Oskar Caballero Bilbao
GAURKOA

Ume euskaldunen asimilazioa

Orain dela urte batzuk Joan Mari Torrealdairi egindako elkarrizketa baten pasarte batek hau ekarri zuen hizpidera: «ez dago hizkuntz politikarik». Hizkuntz politikaren ardatzak hizkuntza propioa, integrazioa eta identitate tresna ere badirela. Egia da.

Eskola publiko gehienetan zein ikastoletan ere gauza bera gertatuko da era batera edo bestera, alderrai, hizkuntz politikarik gabe.

Hau da, integrazioren ikuspuntutik, ikasleek euskal munduan murgilduta ikusten dute euren burua? Ze erreferentzia mota izaten dute hemengo kulturari dagokionez?

Berezko hizkuntzatzat daukate euskara ala ikasgunearekin lotzen duten hizkuntza da, eta kito? Euskara etxetik jasotakoek lehenetsi egiten dute ala, gainerako ikasleen aurrean burumakur, egoeraz jabetu eta espainierara moldatzen dira baztertuak izateko beldurrez?

Zer dakite euskararen jazarpenaz, euskalkiez edota euskara noraino berba egin zen bere momentuan? Eta zergatik egin zuen atzera? Beraz, euskara eurena da?

Identitate bat landu dute ala ez? Den-dena azalekoa eta folklorikoa da?

Hona beste adibide bat gurean bizi izandakoa. Lehenengo semeak haur hezkuntza zein lehen hezkuntza osoa Indautxuko Eskolan egin du. 9 urte bete arte beti euskaraz egiten zuen. Lar zintzoa eta isila izan da, berez; lehenengo ikasturte bi eta erdi eman zituen berba egin barik eskolan hasi zenetik, urte bi betetzekotan. Etxean geurekin hilabete bat eman zuen berba erdirik ere esan gabe. Dena lotu genuen gure etxe lekualdatzearekin eta arrebaren jaiotzarekin. Denborak aurrera egiten zuen eta umeak ez zuen berba egiten eskolan. Bigarren ikasturte amaierarako deitu ziguten batzar baterako, ez zekiten zelan ebaluatu. Aholkularia, medikua, udalaren bitartez, eta tutorea han zeuden. Medikuak esan zien beste biei zergatik ez zuten ordura arte ezer egin egoeraren jakitun. Eskolako udal medikuak bideratu zuen Osakidetzara txostena han egiteko, berehala umeentzako psikologo batera joan zedin. Diagnostikoa: “mututasun selektiboa”.

Zortzi urterekin edo, eskolako jolastokian zegoela, gelakide batzuekin futbolean jokatzen saiatu zen. Batek zakar erantzun zion jokatu ahalko zuela beti euskaraz berba egiteari uzten bazion. 9 urtetik 11 urtera, lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailetan espainieraz egiten zuen, euskara horrezkero ez zen lehentasunezkoa. Euskara mordoilo urardotua eta joskera galdua.

Eskola publikoak ume euskaldunak beste umeen aurrean eredu ipintzen ei ditu “zorioneko aniztasunaren ikur”, ume erdaldunen gehiengoarekin nahastuta. Aberastasuna orduko eta gaurko guraso elkartearen esanetan. Bai zera! “Etxe bitako txakurra goseak hil!”. Euskara, frantsesarekin, espainierarekin eta lekutako edozein hizkuntzarekin parekatuta, non eta bere sorterrian, ziria beste bati sartzea, gero!

Dagoeneko nagusia Urretxindorran dago gainerako neba-arrebak aurton sartu direla. Nagusiak espainiera entzuten du ikaskideen artean, ez da euskara lehenesten. Giroa, saioetatik kanpo, espainieraz.

Alabak giro hobea topatu du, ez gelan bertan, bera bezalakoekin elkartuz baizik. Esan behar da txiki-txikiak umeak zirenetik guraso talde euskaltzale bat sortu zela, euskara sustatzen duena, berariaz eurek trinkotzen dute barruan egiten ez den sare euskalduna. Eskertzekoa noiz eta pandemia garaian. Umeek euskaraz eta gurasoek ere bai. Hala ere, egiari zor, gurasoei entzuten zaie gehiago euskaraz. Baina, “askoren mina, tontoen atsegina”, hots, gauza batek ez du bestea zuritzen.

Aitzitik, ume euskaldunak berehala bereganatzen du zein den balio duen hizkuntza. Berdin da herri erdi euskaldun batean bizi den ala hiriburu erdaldun batean. Dendetako izenak, iragarkiak, streaming plataformak, bideo-jokoak, filmak, aspertzeko beste telebista kate espainiar, Internet, egunkariak, solasaldi garrantzitsuak, eta abar. Boteredun hizkuntza argi geratzen zaio. Euskarak ez du balio.

Bestalde, ume euskaldunak bananduko ez balituzte, are gehiago inongo espainierarik ez dakiten etorkinen seme-alabekin elkartuz gero, eskola zein ikastola bakoitzean gela bat gutxienez ziurtatzeko, esaterako, euskarari ardatza emanez, maisu-maistren arreta pedagogiko gainbegirale batez zein euskararen adierazkortasuna landuz bi urteko adinetik derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitu arte, baita hor sartuta jolasaldiak eta jantoki orduak ere. Zein izango litzateke euskararen erabileraren ehunekoa euren artean?

Tarte horretan, bai ume euskaldunei bai D ereduko besteei ezertan ere gutxietsi gabe behar beste baliabide emango baliete, hau da, mintzamena, entzumena, irakurmena eta idazmena ere lantze aldera, orain baino hobeto geundeke? Zer esanik ez lurraldetasunaz, hizkuntzaz, historiaz eta kulturaz zerbait balekite, nortasuna garatuko lukete? Euskararekiko hurbiltzea, alegia?

Australian bertakoen seme-alabak bahitu eta banatzen zituzten hizkuntza eta izaera lapurtze aldera. Asimilazioa.

Kontrako noranzkoan, euskararen denboraren erlojua aurrera doa.

Bada garaia, gauzak agerian eta bere gordinean ipintzeko, beltza zuriaren gainean. Euskararekiko diskriminazio positiboa. Zutuntzeko, saretzeko eta ume euskaldunen hizkuntz eskubideak aldarrikatzeko, bazterketari eta gutxiespenari agur esateko, harro egoteko eta ahalduntzeko ordua. Hizkuntz komunitate euskaldunak sortzeko herrietan nahiz hirietan, batu gaitezen!

Aurrera, ba, “Arnas dezagun” ekimena!