Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Baionako Ospitaleko suspertze eremua, gainezka egiteko zorian

Suspertze eremuko hogei ohetatik hemeretzi hartuta dira egun Baionako Ospitalean. Gaixo guztiak bertoko biztanleak dira, ia guztiak txertatu gabeak eta ospitaleratutakoen artean herritar oso gazteak eta haurdun diren emakumeak daude. Prentsaurreko batean egoeraren larritasunaz ohartarazi zuten atzo osasun zentroko sendagileek.

Baionako Ospitalean agerraldi berezia egin zutenen artean izan ziren Jean-Bernard Cazenave zentroko lehendakariordea; Sylvie Durruty, Côte Basque Ospitaleko Zaintza Kontseiluko lehendakaria; Maritxu Blanzaco, Akitania Berria Eskualdeko Osasun Agentziako zuzendaria; eta Baionako Ospitaleko sail desberdinetako buruak. Suspertze eremua gainezka egiteko zorian egon daitekeela ohartarazi zuten eta egungo egoeraren nondik norakoak azaldu zituzten.

Adierazi zutenez, covid-19 agerraldia aitzin suspertze eremuan sei oherekin moldatzen ziren Baionan. Aldiz, covidaren lehen olatua iristean, hogei ohe behar izatera igaro ziren; ostean, hamabost ohe izan dituzte ospitalean. Uneotan, berriz, hogei ohe dituzte eta gehienez 24 izateko prest dira: hamalau covid gaixoentzat eta beste hamar gainontzeko gaixotasunak dituztenentzat. Baina gehienak hartuta dira uneotan. Delta aldaeraren ondorioz ospitaleratu behar izan dituzten gaixoek hamabi ohe betetzen dituzte, eta, horiez gain, zazpi gaixo daude suspertze eremuan bestelako gaixotasunen eraginez. Hau da, egun hemeretzi gaixo daude suspertze eremuan Baionan.

Horrelako egoeran, «inoiz ez»

Jerome Pilloten esanetan, «inoiz ez gara halako egoeran izan». Baionako Ospitaleko Erreanimazio Zerbitzuko buruak azaldu zuenez, «lehen olatuan hogei ohe genituen, guztiak hartuak, baina konfinamenduan ginen, ez zen bestelako gaixorik. Orain, ordea, covida dutenak eta ez dutenak ditugu, eta guztiak hartu behar ditugu, minbizia duen bati ezin baitzaio sei hilabete itxaroteko esan: tarte horretan hil egin daiteke».

Egun gutxian egoera asko okertu dela nabarmendu zuten Baionako Ospitaleko sail desberdinetako arduradunek, eta laugarren olatuko kutsatzeek zentroko antolamenduan sortutako arazoen berri eman zuten. «Beste zentroei laguntza ematetik laguntza eskatzera pasa gara», azaldu zuen Sylvie Durrutyk, Zaintza Kontseiluko lehendakariak. Horren adierazle da suspertze eremuan leku gehiago izateko hiru gaixo beste ospitale batzuetara lekualdatu behar izan zituztela uztaileko azken asteburuan; bi Pauera eraman zituzten eta bat Akizera.

Uztail amaieran abiada bizian egin zuen gora Delta aldaerarekin kutsatutako gaixo kopuruak Ipar Euskal Herrian eta orain arte ohikoak ez ziren bi profil topatu zituzten erizainek gaixoen artean: batetik, gazteak, eta, bestetik, haurdun diren emakumeak. Guztiak txertatu gabeak eta bertoko herritarrak.

«Txertatu beharko lukete»

Egun Baionako Ospitaleko suspertze eremuan haurdun diren bi emakume gazte daude eta, horiez gain, haurdun diren beste bost emakume etxean dira zaintza telematikoarekin. «Zinez kezkagarria da, haiengatik egin nahi ez badute, haien haurrengatik txertatu beharko lukete», nabarmendu zuen alde horretatik Philippe Jouvencelek, Baionako Ospitaleko Pediatria Saileko buruak.

Edonola ere, kutsatzeen gorakadak txertatu nahi duten herritarrengan ere eragin du, eta, erizainek aditzera eman zutenez, jada txertatzeko ordua hartua zuten herritar askok hitzordua bertan behera utzi behar izan du, kutsatua zelako edo kutsatua zen norbaitekin kontaktuan izan delako.

Sail desberdinetako arduradunek bat egin zuten mezu argi batekin: «Txertatu beharra dago». Uneotan, Baionako Ospitaleko langileen %82 txertatuta dira, eta, herritarrei dagokienez, Biarno eta Ipar Euskal Herria barnebiltzen dituen Pirinio Atlantikoetako departamenduan herritarren %63k jada bi dosiak jaso dituzte. Lehen dosia jaso dutenak, ostera, %72,1 dira.

Guztiak bertako herritarrak

Egun intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 420 kasukoa da Ipar Euskal Herrian eta, uda sasoian bisitari kopuru handiagoa izateak birusaren transmisioa erraztu dezakeela aitortu zuten arren, Baionako Ospitalean diren gaixo guztiak bertako herritarrak direla argitu zuten sendagileek. «Egoeraren larritasuna ikusita, eguraldi txarrak lagundu du», aipatu zuen Durrutyk.

Hala ere, azaldu zutenez, Baionako Ospitaleko egoerak oraindik okerrera egin dezakeelakoan, uztailaren 26an plantan ezarri zen Plan Zuriak indarrean jarraitzen du, beharrezko diren bitarteko tekniko eta humanoak bermatuak izan daitezen.

Horrez gain, ospitale pribatuekin elkarlanean ari direla adierazi zuten, beharrezko izanez gero euren laguntza jasotzeko. Izan ere, «laugarren olatua une konplexuan iritsi da, opor garaia izateak gehiago zaildu baitu antolaketa», komunikatu zuen Cazenavek.

Egoerak okerrera egin dezakeen zantzuak Larrialdiko Laguntza Medikoko Zerbitzuan (SAMU) antzeman dituzte. Hots, dei asko jasotzen ari dira, batetik covidak eragiten dituen sintomak deskribatzen dituzten herritarrenak, eta, bestetik, bigarren txertoa hartu ostean gaizki sentitzen direnenak.