihurtzen haien kontrako eraso matxistarik. Alabaina, bere esanetan, zuhurtzia ere ez da baztertu behar. Nik neuk, behintzat, ez nioke aholkatuko alabari hiriko kalerik ilun eta arriskutsuenetik desorduetan eta bakarrik itzultzeko etxera. Zuhurtziaz jokatzeko esango nioke, bere eskubideez ondo jabetuta dagoen arren.

Egun berean hainbat adierazpen agertu ziren hedabideetan euskal hiztunen eskubideen urraketaren harira. Euskal hiztunok eroso bizitzeko eskubidea dugula eta herrialde demokratiko batean hizkuntza gutxituen eskubideak gauzatu behar direla esaten zen. Eta lehenago irakurritakoa etorri zitzaidan burura. Euskaldunon eskubideen inguruko diskurtso hori, demokraziaren ikuspuntutik, zuzena da, esan gabe doa. Baina zuhurra al da? Badugu eskubiderik euskaraz eroso bizitzeko? Baiki erantzun beharko luke demokrazian sinesten duen edonork. Baina Corellako erdaldun peto-petoak erakarriko ditugu euskarara diskurtso hori baliatuta? Ezezkoan nago. Are gehiago: euskal hiztunok helburuak beteta ikusiko genituzke Corellako udaletxera joanda funtzionario euskaldun bat aurkituko bagenu gu atenditzeko, Corellako umeentzat euskara alemana bezain arrotza den bitartean?

Irudipena dut eskubideen inguruko diskurtsoak asko lasaitzen gaituela, demokraziaz ari baikara. Nor ausartuko da hori zalantzan ipintzera? Baina, arrazoi guztia izanda ere, zuhurtziaz jokatzera behartuta gaude. Gure helburu nagusietako bat da euskara zabaltzea, euskal herritar guztiok ondaretzat hartzea, hartarako erdaldunen aldetik gutxieneko ezagutza eta atxikimendua landuz, euskara maitatzera heldu arte. Zenbait tokitan jendea ez da fio euskararekin eta harresi hori botatzea izan beharko litzateke lehentasunezko zeregina. Euskal hiztunon eskubideen inguruko diskurtso demokratiko arrazional hutsa, zoritxarrez, ez da beti eta edonon baliagarria.