Iñaki Etaio
Internazionalista
GAURKOA

SOS Kuba?

Kubaren kontrako manipulazioari buruz idaztea aspergarria egiten da, bai. Oso neketsuak dira. Kuban oso gaizki daude, ez daukate ezer, ez jatekorik ez medikamenturik, Internet moztu dute, baita elektrizitatea ere, Kubako erregimena gora, Kubako diktadura behera… zenbatetan entzun ditugu halako mezuak pozoitutako iritzi zutabeetatik zein tertuliakide eta entzule batzuen iritzi sinplista eta apokaliptikoetatik?

Kuban egoera zail batean daude, bai. Haratago, Kuban egoera zail batean bizitzera ohituta daude, Kuban egoera zail batean bizitzera kondenatu dituztelako. Izan ere, Iraultza boterera heldu zenetik etengabekoa izan da inperialismo yankiaren erasoa. “Sozialismo erreala”-ren eremuak blokeoaren eraginak neutralizatu zituen nabarmenki, Garai Berezian murgildu arte, non egoera kritiko batera heldu zen. Kubako herriak, hala ere, erresistitu zuen, subiranotasunaren eta sozialismoaren defentsan. Chavezek gidatutako olatu bolivartarrak agertoki berri bat suposatu zuen zonaldean, baita aliatu berriak topatzea ere. Hala ere, Venezuelak azken urteetan pairatu duen itotze egoerak eta munduan zabaldutako pandemiak larriki erasan dute Kubako ekonomia. Egiturazko arazo eta gabeziei gehitu behar zaie turismoa erortzea, ekonomiaren lerro nagusia. Elementu hauek ezin dira kokatu blokeo kriminalaren agertokitik kanpo, arlo guztietan eragina baitu. Dagoeneko sei hamarkadatan zehar, Trumpekin gogortua eta Biden administrazioarekin bere horretan mantendua, blokeoak atondu du egungo protesten euskarri materiala. Berak nabariki larriagotutako egoera erreala da eta herriaren egonezina eta kezka ulergarria. Beste kontu bat da sare sozialetatik, kasu batzuetan kanpoko estrategia zehatz bati erantzunez, sektore batzuen atsekabea bideratzen saiatzea Iraultzaren aurka aritzeko.

Amorragarria da Euskal Herrian ere jasotzen dugun Kubako Iraultzaren kontrako propaganda, blokeoa intentzio osoz saihesten duena edo bigarren toki batean uzten duena, Kubako iraultzaileek erabiltzen duten aitzakia bezala irudikatuta. Kubako populazioaz hain kezkatuta omen dauden hainbesteri galdetu beharko genieke ea non zeuden ekainaren 23an, euskal hiriburuetan internazionalistok blokeoaren aurka kontzentratu ginenean.

Covidak sortutako gaixo eta hildakoez ari dira hedabide askotatik eta, egoera okertu bada ere, Kubako datuak inguruko herriekin zein Europakoekin alderatzea baino ez dago ikusteko hemen bertan izan duguna eta daukaguna baino maila askoz txikiagoa dutela. Ez digute hainbeste azpimarratzen Kuba izan dela Latinoamerikako herrialde bakarra bere txerto propioak garatzen (Abdala jada erabilia, Soberana 2 oniritziaren zain eta beste hiru txerto aurreko faseetan). Bai, baliabide natural gutxiko eta blokeatutako herri txiki bat eusten ari da erronka honi.

Errepresioaz ere hitz egiten digute, batzuetan Kubakoak ez diren irudiak zabalduz. Oso kezkatuta omen daude, baina alderaketa ariketa sinple bezala ez litzateke gaizki egongo bortizkeria mailaren arabera estaldura proportzionalki ematea. Zenbat minutu eta karaktere Kubako istiluen aurrean erabilitako indarkeria mugatuari eta zenbat Txileko manifestazioetan galdutako 400 begiei edo Kolonbiako protestetan egondako dozenaka hildako eta ehunka desagertuei, edo 2018an “bakea” sinatu zenetik eraildako 1.206 lider sozial eta FARC-en 277 gerrillari desmobilizatuei? Nekez ikusiko ditugu halaber zalapartarien aurrean Iraultza defendatzera kalera atera diren kubatarrak.

Egun “SOS Cuba” leloa erabiltzea nahasmen operazio horren parte izatea da, ezjakintasunetik eginda edo jarrera politiko kontziente batetik. Diseinatutako operazio bati erantzuten dio, bai, AEBetatik bultzatuta eta finantzatuta eta herrialde askotako kapitalaren morroi lokalek oihartzuna emanda. San Isidroko “artista errebelde” horiekin egin zuten bezala. “Patria y vida” abestiaz egin duten ustiapena bezala. Eta, ez, hau ez da bestearen etiketatze hutsa norberaren posizioetatik ez mugitzeko. Kuban arazoak daude, agerikoak dira, eta iraultzaile kubatarrek (agintariek ere) ez dituzte ukatzen. Egoerak higadura eragiten du, materiala zein emozionala (hori da blokeoaren helburua…), eta ez da erraza gabezien aurrean eta egin beharreko ilaretan naretasuna mantentzea eta egunerokoaren gauzarik sinpleenak testuinguru batean kokatzen jakitea. Are gutxiago gazte askoren kasuan, erretorika ofizialetik urrun eta sare sozialen etengabeko kanpainaren bonbardaketapean. Baina ez dezagun ahaztu zer dagoen mugimendu hauen atzean. Beste toki batzuetan garatutako “koloreetako iraultzen” kirats nabarmenegia dauka. Jendartea oso egoera delikatu batera eraman, protestak elikatu eta kanpoko interbentzio bati atea ireki, giza eskubideen aitzakiapean edo laguntza humanitarioz mozorrotuta, Venezuelan ere saiatu diren bezala. Ziur Kuban gauza asko alda eta hobe daitezkeela, baina zer eta nola kubatarrek erabaki behar dute, munduko potentzia ekonomiko eta militar handienaren presio itogarririk gabe. Blokeoa “castristek” “erregimenean” aldaketak ez egiteko aitzakia bada, zergatik ez dituzte aspaldidanik desenkusa hori gabe agerian utzi? Ez dute hain argi izango…

Kubako Iraultzaren kontrako “askatasun” oihuek Madrilen ultraeskuinak erabilitakoek baino askoz sinesgarritasun gehiago ez daukate. Ezarritako botereari egin beharreko ezinbesteko kritikaz gain (botere eraldatzaileari hobetzeko kritika, botere zapaltzaileari eraisteko salaketa), zer dago «askatasuna» oihukatzen dutenen atzean? Zer proposamen? Batistaren diktaduraren kontra 1953an Moncadari eraso egin zioten iraultzaileek programa bat zuten, boterea hartuta indarrean jartzeko, epaiketan Fidelek “La Historia me absolverá” alegatuan deskribatu zuena. Gaur “askatasuna” eskatzen ikusten ditugunek, zer proposatzen dute? Iraultza desegin eta kapitalismora bueltatzea? John Quincy Adams-en “fruta garatuaren” teoriari jarraituz, AEBetako eskuetan geratzea, kolonizatzaile espainiarrak bota ostean Platt zuzenketarekin gertatu zen bezala?

Kubatar gehienen formazioak eta harrotasunak eta Iraultzaren sustrai sakonek beren lekuan utziko dituzte saiakera kontrairaultzaile hauek, beste batzuetan egin duten bezala. Kubatarrei dagokie beren herria eta beren prozesu iraultzailea garatzea eta perfekzionatzea, oztopoz oztopo, akatsez akats eta lorpenez lorpen. Guri euskal internazionalismoa lantzea dagokigu, Kubako iraultzaileei elkartasuna adieraziz, kontrairaultzaileak salatuz eta hemen zabaltzen diren gezurrei aurre eginez. Kubako kasuan, mundu mailan baita Euskal Herrian ere, SOS deia behar duena egia baita.