Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Hamabostaldia, tronku eta adar

Asko harritu ditu, benetan, eta halaxe behin eta berriz galdezka nituen inguruan, ea Eguzki jaunak non galdu dituen indarra eta udako ohiturak: eguna ordu zabalenetaraino luzatua dugu ja eta, halere, denok beroaren neurri falta kritikatzen. Beroak ez ditu harrapatzen udako 30 gradu inguru horiek aurten. Ez da hotza, baina ezta beroa ere. Beroxka ahul batekin beharko konforma.

Lurrazalaren inguruan eta jiran, egia da asko aldatzen direla bero eta leunaren detaileak, baita gure paraje bakoitzean ere, itsasotik gertuan, edo mendi eta basoetatik gertuago, aireak bere umeltasun ikutua aldatzen baitu: eta horrexek egiten du sentikorragoa eta detailetsuagoa.

Baina hortxe daukagu aspaldiko erremedio izen eta sona onekoa, gure hiriburutik aspaldi organizatua eta merituz betea: izenez labur plantak baditu ere, 15-aldi laburtxoa, udaldia zabalagoa denez, bai, ederki bete ohi ditu bazterrak instrumentu eta ahots landuz.

Saio dotorerik eta kategoria ederrekorik bada aurten ere organoaren soinuan; talde moderno ttikien kargu ere, zortzi saio oso finak: pieza ederrik bai, duela mende batzuk osatutakoak; beste batzuk, azken urteotakoak, baina denak ere atentzioa behar dutenak.

Saio batzuk zabaltzen dira euskaldunon artean: Getarian, Zumaian, Senperen, Leiren, Loiolako Santutegian, Itsas Etxean Hondarribian, Arantzazuko Santutegian, eta Txillida Lekun.

Hora bai, uda edertzekotan, ongi pentsatuta datorrena.